NAIZ

Perez Sañudoren ‘Azken erromantikoak’ azaroaren 15ean iritsiko da zinema aretoetara

David Perez Sañudok zuzendutako ‘Azken erromantikoak’ filma azaroaren 15ean iritsiko da zinema aretoetara. Aurretik, Donostiako Zinemaldian egongo da Txani Rodriguezen eleberriaren egokitzapen hau ikusteko aukera, New Directors atalean lehiatuko baita.

Miren Gaztañaga, ‘Azken erromantikoak’ filmean.
Miren Gaztañaga, ‘Azken erromantikoak’ filmean. (ZINEMALDIA)

Donostiako Zinemalditik pasa ostean, David Perez Sañudoren ‘Azken erromantikoak’ azaroaren 15ean estreinatuko da zinema areto komertzialetan. Pelikula Txani Rodriguezen ‘Los últimos románticos’ –Seix Barralek argitaratua, Gaztelaniazko literaturako Euskadi Saria eskuratu zuen 2021ean– eleberrian dago oinarrituta eta Miren Gaztañaga (‘El guardián invisible’) du protagonista. Berarekin batera, Maica Barroso eta Erik Probanza daude antzezle taldearen erdigunean. Filma Euskal Herriko zenbait puntuta filmatu da, eta NAIZ Laudioko errodajean izan zen.

Zinema komertzialera iritsi aurretik, baina, Zinemaldiaren 72. edizioan ikusi ahalko da filma, bere lehen edo bigarren filma aurkezten duten zuzendariei eskainitako New Director atalaren barruan lehiatuko baita. Hain justu, jaialdi donostiarrean aurkeztu zuen bere lehen lana Perez Sañudok: euskal zimenaren Irizar Saria eta Euskal Gidoi Onenarena jaso zituen bertan.

‘Ane’-ren gidoiagatik Gidoi Egokitu Onenaren Goya Saria ere eskuratu zuten Perez Sañudo eta Marina Paresek, eta beraiek izan dira baita ere ‘Azken erromantikoak’ eleberriaren gidoia atondu dutenak.

Irune (Miren Gaztañaga) da filmeko protagonista. Emakume bakarti eta hipokondriakoa da, herri industrial bateko paper lantegian lan egiten duena. Bere harremanak ezagun talde txiki batera mugatzen dira, lankideak, bizilaguna eta Renfeko langile bat, baina bere bizitzak goitik beherako eraldaketa jasango du bularrean kozkoz bat topatzen diotenean.

Filma La Claqueta PC eta Irusoinek ekoitzi dute eta, azaldu dutenez, ‘Azken erromantikoak’ pelikulak gure bizitzetan gerta daitezkeen ustegabeko aldaketez eta bigarren aurkerez hausnartzera darama ikuslea: «Arazoak gainditzeari, kidetasunari eta maitasunari buruzko istorio bat da, gizakiaz eta besteekin ditugun harremanez hausnartzera gonbidatzen gaituena. Eraldaketa sozial eta laborala, iragandako garaien nostalgia edota guraso eta seme-alaben arteko harremanak dira filmean lantzen diren bestelako gai batzuk».