NAIZ

Ama palestinarrak, urtebete haurtxoengandik bananduta

Urte bat bete berri dute Hanan Bayuk emakume gazatarraren hirukiek. Israelek genozidioa hasi aurretik jaio ziren Jerusalemgo ospitale batean, baina behin bakarrik ikusi ditu amak, artean inkubagailuetan zirela, eta «muxu eman gabe» hilko diren beldur da.

Jerusalemgo Al Maqased ospitaleko erizain bat, Hanan Bayuken hirukiak zaintzen
Jerusalemgo Al Maqased ospitaleko erizain bat, Hanan Bayuken hirukiak zaintzen (Hazem BADER | AFP)

2023ko abuztuaren 24an Najwa, Nur eta Najmeh haurtxoak erditu zituen Israelek okupatutako lurretan, eta horren ondotik, 26 urteko emakume honek bakarrik itzuli behar izan zuen Palestinako zerrendara, Israelek esleitutako bidaia-baimena iraungi egin zelako.

Zazpi urte eman zituen Gazan in vitro ernalketa saiatzen, prozesu mingarria izan zen, baina ez zuen haurdun geratzea lortu. Hala, Jerusalem Ekialdeko Al Maqased ospitalean erditzeko baimena jaso zuen Bayukek.

Hiru haurrak jaio ostean, «soilik ordu erdiz» ikusteko aukera izan zuela kontatu du, inkubagailuetan zirela. Bere baimena iraungi egin zen eta ospitaleko pertsonalak alde egiteko eskatu zion.

Berez, Hanan Bayuk iazko urriaren hasieran itzuli behar zen ospitalera, hirukiek hainbat aste inkubagailuetan pasatu eta gero. Gazako ospitaleetan inkubagailu gutxi zeuden genozidio israeldarra hasi aurretik, eta are gutxiago egun.

«Alaba ikusi nahi dut» Heba Idrisek bi hilabete lehenago erditu zuen Al Maqasedeko ospitalean bere alaba bakarra, Saida, goiztiar jaioa. Orain, Bayukek bezala, ez du Jerusalemera bueltatzeko modurik.

27 urteko palestinarrak uste zuen udazken honetan hartu ahal izango zuela bere alaba, eta Shujaiya herrian duen etxera eraman, Gazako zerrendako iparraldera.

Baina, geroztik, bera eta Saleh senarra, zeinak soilik argazkietan ikusi duen alaba, bederatzi aldiz mugitu behar izan dira beren herritik, bonbardaketen edo Armada israeldarrak emandako ebakuazio aginduen ondorioz.

«Nire alaba ikusi nahi dut. Berarengandik bananduta egoteak sufrimendu asko dakarkit», dio, negarrez.

Hanan Bayukek ere bere etxebizitza utzi behar izan zuen eta orain hegoaldeko desplazatuentzako eremu batean bizi da, bere familia politikoko zazpi kiderekin denda partekatuz.

«Zoratu egiten nau. Horrenbeste denbora behar izan nuen haurdun geratzeko… Orain, negar egiten dut denbora guztian», azaldu dio AFPri Gazako telefono-sareak funtzionatu duen egun bakanetako batean.

«Batzuetan pentsatzen dut gustatuko litzaidakeela nire alabak Gazara itzultzea ni hil aurretik, zeren ez diet inoiz muxu eman, baina orduan hobeto pentsatzen dut, eta nire buruari esaten diot beraientzat hobe dela gerratik urrun egotea, salbu», baieztatu dio agentziari.

«Aldiro egiten dut negar»

Jerusalemgo Al Maqased ospitaleko langileek artatzen dituzte haurtxoak. Hatem Jamash jaioberrien zainketa intentsiboetako unitateko zuzendariaren esanetan, garai normaletan ezingo lukete kargu hartu.

Baina zentro honetako erditze kopurua asko jaitsi da Israelek Gazako emakume haurdunei bidaia-baimenak emateari utzi zionetik; halaber, baimen gutxiago ematen die orain Zisjordania okupatuko haurdunei ere. Hori dela eta, ospitaleko langileek aukera gehiago dute orain bertan diren umeak artatzeko.

Gainera, okupatutako hirira sartzeko kontrol puntuak sarriago ixten dituztenez, baimena duten emakumeek ere zailtasunak izaten dituzte Jerusalemen eskaintzen dituzten tratamendu espezializatuak jasotzeko.

«Gerraren aurretik, Gazako zazpi edo zortzi haurtxo izaten genituen gure departamentuan», azaldu du Jamash-ek. Berez, departamentu horrek 30 haurtxo hartzeko edukiera du. Genozidioa hasi geroztik, baina, ez da haurtxo bat bera ere jaio.
Baina Jerusalemgo Al Maqased ospitaleko beharginei ez zaie lanik falta. Batzuk noizean behin Hanan Bayuki deitzeaz arduratzen dira, bere hirukiei telefonoz hitz egin diezaien aukera izan dezan.

«Nire senarra ez da gai, baina ni bai, eta eskegitzen dudan bakoitzean negar egiten dut. Nire alabak ni ezagutu gabe haziko diren beldur naiz», adierazi du amak.