NAIZ

Zarauzko ikurrina ere astinduta, bandera guztiak bereganatu ditu Arraun Lagunak-ek

Arraun Lagunakek denboraldiko bandera guztiak astinduta itxi du Euskotren liga. Hamasei estropadetatik hamabost irabazi ditu, gaurkoan Tolosaldeak egin baitu denbora onena. Atzoko zortzi segundoko errentari esker, baina, ‘Lugañenek’ Zarauzko ikurrina preziatua astindu du.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak garaipena ospatzen.
Arraun Lagunak-eko arraunlariak garaipena ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Pena izan da gaurko estropada ez irabaztea, baina atzoko zortzi segundoak lagungarriak izan zaizkigu eta merezi duen bezala ospatuko dugu». Mar Larrea Arraun Lagunakeko arraunlariak ezin zuen irribarreari ezkutatu, ezin zoriontsuago zegoen estropada bukaeran eta bere adierazpenetan ere nabari zen ‘Lugañene’ eskifaia osoaren zoriontasuna.

Ez da gutxiagorako ere, denboraldiko hamabost banderak astindu baitituzte. Guztiz biribiltzeko, azken estropada irabaztea falta izan zaie. Tolosaldeak denboraldian hainbeste borrokatutakoa erdietsi du, inor baino azkarragoa izatea baina bere garaipena partziala izan da, ez baita nahikoa izan Zarauzko bandera astintzeko.

Handia egin du Arraun Lagunak-ek. Denboraldiak martxa hartu ahala, beren buruari erronka are handiagoak jartzen joan dira eta badirudi, logikoa dela egin duena. Hain erakutsi du nagusitasuna udara osoan zehar... Baina kostako da horrelako zerbait berdintzea: hamabost banderatik hamabost bereganatu dituzte, Martuteneko Lugañene baserrian egongo dira denak. Hauei batu behar zaie liga hasi aurreko Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketetakoak eta adi, hemendik bi astera Kontxako bandera lehiatzen baita. Denboraldi aurreko banderak dauzkate, liga erregularrekoa ere bai eta Championsera begira, hautagai nagusiak dira.

Zortzi segundoko abantaila

Larunbatean, Arraun Lagunakek eskuratutako zortzi segundoak azkenean zinez baliagarriak egin zaizkio, inoizko Euskotren liga luzeenean bandera guztiak astindu ahal izateko, arrauneko historian urrezko hizkiekin txoko bat egiteko. Liga garaipena pasa den astean ziurtatu zuen eta Zarauzko estropadara denboraldiko estropada guztiak irabazteko erronka betetzera iritsi ziren, bai eta ikurrina preziatuena bereganatzeko ere. Izan ere, Zarauzko bandera da, Kontxakoarekin batera, gizon eta emakumezkoen saria parekidea daukan bakarra.

Itsaso bihurria iragarri dute eta lehendabiziko txandan igarri dira korronte eta haizearen eraginak. Igarri da baita ere Tolosaldea ohorezko txandako ontzia dela, oso atzean utzi baititu Hibaika, Cabo eta Tiran eta erlojupekoa jokatu behar izan du. Onena izan da, 11.15.04ko denbora egin du eta ohorezko txandakoentzat erreferentzia ona markatu du.

Liga irabazleari kosta zaio brankako lehendabiziko 500 metroak. Oriok egin du irteera zinez ikusgarria baina azkenerako, indarrak ahultzen joan zaizkiola nabaritu da. Lau segundoko abantaila izatetik bakarrera pasa dira oriotarrak eta ziabogan irteerra ona egin duten arren, bi ontzi donostiarrek aurrea hartu die. Ziagobaren aurretik, estropada apurtzeko intentzioz egin du arraun ‘Lugañenek’, halaxe adierazi du Juan Mari Etxabe entrenatzaileak ere, bere eskifaiaren indargunea nabarmenduz.

Poparean Donostiarra eta Arraun Lagunak parez pare jarri dira, segundo bateko aldea traineru batetik bestera aldatzen zela. Noski, bi hauen erreferentzia nagusia Tolosaldea ere bazen, are gehiago azken metroetan. ‘Lugañenek’ denboraldi osoan erakutsi du azken metroetan ederki estutzen duela eta horrek salbatu dio estropada batzuetan ere –Tolosaldea bera arerio edukita, alboan–. Lortu du txanda irabaztea, Donostiarraren aurretik helmugaratzea baina ez du lortu 11.15.04 minutuko denbora hobetzea. Hala, estropada tolosarrentzat izan da –liga bigarren postuan bukatuta– eta bandera, Arraun Lagunak-entzat (11.18.22).