Arnaitz Gorriti

Zierbena nagusi, Cabo eta Kaiku sailkatuta eta Ares, Lekeitio eta Ondarroaren pena

Zierbena, Urdaibai, Orio, Cabo, Getaria, Hondarribia eta Kaiku, hurrenez hurren, neurtuko dira Donostiarrarekin batera Kontxako Banderaren lehian. Zorigaitza, betiko moduan, B multzotik abiatuta, segundo baten erruz zortzigarren amaitu duen Aresentzat izan da.

Lan bikaina egin duten Cabokoen poza bistakoa izan da.
Lan bikaina egin duten Cabokoen poza bistakoa izan da. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Pasa da, pasa, aurten ere Kontxako Banderari dagokion sailkatze estropada, «beldurrarena» alegia. «Estropada serioa egin nahi genuen, ahalik eta estuasun gutxienekin pasatzeko», adierazi du estropadaren ostean Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak. iIan ere, Bermeokoen eguna erabat «diskretua» izan da, hain diskretua ezen Zierbenaren atzetik bigarren amaitu duen. Akaso Zierbena eta Urdaibai izan dira urduritasun gutxienekin bizi izan dutenak Kontxarako sailkapena, handik aurrera, Kaikuk ezustean lortu duen zazpigarren denbora onenera iritsi arte saioak izan baitu zeresanik.

Hasteko eta bat, aurreneko bien atzetik hurrenez hurren sailkatu diren Orio, estropada bikaina egin duen Cabo da Cruz, Getaria, Hondarribia eta Kaikuri zorionak, horiek lehiatuko baitira Donostiarrarekin batera urteko banderarik preziatuenaren bila.

Horren ostean, diosala Areseko traineruari. Galiziako Ligako txapeldunak B multzoan hartu du parte, eta zortzigarren amaitu du azkenean, Kaikurengandik segundo bakarrera. Datorren urtean Eusko Label Ligan aritzeko kanporaketetan arraunean egingo duten horien artean onena izan da, zalantzarik gabe, eta bertan izan du zazpi onenen artean sartzea ere. «Akaso indar apurtxo bat falta izan zaigu», onartu du galiziarren Hugo Rascado patroiak. «Lehiatzera etorri gara, ontzia bizkor dabilelako, eta play-offetara begira gure burua non dagoen ikustera ere bai. pena da Kontxara ez sailkatzea, baina harro egoteko moduan gaude», onartu du.

Eta animoak Aresen atzetik, hurrenez hurren, sailkatu diren Lekittarra eta Ondarroari. «Liga ederra osatu dugu, barrurantz etortzen batez ere, baina estropada honetan ez dugu asmatu. Pena handia ematen dit mutilek egin duten lanagatik, baina onartu egin behar», Iñaki Goikoetxea ‘Saguaren’ lantua.

Txanponaren ifrentzua, Iker Gimeno Kaikuko ‘Bizkaitarra’ ontziko patroia. «Azkeneraino zukutu ditut arraunlariak. Dena eta gehiago eskatu diet, batez ere itzulerakoan. Baina hauek benetako arraunlariak dira eta erantzun egin dute. Bihotza oraindik indar baten taupaka ari zait. Poparean olatuak hartu eta berauek baliatzeko sufritu egin behar zen. Irlatik helmugarantz, olatu gainean minutuko 42 paladaz gainetik etorri behar izan dugu sailkapen hau lortzeko», onartu du Gimenok, emozioak oraindik gain hartuta.

Ezkutuko indarrak

Denboraldian zehar Kontxako badiara hurbiltzea giro petralarekin topo egitea izan da. Asteazken honetan ez, ordea, nahiz eta ura ez den erabat bare egon. Itsaso mugitutxoa, metro beteko olatuak direla ia, baina aitzakiarik gabea arraunean egiteko aurkitu dute arraunlariek. Haizeagatik ere, 15 kilometro orduko ipar ekialdetik mendebalderantz jotzeko aurreikuspenekin, malezia larregirik ez, baina sekretuak beti sekretu. Itsasoa beherantz dela, marea hilak nagusi direla, poparean olatu luze askoak harrapatzeko tenorea izan dute traineruek. Arranplan jende larregirik ez da bildu hasiera batean, 23 ontzietatik sei bakarrik ureratu direlako moilatik. Aldiz, akuariumaren ingurua jendez eta kolorez bapo bete da, ohikoa den moduan. Getariako zaleek batez ere beren koloreak inposatu dituzte, baita beren abestiak ere.

Iazko moduan, aurten ere Eusko Label Ligan aritzen diren ontziak jarri dira martxan aurreneko multzoan, KAE 1 Ligan nahieran aritu den San Juanekin batera. Akaso Galizian txapeldun atera den Ares iritsi den tartea kenduta, aurreneko multzo honetako denborak izan dira kontuan hartu beharreko ia bakarrak.

Ondarroari egokitu zaio aurreneko paladak ematea, zazpigarren posturako borrokan murgilduriko ontzietako bat, hain zuzen. 18.00ak jotzeaz bat atera da ‘Antiguako Ama’ eta, beraz, ez da izan handik aurrera kanporaketa gelditu lezakeen ama semerik. Norberaren indarra ateratzeko ordua iritsi da, bistakoak eta ezkutukoak.

