Etorkizunekoen Tourrak erakutsi du badagoela etorkizunik euskal txirrindularitzan. Eneritz Vadillo bizkaitarrak hirugarren amaitu du lasterketaren bigarren edizioa, Finestre mendate luze bezain gogorrean postu bera eskuratu eta gero.
Gorlizekoak aurretik dagoeneko tropelean ezagunak diren bi txirrindulari baino ez ditu izan. Marion Bunel frantziarra, zein aurreko astean amaitutako Tourrean 17. postuan sailkatu zen, azken egunean, Alpe D'Huezen, izar handiekin luze iraun eta gero. Bigarren postuan amaitu du Isabella Holmgrenek, 2022an, junior mailan, ziklokroseko munduko txapelduna izan zena eta errepidean ere bide egiten ari dena.
Etorkizunekoen Tourreko azken etapa Italian lehiatu da, Bobbio Pelicen abiatu eta Finestre mendate erraldoian amaituta. Bederatzi laguneko ihesaldi bat abiatu da aurretik. Tartean Idoia Eraso nafarra eta Afganistanetik ihes egin eta txirrindularitza munduan bere tokia egiten ari den Fariba Hashimi. Azken hau izan da buruan gehien eutsi duena.
Bi minutu eskasekin iritsi dira mendatearen magalera eta faboritoek lasterketa gogortzearekin batera inolako aukerarik gabe geratu dira.
Atzetik, Finestre hastearekin batera, frantziar selekzioa hasi da erritmoa jartzen, lider eta faborito nagusi zen Bunelentzako lanean. Erreleboa hartu dio Vadillok berak, Paula Blasi taldekidearekin batera, tropela txikituz. Bunel, Holmgren, Josie Nelson ingelesa eta Eline Jansen baino ez dira erritmoari eusteko gai izan.
Behin zuloa eginda, Bunelek erasoa jo du eta ez du aurkaririk izan Finestreko harbidean, ihesalditik zetozenak banan-banan gaindituz. Bakar bakarrik abiatu da helmugarantz. Holmgren helmugaratu da bigarren. Blasi eta Vadillo elkarrekin helmugaratu dira, hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren.
Vadillok bosgarren postuan ekin dio etapari eta podiumeko postuak lortzeko Julie Bego frantziarra eta Nicole Steinmetz estatubatuarra gainditu behar zituen. Bego Bunelentzako lanean agertu da Finestreko lehen kilometrotan eta ezin izan dio bizkaitarrak proposatutako erritmo aldaketari erantzuna eman. Estatubatuarra ere ez da aurreko egunetan emandako maila berresteko gai izan eta gorliztarra aldiz onetik hobera egin du egunez egun, azkenerako podiumeko tokia harrapatuaz.