Hamar urte baino gehiagoko esperientzia baliatuz eta hamaika erreklamazio kudeatu ondoren, bidaiariek ez dituztela ezagutzen hegaldi bat erosteak dakartzan eskubideak egiaztatu dute Erreklamatu taldean. Eta horiei laguntza eman nahiean, zerrenda bat osatu dute, puntu garrantzitsuenak bilduz.
Hegaldia bertan behera geratzen bada, overbookinga edo atzerapenak gertatzen badira, edo ekipajearekin arazoren bat balego, aholku hauek oso baliagarriak lirateke bezeroen eskubideen alde egiteko.
- Bezeroaren hegaldia bertan behera uzten badute, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea du
Erreklamatuk aipatzen duenez, hegaldi bat bertan behera geratzen denean, aire-konpainiek ordezko hegaldiak edo txartelaren prezioa itzultzea eskaini behar dizkiete bidaiariei. Baina jakin behar da aurrekoaz gain kalte-ordain ekonomikoa jasotzeko eskubidea ere baduela, betiere hegaldia bertan behera utzi izanaren arrazoia konpainiari egozten bazaio.
Kalte-ordaina bertan behera utzitako hegaldiaren distantziaren araberakoa da:
- 1.500 km baino gutxiago: 250€ bidaiari bakoitzeko.
- 1.500 eta 3.500 km artean: 400€ bidaiari bakoitzeko.
- 3.500 km baino gehiago: 600€ bidaiari bakoitzeko.
Kopuru horiek Europar Batasunak jarriak dira eta munduko edozein tokitan bete beharrekoak dira, betiere aire- konpainiak egoitza Europan badu. Egoitza beste kontinenteetan duten konpainien kasuan, kalte-ordainak aplikatzen dira hegaldia Europar Batasunean aireratu edo lurreratzen bada.
- Beste hegaldi bat eskaintzen ez badiote bezeroari, norberak erosi eta aire-konpainiak ordaindu beharko dio
Aurrekoa bezalako egoeretan, batzuetan aire-konpainia ez da arduratzen bidaiariez eta ez die eskaintzen helmugara iristeko beste hegaldirik. Horrelakoetan, Erreklamatuk planteatzen duenez, zeure kasa moldatu eta beste ticket bat lortu beharko duzu.
Nolanahi ere, bidaia horretako faktura guztiak gorde, geroago horien dirua itzultzea eskatu ahal delako hegaldia bertan behera utzi duen konpainiari.
- Bezeroak egin ez dituen jarduerengatik kalte-ordaina jasotzea
Batzuetan, hegaldi bat bertan behera utzi edo atzeratzearen ondorioz erabiltzaileak galduko ditu kontratatuta zeuzkan zerbitzu batzuk: hoteleko gauak, txangoak, ibilgailuen alokairua, ikuskizunetarako sarrerak... Egoera horietan, kalte-ordaina eska daiteke gorabeheraren ondorioz eginda ez dauden jardueren balioa bezainbeste, baldin eta fakturak eta ordainagiriak aurkezten badira.
- Kalte-ordainerako eskubidea overbookinga gertatzen denean
Overbooking-a gertatzen denean, aire-konpainiek konpentsazio aukera zabala eskaintzen diete kaltetutako bidaiariei: hegaldiak, business class-eko txartelak, aurreragoko bidaietarako puntuak... Jakin beharrekoa da, kasu honetan bezero bakoitzaren eskubideak hegaldia bertan behera geratzen deneko berberak direla. Hau da, aire-konpainiek beste hegaldi bat eskaini behar dute eta, horrekin batera, 250, 400 edo 600 euroko kalte-ordaina eman, kontratatua zegoen hegaldiaren distantziaren arabera.
- Kalte-ordaina jasotzeko eskubidea atzerapen handia gertatzen denean
Atzerapen handiak gertatzen direnean, hau da, hegaldia bere iritsiera-ordua baino hiru ordu beranduago iristean denean, adibidez, 250, 400 edo 600 euroko kalte-ordain ekonomikoa jasotzea dagokio bezeroari, betiere hegaldiaren distantziaren arabera. Era berean, atzerapenagatik ondorengo hegaldia galdu badu, konpainiak ordezko garraiobide bat jarri beharko dio.