Aurreneko erreferentziak izaterako, Lekittarra ateratzeko unea izan da. Nolanahi, aurreneko luzearen pasaeran Oriok eta Hondarribiak ezarri dute denborarik onena, ziabogan berretsi ahal izan duen erreferentzia baikorra. Alabaina, Zierbena eta Urdaibai ureratu direnean faborito nagusi moduan horiei begiratu die mundu guztiak.

Ziaboga garaian Cabo da Cruzen denborak, Oriorekiko segundo bakarrera eta Ondarroak baino bost segundo gutxiagorekin –Hondarribiarekin berdinduta–, galiziarrei hauspoa eman die. Zierbena izan da hamar minutuko langaz azpitik ziaboga eman duen traineru bakarra, segundo bat gehiago behar izan baitu Urdaibaik: hamar minutu doi doi. Aldiz, 10.15eko denborarekin, Getariako ‘Esperantza’ barruan alarma guztiak joka hasi dira, zazpigarren postuaz atzetik, Lekittarrari gertatu zaion moduan.

Cabo da Cruz, Eusko Label Ligan bederatzigarren sailkatua, izan da aurreneko sorpresa. «Ez gara agian Urdaibai batekin lehiatzeko kapaz, baina kale bakarretik eta baldintza egokietan, gauza onak egin ditzakegu», aipatu du Beni Lojo Cabokoen arraunlari beteranoak. «Taldea irregular aritu da denboraldian, baina azken egunetan ontzia azkar zihoan eta sailkapen estropadan gaitasun hori erakutsi dugu, kinieletan beste batzuen atzetik egonagatik», gaineratu du.

Joaneko luzean bezala, itzulerakoan ere lan aparta egin du Boiroko ontziak, eta Oriorengandik urruti mantenduta ere –20 minutuz behetik amaitzen aurrenekoak izan dira «mirotzak»–, Ondarroak baino 16 segundo gutxiagoan amaitu dutelarik estropada, zazpi onenen artean lekua ia bermatuta laga dute.

Ez ordea Getariak. «Wattioak falta zaizkigu joanekoan eta han estu xamar aritu gara, baina itzulerakoan gozatzen etorri gara», azpimarratu du Unax Eizagirre ‘Esperantza’ ontziko patroiak. «Olatu sailak bata bestearen atzetik harrapatzea lortu dugu eta zoragarria izan da bueltako luzea. Han ikusten genuen barruan egon gintezkeela. Jendeak agian pentsatuko du hemen bosgarren edo seigarren egitea, aurreneko postuetatik urruti xamar, ez dela behar beste lehiakor izatea, baina harrobiko bederatzi arraunlarirekin Kontxarako sailkatu den talde bat baino lehiakorragorik zer ote dagoen galdetuko nuke. Zer esaten dugu Realak bosgarren edo seigarren amaitzen duenean?», bota du Getariako patroi gazteak.

Hondarribiak, aldiz, azken aldera uste baino gehiago sufritu du. Joaneko luzean ‘Ama Guadalupekoa’ onenen inguruan ibili bada ere, poparean ez du asmatu eta azkenean seigarren postuarekin konformatu behar izan du, nahiz eta Kaiku zazpi segundora geratu zaion.

Aurreneko postuari begirako lehian, Zierbenak hamar ehuneneko atera dizkio Urdaibairi eta 10 segundo Oriori. Akaso horixe bera izan liteke, tartean Donostiarra dela, Kontxako Banderaren lehia? Ez harritu hala balitz. Nolanahi, beren lana txukun beten duten horien txanda akaso igandean iritsiko da, asteazken honetako protagonismoa egindako lanaz pozarren edo penatan amaitu duten horientzat izan baita. Zentzu horretan, inork gutxik hartuko zuen Kaikuk eta Cabok hartu duten poza, ezta Lekeitiok, Ondarroak eta bere neurrian, Aresek hartu duten pena baino.

Kanporaketaren ostean, ohiko txanda zozketarekin amaitu da jardunaldia. Hala aurreneko txandan, Zierbena, Hondarribia, Cabo eta Kaiku ariko diren bitartean, Urdaibai, Orio, Donostiarra eta Getaria lehiatuko dira bigarrenean.

129. Gizonen Kontxako Bandera. Sailkapen estropada:

1. Zierbena 19:44.10

2. Bermeo 19:44.20

3. Orio 19:54.30

4. Cabo 20:04.20

5. Getaria 20:08.28

6. Hondarribia 20:08.64

7. Kaiku 20:15.80

8. Ares 20:16.88

9. Lekittarra 20:19.54

10. Ondarroa 20:20.48

11. San Juan 20:23.80

12. Arkote 20:30.64

13. Tiran 20:40.62

14. San Pedro 20:40.66

15. Lapurdi  20:43.64

16. Chapela 20:46.44

17. Santurtzi 20:48.74

18. Zumaia 20:51.82

19. Zarautz 20:53.62

20. Castropol 20:54.54

21. Bueu 20:58.38

22. Astillero 21:12.70

23. Deustu 21:25.84