Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevue
Iker Sastre
Mahai tenis egokituko kirolaria

«Domina olinpikoa falta zait nire ibilbide profesionalean eta horretarako borrokatuko dut»

Iker Sastre (Bilbo, 1977) mahai-tenis egokituko kirolaria da eta bere bigarren hitzordu paralinpikoa izango du Parisen. Ostegun honetan hasiko da lehian, MD4 mailako binakakoan. Banaka ere arituko da, urritasun fisikoko C2 mailan. Espainia, Europa eta Munduko txapelketetan dominak pilatu ditu.

Iker Sastre, mahai tenis egokituko kirolaria.
Iker Sastre, mahai tenis egokituko kirolaria. (BASQUE TEAM FUNDAZIOA)

Iker Sastre bilbotarra kirolzale amorratua da –bai eta athleticzalea ere–. 23 urte zituenean surf egiten ari zela, kolpe latz batek bizitza aldatu zion, baina, hala ere, kirolarekiko pasioarekin jarraitu zuen. Aulkiko saskibaloia, padela, eskia, igeriketa, bela edo parapentea... kirol asko probatu zituen bizkaitarrak, baina mahai-tenisak erakarri zuen. Ia bi hamarkada daramatza mahaiaren atzean eserita, Fekoor klubean, eta Basque Team Fundazioko bekaduna ere bada.

Ia 50 domina ditu nazioartean. Horietatik guztietatik nabarmentzekoak dira taldeka Europako txapelketetan lortutako hiru brontzeak (2013, 2015 eta 2019), Munduko txapeldunorde titulua (2022) eta Miguel Angel Toledorekin batera bikoteka eramandako zilar kontinentala (2023). Bakarra falta zaio, agian bereziena, «olinpiar domina», eta emaitza on baten bila abiatu da Parisko Joko Paralinpikoetara. Tokion izan zen bere estreinakoa kirol ekitaldi garrantzitsu honetan, baina asmoak oso desberdinak ziren, orduan «disfrutatzera» joan baitzen. Binakakoan diploma olinpikoa bereganatu zuen, eta orain, hiru urte geroago, eskarmentu gehiago pilatuta, «domina lortzeko» borroka egingo du. Etzi, ostegunean, hasiko du lehia, binakakoan, MD4 mailan, Angel Toledo madrildarrarekin batera. Banaka, urritasun fisikokoko C2 mailan jokatuko du eta irailaren 1ean hasiko du txapelketa.

Parisera bidaiatu aurretik NAIZen deia jaso du, eta elkarrizketa honetan nabarmendu du «oso luzea» izan dela sailkapen fasea. Bi urtez luzatu da eta arazo fisikoak ere gainditu behar izan ditu –kirofanotik ere pasatu behar izan zuen–. «Baina ondo hasi genuen eta hobeto bukatu dugu», Txekiar Errepublikako Irekian urrea kolkoratu baitzuen, binakakoan.

Nola zaudela iruditzen zaizu Parisko hitzordu garrantzitsu honetarako?

Sentsazio ezberdinak ditut. Txekiar Errepublikako Irekian urrezko domina lortu genuen binaka [Angel Toledorekin bikotea osatuz], eta oso pozik nago. Bi aste lasai eman ditut eta sentsazio onak hartzen jarraitu dut. Gogotsu nago, nire bigarren paralinpiar jokoak dira-eta. Tokion egin nuen debuta, eta badakit zer den horrelako kirol ekitaldi batean lehiatzea. Beraz, orain apur bat serioago noa, emaitzak lortzeko helburuarekin noa.

Bigarrenez arituko zara Paralinpiar Jokoetan, mahai-tenis egokituan. Nolakoa izan zen Tokioko estreinakoa?

Duela hiru urteko Paralinpiar Jokoak apur bat ezberdinak izan ziren. Han ez zegoen publikorik, eta, nire aldetik, sailkapena ere oso zaila izan zen. Azken txapelketa amaitu zenean, oraindik ez nekien barruan geunden edo ez. Oso zaila izan zen sailkatzea. Lortu genuenean, bertara joan ginen eta bizipen ezberdina izan zen. Oso pozik, txapelketa berezia baita. Han pilatutako bizipenak oso politak izan ziren, nahiz eta publiko gabe jokatu. Asko disfrutatu nuen.

«Azken bi urte hauek luzeak izan dira, kirofanotik ere pasatu nintzen, arazo fisiko batzuk zirela-eta»

Aurten emaitzen bila joango zarela aipatu duzu. Zein asmo dituzu?

Nire asmoa da nire bertsiorik onena ematea. Horrez gain, nire nahi handiena domina bat irabaztea da. Oraindik irabazi ez dudan domina bat da. Espainiako, Europako eta Munduko txapelketetan dominak lortu ditut, baina olinpiar domina falta zait nire ibilbide profesional honetan. Domina eskuratzeko borrokatuko naiz.

Aurten Parisko Paralinpiar Jokoetako sailkapenerako lehen txapelketa puntuagarria Egipton izan zenuten urtarrilean. Hasiera bikaina izan zenuen, zilarra kolkoratu zenuen binakakoan, eta banakakoan finalerdietara iritsi zinen.

Sailkapen fasea luzea izan da, txapelketa ugarirekin. Egipton bikain aritu ginen, eta oso ondo amaitu dugu Txekiar Errepublikan, urrearekin. Pozik nago. Azken bi urte hauek luzeak izan dira. Kirofanotik ere pasatu nintzen, arazo fisiko batzuk zirela-eta. Oraindik eta gogorragoa izan da bi urteko sailkapen epe hau, baina ondo hasi eta hobeto bukatu dugu.

Lehiaz harago, Parisez disfrutatzeko aukera izango duzu?

Ez dakit [barrezka]. Zaila izaten da tarte libreren bat aurkitzea. Parisera kuadrilla etorriko da, familia ere etorriko da, baita neska laguna ere. Alde horretatik babestuta nago. Beraiek ikusteko aukera izango dut, eta horrekin nahikoa izango dut. Harmailan ikustea maite dituzun pertsona guztiak, niretzat gauza handia da. Beraiengatik borroka egingo dut, eta ea Euskal Herrira domina bat ekartzen dudan. Eta lortzen ez badut, baina gauzak ondo eginez gero, harro itzuliko naiz.