- Hegazkinaren iritsiera-ordua ateak zabaltzen diren unea da
Hegaldi batek hiru ordu edo gehiagoko atzerapena izan duen zehazteko, funtsezkoa da jakitea hegazkina helmugara noiz iritsi den. Hau da aireportura iritsi den une zehatza jakitea, hegazkina lurreratzen denetik bidaiariek aireportutik alde egin arte denbora luzea igaro daitekeelako. Jakin behar da hegaldiaren iritsiera-ordua, hegazkineko ateak irekitzen diren unetik kontatzen dela.
- Laguntzarako eskubidea hegaldiak bertan behera uzten direnean edo «overbookinga» edo atzerapena dagoenean
Hegaldia bertan behera utzi badute, overbookinga gertatu baldin bada edo hiru ordu baino gehiagoko atzerapena izan bada, litekeena da ordu asko eman behar izatea aireportuan sartuta gorabehera konpondu arte. Hori horrela, hegazkin- konpainiak edatekoa, jatekoa, ostatua (behar bada) eta bertara joan eta etortzeko garraioa jarri behar dizkizu, eta bi telefono-dei edo mezu elektroniko bat bidaltzeko aukera eman.
Halakoetan, hegazkin-konpainiak bezeroaren egoeraz ezer jakin nahi ez badu eta bezeroak berak beraren gain hartu behar baditu gastuak, fakturak gorde egin behar dira, dirua itzultzea eskatu daiteke eta.
- Hegaldiaren erreklamazioa egiteko bost urteko epea du bezeroak
Hegaldia bertan behera uzten badute, overbookinga edo atzerapen handiak gertatzen badira, bezeroak eskubidea du ordezko hegaldi bat emateko edo hegaldiaren txartelaren dirua erreklamatzeko, bai eta gorabehera horrek sortu dizkion gastuak ordaintzeko ere. Gorabeheraren erantzulea hegazkin- konpainia baldin bada, bezeroak kalte-ordain baterako eskubidea ere badu.
Kalte-ordaina lortzeko, jakin behar da bost urteko epea duela bezeroak, baina Erreklamatu taldearen gomendioa bidaiatu ondorengo asteetan egitea da, horrela beharrezkoa den dokumentazio guztia eskura izango duelako bezeroak.
- Konpentsazioa, ekipajea galtzeagatik edo berandu entregatzeagatik
Hegaldia helmugara iritsita badago, baina maleta ez bada agertzen aireportuko ekipajeen zintan, bi gauza gerta daitezke: handik egun batzuetara berreskuratzea edo betirako desagertzea. Bi kasuetan erreklama daiteke kalte-ordaina.
Lehenengo eta behin, gorabehera horietarako dagoen informazio-mahaira joan behar da eta han Ekipajearen Irregulartasunaren Agiria bete (PIR, Property Irregularity Report). Tramite hori ezinbestekoa da ondoren erreklamazioa egin ahal izateko, bi urteko epean.
Maleta ez bada 21 eguneko epean agertzen, konpainiak galdutzat emango du eta kalte-ordain ekonomikoa eskatzeko eskubidea izango du bezeroak. Kasu honetan ez dago kalte-ordain automatikorik, eta Montrealgo Itunean ezarria dago gehieneko konpentsazioa 1.421 eurokoa dela pertsona bakoitzeko, gehienez. Beraz, beharrezkoa da gorabehera osorik justifikatzea eta ahalik eta dokumentazio gehien aurkeztea.
Bestalde, maleta 21 eguneko epean agertzen bada, entregan izandako atzerapenagatik erreklamatu daiteke. Betiere kontuan hartuz, kasu bakoitzaren araberakoa izango dela kalte-ordaina, baina 50 euro inguru izan ohi dira atzerapen egun bakoitzeko, gehienez ere 1.421 euro pertsonako.
- Bezeroak erosi behar izan dituen gauzen konpentsazioa
Ekipajea galtzen denean, bezeroaren gauzak agertzen ez diren bitartean beste gastu batzuk egin beharko ditu honek beharbada: higienerako produktuak, jantziak, lanerako beharrezkoak dituen tresnak, esaterako. Beraz, gauza horien guztien tiket eta faktura guztiak gorde behar dira, diru hori ere erreklamatzeko eskubidea duelako bezeroak.
Hamar aholku hauek aintzat hartuta, lasai hartu ahal izango dute hegaldia bezeroek, gorabeheraren bat gertatuz gero bere eskubide guztiak ezagutzen dituelako.