NAIZ

Kaleko saltzaileek Bilboko Konpartsen bandera urdina jaso dute eta Bizkaiko Ogasunak, marroia

Bilboko Konpartsek Mbolo Moye Doole elkarteari eman zioten atzo aurtengo bandera urdina, Aste Nagusiko onenari urtero egiten dioten aitortza. Aldiz, joera desegokia erakusten duenarentzat den bandera marroia Bizkaiko Foru Ogasunarentzat izan da, Ticketbai sistema derrigorrez ezartzeagatik.

Mbolo Moye Doole elkarteak jaso zuen konpartsen bandera urdina.
Mbolo Moye Doole elkarteak jaso zuen konpartsen bandera urdina. (BILBOKO KONPARTSAK)

Bandera urdina eta marroia banatu zituzten larunbat honetan Bilboko Konpartsek, urtero federazioak, hurrenez hurren, jaiak lagundu eta oztopatu, jaien aldeko eta kontrako ekarpena egin dutenak nabarmentzen dituzten sariak.

Bandera urdina Senegalgo migratzaileen Mbolo Moye Doole elkarteko lagunentzat izan da, Bilboko kaleko saltzaileekin «elkartasun eta elkar babes harreman polita garatu dugu azken aldian, eta jazarritako kolektibo honen ordezkari jatorrak nabarmendu nahi izan ditugu bandera urdinarekin». Haien izenean, Boubacar Diouf elkarteko kideak jaso zuen bandera.

Bandera marroia, bestalde, Bizkaiko Foru Ogasunarentzat izan da, «Bizkaiko jai batzorde eta herri mugimenduetako txosnei Ticketbai sistema derrigorrez eta modu itsuan ezarriz, herri jaiak oztopatu eta kaltetzeko egindako ahaleginagatik». «Ez dira jasotzera etorri, baina lasai egon daitezela: nahi badute, bandera bidaliko diegu, fakturarekin, noski», azaldu du Bilboko Konpartsak Federazioak ohar batean.

Palmada Saria ere banatu zuten, konpartsen arteko lehian, Aste Nagusian ahalik eta ekitaldi gehienetan ibilita, berebiziko parte-hartzea izan duen konpartsa nabarmentzeko asmatutako saria dute. 2024ko aukeratua Altxaporrue konpartsa izan da.

Horiez gain, piraguen sariak ere banatu zituzten konpartsei dagokienez. Piztiak lehenengo postuan geratu da eta Aixeberri bigarrenean.