Jon Irazabal, Durangaldearen memoriaren jagole eta kultur eragile handia
Jon Irazabal Agirre Usansoloko ospitalean hil zen ostegun honetan. 1982an hasi zen lanean Gerediaga elkartean. Kudeatzaile lanak egin zituen eta gero, hogei urtean, 2012ra arte, Durangoko Azokako arduraduna izan zen. Bizitza erdia eman zuen Durangaldeko historia, memoria eta kultura ikertzen.
Durangerriaren zaintzaile nagusietako bat hil da. Hamarkada luzeetan Gerediaga Elkarteko kudeatzailea eta Durangoko Azokako zuzendari ere izandakoak hutsune handia utzi du. Eskualdeko historiaren ikerketan eta zabalkundean erreferentzia nagusietako bat izan da», irakur zitekeen atzo Gerediaga elkarteak, Jon Irazabal Agirreren heriotzaren karira, kaleratu zuen oharrean. Bizitza baten laburpen legez, ez da uzta txarra, baina agian zerbait gehitu beharko genioke: Azokaren arduradun legez eman zituen bi hamarkada luzeetan, Irazabalek egindako ekarpenen eraginek eskualdeko mugak gainditu zituzten.
Iurretan jaiotako iurretar peto-petoaren ibilbidea batez ere bi jardunek markatu zuten: bat, historiarekiko pasioa; bestea, Azokarekiko leialtasuna. Lehenengoari dagokionez, oroimen historikoa, ohiturak eta Durangaldeko kulturarekin zerikusia duen guztia aztertu zuen argitaratu zituen hainbat ikerketa lanetan.
Batez ere, 1937ko Durangoren aurkako bonbardaketa faxistaren inguruan egin zituen ikerketek berebiziko garrantzia dute; izan ere, bonbardaketaren inguruan ezer gutxi ezagutzen zen sasoian Irazabalek gertaera ilun hura ahanzturatik atera zuen. «Ekina eta borrokalaria izan da aldi berean. Bere ekiteari esker, Durangaldeak asko daki eskualdearen historiaz», gogorarazi zuen atzo Gerediagak.
Gerra zibila ez ezik, folklorea izan zen bere lanerako gaia. Durangaldeko Ezpata-dantzarien Eguna antolatzen eta sustatzen ekin zuen urte askoan eta Dantzari-Dantza eta Gorularien Dantzak ezagutzera emateko ere lan asko egin zuen. Iaz Iurretako kofradien ibilbidea gogoratu eta duten garrantzia jaso eta gizarteratzeko burutu zen liburuan ere hartu zuen parte.
Azoka handitzen
Euskal Liburu eta Disko Azokari dagokionez, 17 urterekin hasi zen Gerediaga elkartean lanean. Franco hil ondoren etapa berri baten atarian zegoen euskal kulturak, eta Gerediaga elkarteak, kudeaketa profesionalizatzeko asmoarekin, Jon Irazabal gaztea koordinatzaile gisa kontratatu zuen. Aldagai berriak kontuan hartu ziren eta aldaketa estetikoa ere gertatu zen: egurrezko mahai xumeetatik stand-etara. Ordutik ez ziren Gerediaga eta Irazabal banatu.
1982. urtetik 2018ra arte elkarteko kudeatzaile izan zen lehenengo eta historia-teknikari lanetan jardun zuen gero, eta besteak beste, Durangoko Azokako zuzendari lanetan jardun zuen bi hamarkadan. 2011ko abenduan, zuzendari lanean biziko zuen azken Azokaren lehen egunean argitaratu zen elkarrizketan, belaunaldi berriei bidea egiteko prest zegoela aitortu zion GARAri: «1982tik dihardut Azokan lanean, eta orain hogei bat urte hartu nuen, oso modu naturalean, ardura nagusia; zuzendari hitz potoloa iruditzen zait eta 30 urte igaro ostean Azoka zurea dela pentsatzen duzu momentu batean, eta ez, Gerediagarena eta Euskal Herriarena da –zioen–. Neurri batean gauza naturala izan behar da transmisio bat egin eta hurrengo belaunaldiek ardura hartzea. Guk 80ko hamarkadan hartu genuen azoka haur edo gazte bat zen ia-ia, eta pertsona nagusia da gaur, beste beharrizan batzuk dituena. Pauso bat eman beharra zegoen». Horrela egin zuen.
Irazabalek Azokaren zuzendaritzaren lekukoa Aiert Goenagaren eskuetan utzi zuen. Honek urtebete baino ez zuen iraun zuzendaritzan. 2012ko edizioa zuzendu ondoren, Gerediagak ez zion kontratua berritu ondarroarrari eta polemika piztu zuen erabakiak.
Irazabalen hitz hauekin bukatuko dugu: «Azoka, gure ustez, Europako eta munduko edozein nazioren aurrean, lehen mailako legez aurkezteko moduko azoka da: itxuragatik, jendearen erantzunagatik, balio kulturalagatik eta motor ekonomiko legez. Eta kultur topaleku izan behar du, nazioarteko ere izan daitekeena».