Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevue
Itziar Ituño eta Nagore Ugarte
Bilboko Aste Nagusiko pregoilari eta txupinera

«Gustura onartu dut erronka; hori ere badelako, ordainsariak dituen erronka bat»

Ez zaie ardura makala egokitu Itziar Ituñori eta Nagore Ugarteri. Aurtengo Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera dira eta geratu gabe ari dira batetik bestera. Hala ere, atera dute tartetxoa NAIZekin hitz egiteko; aurtengo bizipenez eta karguak dakartzan alde on eta txarrez, besteak beste.

Nagore Ugarte eta Itziar Ituño, udaletxean.
Nagore Ugarte eta Itziar Ituño, udaletxean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Aste Nagusian bete-betean murgilduta daude Itziar Ituño eta Nagore Ugarte, aurtengo pregoilaria eta txupinera, hurrenez hurren. Aktore eta abeslari ezaguna, bata; irakasle eta Txinbotarrak konpartsako kidea, bestea; biek ala biek ilusioz jaso zuten proposamena eta esker ona agertu dute jendearengandik jasotzen ari diren maitasunagatik.

Batetik bestera geratu gabe dabiltza Ituño eta Ugarte egunotan, bateko ekitaldiak eta besteko kalejirak direla. Atera dute, hala ere, NAIZekin hitz egiteko tartea, kalimotxo eta pintxo artean, txupinerei urtero egiten dieten omenaldiaren ostean. Pregoilari eta txupinera izateak suposatzen duen erronkaz, dakartzan gauza onez, ematen ari diren eraso matxistez eta beraiek pairatzen dituztenez aritu dira, besteak beste.

Aste Nagusiaren bide-erdia egina dugu dagoeneko. Zein balantze egin dezakezue momentuz?

Nagore Ugarte: Balantzea oso positiboa da. Balkoitik jaitsi ginen momentutik sekulako harrera izan dugu, animo asko eman dizkigute.

Txupineren urteroko omenaldian gaude eta badaude txupinera asko jazarpena pairatu zutenak aukeratu zituzten momentuan. Aurten pairatu duzue horrelakorik?

Itziar Ituño: Egia esanda, kaleko giroa guztiz kontrakoa izaten ari da. Hamaika musu eta besarkada jaso ditut pregoia euskara hutsean egiteagatik eta hiru pertsona baino ez zaizkit etorri, adinekoak zirenak, euskaldunak ez zirela eta pregoia ulertu nahi zutela esatera. Orokorrean jaso dudan erantzuna guztiz kontrakoa izan da eta oso pozgarria izan da.

Bilbon euskara bazter guztietan aditu dut; agian nire sentsazioa da edo agian txosnagunean gaudelako da, ez dakit. Baliteke mikromundu batean sartuta gaudelako izatea ere.

Giro horretatik kanpo ez dakit egoera berdina ote den, baina ez dit ardura. Nik pentsatzen nuena bota nuen eta feedbacka oso ona izaten ari da.

Beste urte batzuetan txupinerak seinalatu izanak eta beste giro batzuetan zuk, Itziar Ituñok, jaso duzun jazarpenak, baldintzatu du txupinera eta pregoilari izateko proposamena onartzea?

N.U.: Ez gaitu baldintzatzen. Kontrako jarrera agertu duena gutxiengoa izan da; gehiengoak gurekin bat egin du. Ez dugu nabaritzen horrelakorik kalean.

I.I.: Egia da nire kasuan, adibidez, bozkatu egin dela erabakia, beste urte batzuetan egin ez den bezala. Horrek niretzat zerbait esan nahi du, esanguratsua da. Hala ere, denon gustukoa izatea ezinezkoa da eta bakoitzak bere iritzia emateko eskubide osoa dauka, nola ez.

Ni gehiengoak aukeratu banau, horren erantzule sentitu naiz eta gustura onartu dut erronka; hori ere badelako, ordainsariak dituen erronka bat. Mundua ez da arrosa kolorekoa eta batzuetan pentsatzen duzuna esateagatik jazarpena aguantatu behar duzu eta eutsi behar diozu, bai lan arloan, arlo pertsonalean... Batzuetan irainak eta mehatxuak ere izaten direlako.

Nire uste apalean, horren aurrean kikiltzen bazara eta isilarazten bazaituzte, batzuek euren helburua betetzea lortzen dute; aurre egin behar zaie. Beldurra batzuetan egon badago, baina aurre egin behar zaio beldur horri.

Nola jaso zenuten proposamena? Ardurak ala ohoreak pisatzen du gehiago?

N.U.: Ilusiotik, beti esan izan dut ohore bat dela Bilboko Konpartsak ordezkatzea, eta saiatzen ari naiz ahalik eta ondoen egiten, egiten dugun lana plazaratzeko. Izan ere, ez da Aste Nagusian egiten duguna bakarrik, urte osoko lana da. Orain ikusten den hau itzela da eta horrek esfortzu ikaragarria dauka atzetik.

I.I.: Oso kontziente naiz Bilboko Konpartsek aukeratu nindutela eta baita jai batzorde mistoan gizartearen zati bat ordezkatzen duten alderdi politiko jakin batzuek ere. Horrek ardura puntu bat ematen du, beste herritar huts bat naizelako, nahiz eta bizitzak bozgorailu bat eman didan, erabiltzen saiatu naizena aldarrikapenak plazaratzeko.

Ardurarekin batera nerbioak ere badaude, horrenbeste jenderen aurrean hitz egiteak beldurra ematen duelako. Bestela, ohore handia da, eta poza, trukean jasotzen ari garena maitasuna delako, kiloka. Horrek ez dauka preziorik.

Laugarren urtea da jarraian pregoilaria emakumezkoa dena; hau da, Aste Nagusiko hiru ikurrak, pregoilaria, txupinera eta Marijaia bera emakumezkoak direna. Hala ere, egunero daukagu eraso matxistaren baten berri. Zuek ere pairatzen ari zarete?

N.U.: Bai. Lotsagarria eta tamalgarria da 2024 batean oraindik horrela ibiltzea. Egunero entzun behar ditugu «zein politak zaudeten!», «zelako neska politak!», «begira neska gazte polit hauek!» eta antzeko komentarioak. Eta, politak bagara, baina baita zerbait gehiago ere.

I.I.: Bagara ausartak, azkarrak, jatorrak eta, tokatzen denean, baita beldurgarriak ere, badakigu kresta jartzen.