NAIZ

San Pedrok Cristian Garma patroia fitxatu du, maila mantentzeko kanporaketara begira

San Pedrok Cristian Garma eskarmentu handidun patroia fitxatu du maila mantentzeko kanporaketetara begira. Castroko arraunlaria iaz Santurtzin aritu zen eta aurten Getxorekin beteranoen ABE ligan lehiatu da.

Soterako eskifaia, Garma patroi dela, iazko play-offean.
Soterako eskifaia, Garma patroi dela, iazko play-offean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

San Pedrok eskarmentuaren aldeko fitxaketa egin du Eusko label ligan mantentzeko lehiara begira. Cristian Garma (Castro, 1982) patroi kantabriarra fitxatu du, gorengo mailan talde esanguratsuenetan lehiatutako arraunlaria. Castro, Zierbena, Kaiku eta Astilleron aritu izan da eta iaz, Santurtzirekin lehiatu zen. Hain zuzen ere, Soteraren patroi zela San Pedorekin parez pare lehiatzea egokitu zitzaion, play-offean eta azkenean, Garmaren Santurtzik maila galdu eta ‘Libiak’ igoera erdietsi zuen.

1993an hasi zuen bere arraun ibilbidea Cristian Garmak eta hogeita hamar urteko esperientzia honetan, bi Kontxako bandera bereganatu ditu (2006an Castrorekin eta 2012an Kaikurekin). Aurten, beteranoen liga ABEn lehiatu da Getxoko traineruarekin. 

‘Libiak’ jaitsierako play-offa jokatu beharko du, sailkapen nagusian azkenaurreko postuan baitago eta matematikoki ez dauka beste aukerarik. Gorengo mailara aurten itzuli da Sanpedrotarra eta jaitsiera zuzena saihestea lortu duen arren, oraindik ere gauzak hobetu beharko ditu maila mantentzeko kanporaketan emaitza on bat lortzeko.

Hori ulertzen dute zuzendaritza taldekoek ere, azken fitxaketa hau ikusita. Eusko Label ligara itzuli diren honetan, Gorka Toledo patroia fitxatu zuten baina iritzi dute eskarmentua garrantzitsuagoa izan daitekeela Bermeo eta Portugaleteko uretan lehiatuko duten play-offera begira.

Dena dela, oraindik ere Eusko Label liga erregularreko bi estropada geratzen dira –asteburu honetan, Ondarroa eta Getarian–, Kontxako Bandera eta play-offen aurretik eta baliteke Cristian Garmak ‘Libiaren’ eskifaiaren patroitza egitea.

Gorengo mailara itzuli diren denboraldi hau gogorra izan da San Pedrorentzat, pilatu dituen emaitzei erreperatuta. Bere posturik onena zortzigarrena izan da, Boiroko Banderan lortutakoa, uztail bukaeran. Gainontzeko estropada guztietan, azken hiru postuetan bukatu du –zazpi aldiz hamargarren, launa aldiz azkenaurreko postuan eta azkenekoan–.