Merkataritza gerra auto elektrikoetatik harago doa
AEBek eta EBk muga-zerga handiak jarri dizkiete Txinako auto elektrikoei, haiekin lehiatzeko gaitasunik ez dutelako. Europak esnekiei eta txerriei ematen dizkien laguntza publikoei buruzko ikerketekin erantzun du Beijingek. MMEra ere jo du, nahiz eta erakunde hori geldirik daukan mendebaldeak.
2023ko laugarren hiruhilekoan BYD konpainia txinatarrak Tesla tronutik kendu zuen, munduko ibilgailu elektrikoen fabrikatzaile nagusi gisa. Txinako industriaren indarrak erakusten du lidergo aldaketa hori, mendebaldeko konpainiak baino auto hobeak eta merkeagoak eskaintzen baititu. Lehiakidearena norberaren ekoizpena baino askoz indartsuagoa zenez, mendebaldeko herrialdeek muga-zergak ezarri zituzten euren ekoizpena defendatzeko edo denbora irabazteko. Maiatzaren 14an Joe Bidenek iragarri zuen abuztuaren 1etik aurrera %25etik %100era igoko zirela Txinako ibilgailu elektrikoen inportazioaren muga-zergak.
Handik gutxira, Europako Batasunak %19,3tik %38,1era bitarteko muga-zergak iragarri zizkien auto txinatarrei, automobil konpainiak Europako ikerketarekin zenbateraino lagundu zuen kontuan hartuta. Pasatu den astean Bruselak puntu bat baino gehixeago jaitsi duela aditzera eman du. Murrizketa hutsala, minimoa %17an eta maximoa %36,3an utzi baitu jaitsierak. Karga espezifiko horiei, gainera, automobil elektrikoei %10 orokorra gehitu behar zaie, eta, beraz, auto txinatarrak asko garestituko dira.
Europako Batasunak baieztatu duenez, enpresa mistoek Asiako enpresa lotuaren muga-zerga bera izango dute. Hala ere, Txinan osatutako Tesla autoen gaineko zerga %9koa baino ez da izango. Desberdintasuna justifikatzeko aitzakiaren bat aurkitu omen dute Bruselan.
Ez dirudi Txinako Gobernuak ulermenerako pausotzat jo duenik beherapena; izan ere, joan den astean Europako esnekiek dirulaguntzak jasotzen ote dituzten argitzeko ikerketa bat abiatu du Beijingek. Aurretik, Europako txerriaren inguruan beste ikerketa bat abiatu zuen, eta Estatu espainolari eragiten dio bereziki. Hain zuzen ere, Madril eta Paris Txinako auto elektrikoen muga-zergak mantentzearen aldekoak dira. Alemania eta Suedia, ordea, aurka daude. Esnekien ikerketak Europako herrialde askori eragiten die, bereziki Irlanda, Austria, Belgika, Italia, Kroazia, Finlandia, Errumania eta Txekiar Errepublikari.
Txinako agintarien arabera, Europako esne ekoizpenak hogei subsidio partida jasotzen ditu, besteak beste, kontserbazio ekologikorako lerroak, produktuak biltegiratzeko eta landa garapenerako dirulaguntzak. Zerrenda horren arabera, nekazaritza politikako programa guztiak laguntza publikotzat har daitezke. Doktrina neoliberalak puntu honetara ekarri du eztabaida.
MME-ren paralisia
Txinako kontraerasoa ez da mugatu merkantzia jakin batzuentzako laguntza publikoei buruzko ikerketak egitera. Halaber, Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) barruan kexa bat aurkeztu du EBk inposatu dituen zerga-mugen inguruan, eta eztabaida bat planteatu du Inflazioa Murrizteko Lege estatubatuarrari buruz. Lege horrek izugarrizko dirulaguntza publikoak aurreikusten ditu, ibilgailu elektrikoentzat barne.
AEBetako ordezkariak blokeatu egin du lehen instantzian gai horri buruzko panel bat sortzea, baina jada ez du beto gaitasunik izango hurrengo saiakeran. AEBetako ordezkariak energia garbien eta klima aldaketaren arloko ekintza gisa aurkeztu zuen legea. Txinako ordezkariak, berriz, ez du horregatik legea kritikatu. Bere salaketa nagusia izan zen, laguntzak ematean, diskriminazioak sortzen direla.
Martxoan Beijingek MMEra eraman zuen kasua, aldebiko kontsultetan akordiorik lortu ez zutelako. Desadostasunak Konpontzeko Organoan panel hori martxan jarri arren, berriro blokeatuta gera liteke erabakia, azken instantzia Apelazio Organoa baita. Auzitegi honek urteak daramatza funtzionatu ezinik, AEBek betoa jarri baitiote epaileen izendapenari.
Nazioarteko merkataritza arautzeko sortutako erakundeak egun ez du bermatzen mendebaldeko nagusitasuna. Horregatik geldi dago. Arauetan oinarritutako ordena ospetsuaren beste adibide bat.