NAIZ

Renferen Nafarroako zerbitzuaren «degradazioaz» ohartarazi du enpresa batzordeak

Zerbitzuaren eta langileen egoera latzarekin haserre agertu da Renferen Nafarroako enpresa batzordea.

Iruñeko tren geltokia.
Iruñeko tren geltokia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Komunikabideetara igorritako ohar baten bitartez, Renferen Nafarroako enpresa batzordeak bidaiariei eskaintzen zaien zerbitzuaren «degradazioa» salatu du. «Pixkanakako narriadura» ari da bezeroen erosotasuna kaltetzen eta, horrez gain, intzidentzia kopurua era «kazkagarrian» hazteaz gain, «etengabeko matxurak» daudela ohartarazi dute.

Gorabehera horiek ez dira berriak tren zerbitzu hau erabili ohi duten pertsonentzat, baina langileen ordezkariek nabarmendu dutenez, arazoak gero eta larriagoak dira enpresaren «utzikeriaren» ondorioz. Nafarroan ez ezik, inguruko lurraldeetan ere egoera berdintsua dela azaldu dute.

Langile kopurua, «minimoetan»

Enpresa batzordeak adierazi du enpresan lan egiten duten pertsonak (gidariak, zerbitzariak eta sarrerak saltzen egoten diten langileak) gutxiegi direla eta «minimoetan» daudela. Egoera honek Renfek eskaintzen dituen zerbitzuen funtzionamenduan eta kalitatean ondorio kaltegarriak dituela azpimarratu dute. Horrek eragina du zerbitzuaren eraginkortasunean eta ondorio larriak ditu zerbitzuaren kalitatean, erkidegoan «lanpostuak zaintzeko eta sustatzeko asmorik eza agerian utziz».

Horrez gain, Zaragozan eta Mirandan kokatuta dauden tailerretan kudeaketa «arazo larria» dagoela ohartarazi dute. Bertan konpontzen eta mantentzen dituzte distantzia erdiko bidaiak egiten dituzten trenak.