NAIZ

Hibaikako gizonen taldeak uko egin behar izan dio Kontxako sailkapen estropadari

Arraunlari baten lesioak ezinezkoa egin du Errenteriako taldeak legediak eskatzen duen 14 seniorren baldintza betetzea eta ezin izango dira ureratu, antolatzaileek ez dutelako gazte mailako arraunlaririk onartzen.

Hibaikako gizonen taldea, entrenamendu bateko irudi batean.
Hibaikako gizonen taldea, entrenamendu bateko irudi batean. (Dani NOVAS/HIBAIKA.COM)

Izena emanda bazegoen ere, Hibaika Arraun Elkarteko gizonen taldea ez da asteazken honetan Kontxako Banderaren sailkapen estropadan, arraunlari baten lesioak ezinezkoa egin baitie Donostiako probaren antolatzaileek eskatzen duten 14 arraunlari seniorretako eskifaia osatzea. Errenteriako arraun elkarteko arraunlariek prentsa-adierazpen bat zabaldu dute gertatutakoa azaltzeko.

Oharrean agertzen dutenez, «aurtengo denboraldian, 20 arraunlarik eta bi patroik osatu dugu taldea. Horietatik hamahiru senior mailakoak dira, eta gainontzekoak, berriz, gazte kategoriako lehenengo eta bigarren urteko arraunlariak. Kontxako Banderaren araudiak, gizonen kategoriako arraunlari guzti-guztiak senior mailakoak izatea ezinbestekoa jotzen du, patroiaren kasuan izan ezik; azken hori gazte mailakoa izan daitekeelarik».

Hori horrela, Hibaika taldean dituen nagusi mailako arraunlari guztiak itsasoratzera behartuta zegoen, baina kirolari baten lesioak hankaz gora jarri ditu errenteriarren asmoak, ezinezkoa baitzaile 13 arraunlari seniorreko eskifaia osatzea. «Taldeak lehentasuna eman dio, noski, lesionatutako arraunlariaren osasunari, eta hori horrela aurtengo Kontxako sailkapen estropadarako izen-ematea bertan behera utzi du arraun elkarteak».

Hibaikaren zuzendaritza Kontxako Banderaren antolatzaileekin harremanetan jarri bada ere, ezin izan da aterabiderik aurkitu, araudia argia baita gaiaren gainean. «Hala ere, gertatutako honek elkarteek, gugandik hasita, ligek eta estropaden antolatzaileek arraunaren egungo egoeraren gaineko kontzientzia hartzeko balio dezan nahi dugu. Izan ere, hainbat izan gara gazte mailako arraunlariei esker aurre denboraldian entrenatzeko aukera izan dugun arraun taldeak, edota liga denboraldi betean aritu ahal izateko kirolari-zerrenda gazte mailako arraunlariekin osatu dugunok», gaineratu dute.

Entrenatzaileari aitortza

Era berean, Errenteriako arraun elkarteako arraunlariek plazaratutako oharra aprobetsatu nahi izan dute aurten entrenatzaile izan duten David Iglesiasen lanari aitortza publiko bat egiteko. «Ikaragarria izan da egin duen esfortzua eta itzela trainerua osatzen dugun guztiongan jarri duen konfiantza, gutariko bakoitzaren onena ateratzeko; entrenatzaile bikaina izatea zer den argi erakutsi digu. Eta hori, aintzat hartuta, aurre denboraldian askotariko oztopo eta zailtasunei aurre egin behar izan diegula. Taldean jarraitzea espero dugu, baita gugatik egin duen guztia itzultzeko aukera izango dugula ere».

Era berean, behin denboraldia amaituta, «erakundeei, babesleei, Hibaika Arraun Elkarteari, eta noski gure familiei, zaleei eta Errenteria-Oreretako herriari esker ona adierazi nahi diogu uneoro erakutsi diguten babesarengatik».