NAIZ

Mont Blancen zendu zen Markel Galdosen gorpua asteazkenean da Oiartzungo beilatokira iristekoa

Lezon bizi zen Mikel Etxezarraga usurbildarrarekin batera Mont Blancen zendu zen Markel Galdos oiartzuarraren gorpua asteazkenean da iristekoa herriko beilatoki publikora eta hurrengo egunean dira haren hurbilekoak agurra egitekoak, Udalak jakinarazi duenez.

Mikel Etxezarraga eta Markel Galdos, aurrez eginiko irteera batean.
Mikel Etxezarraga eta Markel Galdos, aurrez eginiko irteera batean. (Utzitakoa)

Ohar baten bitartez, Oiartzungo Udalak jakinarazi du Mont Blancen zendu zen Markel Galdosen gorpua asteazkenean iristea herriko beilatoki publikora eta, «printzipioz», ostegunean egingo diote agurra hurbilekoek eta kide zen elkarteetako lagunek.

Harekin batera zendu zen Mikel Etxezarraga, Usurbilgoa eta Lezoko Altamira auzoan bizi zena. Haren kasuan ez dago baieztatuta noiz iritsiko den, baina litekeena da egun berdintsuetan gertatzea.

Galdos Euskal Herriratzeko tramiteak amaituta, jasotako babesa eta goxotasuna eskartu nahi izan ditu haren sendiak: «Albistea zabaldu bezain laster atsekabea herri osoan hedatu zela jakitun gara eta, herritar eta lagun ugari hurbildu zaigu. Bihotzez eskertu nahi dugu herritarrek emandako maitasuna».

Komunikabideei ere esker ona adierazi diete beren intimitatea errespetatzeagatik eta ostegunerako ere gauza bera eskatu dute, herriak eta hurbilekoek egingo dioten aurra baita.

Beilatokian sor daitezkeen trafiko gorabeherak ekiditeko, hurbildu nahi dutenei, ahal den neurrian, oinez gerturatzeko deia egin die Udalak.

Gurutze auzoko festak, bertan behera

Era berean, asteburu honetan eta hurrengoan ospatzekoak ziren Gurutze auzoko festak bertan behera uztea erabaki du Jai Batzordeak, «herri osoaren eta, batez ere, auzotarren saminarekin bat eginez».

«Auzoko gazte inplikatua» izanik, Galdos festak antolatzeko lanetan buru-belarri lanean ari zela nabarmendu du Udalak.