«Europan gure koloreengatik gara ezagunak, hori da Valecearen zigilua»
Valecea piroteknia arabarreko gerentea da Aitor Valdecantos, enpresa kudeatzen duen bosgarren belaunaldikoa, hain zuzen ere. Bilboko Aste Nagusian lehiaketaz kanpoko emanaldia eskaini dute, Valdecantos bera epaile aritu baita Bilbao Hiria Su Artifizialen Nazioarteko XXXII.
Badirudi ez daukala beste toki batzuetan izan ohi duen izena, baina Bilbao Hiria Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa gero eta pisu handiagoa hartzen ari da Bilboko Aste Nagusiko egitarauan. Izan ere, Euskal Herrian egon badago tradizio piroteknikoa.
Horren adibide da Valecea piroteknia arabarra. Euskal Herrian geratzen den bakarrenetakoa da eta, Aitor Valdecantos gerenteak NAIZi azaldu dionez, ia 150 urte ditu enpresak.
Valeceak emanaldia eskaini zuen bart Bilbao Hiria Su Artifizialen Nazioarteko XXXII. Lehiaketatik kanpo; izan ere, Valdecantos bera epaile aritu da lehiaketan.
Epaimahaiak La Rosa International Fireworks pirotekniari saria eman zion atzo bertan. Siziliatik etorritakoa da eta ostiralean, hots, abuztuaren 23an eskaini zuen ikuskizuna. Valentzia, Belgika, Kolonbia, Herbehereak, Kanariak, Mexiko eta Siziliatik etorritako piroteknia konpainiei gailendu zaizkie italiarrak.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Itziar Urtasun Jaietako zinegotziarekin batera, saria emango du gaur, 12.00etatik aurrera La Bilbainan egingo duten ekitaldian. Honako hauek osatu dute epaimahaia: Itziar Urtasun Jaietako zinegotzi eta Jaietako Batzorde Mistoko lehendakariak; Begoña Escribano Musika-Musikako eta Gau Zuriako zuzendariak; Raul Cancedo Hortzmuga antzerki konpainiako zuzendari artistikoak; Carmelo Lezama El Corte Ingles-eko ordezkariak; Rosa Pardo Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko ordezkariak; Antonio Barrena “El Correo”-ko ordezkariak; eta Jose Maria Amantes Bilboko Konpartsetako ordezkariak. Jone Larrazabal, Jaietako zuzendaria, epaimahaiko idazkaria izan da, eta Valdecantos aritu da aholkulari lanetan, pirotekniaren alorrean aditua izaki.
Jai egunak lanaldi bilakatu bazaizkio ere, tartea atera du GARArekin solasean aritzeko, Valecea konpainiaz, pirotekniaren sektoreaz eta, nola ez, baita Bilbao Hiria Su Artifizialen Nazioarteko XXXII. Lehiaketaz ere.
Euskal Herria ez da Valentzia, baina, errotuta al dago tradizio piroteknikoa?
Bai, gaztelaniaz esaten duten moduan, ‘unos cardan la lana y otros llevan la fama’; hau da, horren ezagunak ez izateak ez du esan nahi lanean ari ez garenik. Gure kasuan, gainera, Estatu espainolean dauden enpresen artean antzinakoenetakoen artean gaude. Izan ere, laster, 2026an 150 urte beteko ditugu.
Astondoa piroteknia itxi zuten. Horrek esan nahi du Valecea dela Hego Euskal Herrian geratzen den piroteknia bakarra. Zer suposatzen du horrek zuentzat?
Batetik, geratzen den azken enpresa izatea ohorea da. Beste alde batetik, presioa ere bada, enpresa mota honen presentzia mantendu behar dugulako Hego Euskal Herrian. Neurri handi batean, hemen jarraitzen badugu, historikoki fabrikatzaileak ere izan garelako da, fabrikatzen duzunean salmentarako aukera gehiago dauzkazulako. Une honetan Valeceak zortzi herrialdetan saltzen du. Horri esker, adibidez, pandemian zehar beti zegoen norbait erosteko prest. Hori da fabrikatzaile izateak gaur egun daukan abantaila. Astondoa, ordea, ez zen fabrikatzailea, eta, ikuskizunek behera egin zutenean, arazo handia izan zen haientzat.
Valeceako bosgarren belaunaldia zarete. Ba al dago ordezkoa hartuko dizuenik enpresan eta sektorean?
Bai, gaur egun pirotekniak tiradizo handia izaten jarraitzen du eta badago honetan lanean aritu nahi duen jendea.
Apur bat eguneratu beharra dago. Bada denbora guk ‘Su lagunkoiak’ produktu sorta atera genuela, elkarbizitzaren mesedetan. Izan ere, mendez mende iraun du elkarbizitzak eta ez diogu orain utziko. Badagoela jendea soinu gabeko ikuskizunak nahiago dituena? Bada, egiten ditugu. Egia da ez dela soinurik gabeko ikuskizunik existitzen, baina bai sonometria baxukoak.
Zerk desberdintzen ditu Valecearen ikuskizunak gainerako piroteknien emanaldiez?
Batez ere koloreak desberdintzen gaitu. Kolore biziak dauzkagu, gama oso zabalekoak. Guk geuk egiten ditugu... Europan gure koloreengatik gara ezagunak, hori da Valecearen zigilua.
Atzo, larunbata, erakusketa ikuskizuna eskaini zenuten Bilboko Aste Nagusian. Zer nabarmenduko zenuke?
Erakusketa ikuskizunetan egin behar dena joera berriak ezartzen saiatzea da, hori da xedea. Emanaldian ez genituen 15 minutu horiek errespetatu, laburragoa egin genuen. Bereziki zaindutako ikuskizuna izan zen. Piroteknian egin daitezkeen gauza konplexuagoak erakutsi genituen.
Epaile izan zara Bilbao Hiria Su Artifizialen Nazioarteko XXXII. Lehiaketan. Balorazio orokor bat egin zenezake?
Bilboko Udalak nazioarteko apustu indartsua egin du. Zehazki, bi enpresa egon dira oso interesgarriak. Horietako bat Mariposa piroteknia eta, bestea, Reyes piroteknia; lehena kolonbiarra da, eta bigarrena mexikarra. Mariposari harrera beroa egin zioten, Etxebarria parketik ikusi zitezkeen Kolonbiako bandera erraldoiak. Bilbao Hiria Su Artifizialen Nazioarteko XXXII. Lehiaketa garrantzi handia hartzen ari da nazioartean. Ikusi besterik ez dago Kolonbiatik eta Mexikotik etorri direla enpresak. Lehiaketak daukan maila izango ez balu, planteatu ere ez lukete egingo.