Euskotren Ligako bost ontzi baino ez dira izango 15. Emakumeen Kontxako Banderan. Donostiarraz gain, Arraun Lagunak, Tolosaldea, Hibaika eta Orio sailkatu dira, eta, beraz, Hondarribia, Cabo eta Tiran kanpoan geratu dira Astillero, Chapela eta Kaikuren mesedetan. Galiziako Ligako zein ETE Ligako taldeek elitetik inork uste baino hurbilago daudela erakutsi dute eta, hala, hainbat kasutan lepoa bihurritu ere egin diete. Orio bera ere gorriak ikusita sailkatu da, zazpigarren amaitu baitu atzetik orpoz orpo izan duen Zumaiarengandik 84 ehunenekotara.
«Sinestezina izan da. Hasi aurretik inkognita bat ginenez, ez genekien non kokatuko ginen ere. Pentsatzen genuen denbora tarte motzak izango zirela eta gure burua laugarren ikusita, oso oso pozik gaude», onartu du Ana Ponte Chapela ontzi galiziarreko patroiak, irribarrea dariola.
Segundo gutxiren buruan izan ohi dira irribarreak eta malkoak Kontxako banderaren sailkapen estropadan. Ostegun honetako saioan inoiz baino krudelagoa izan da marra fin horren alde banatan egon direnen arteko ezberdintasuna. «Oriorengandik hain hurbil ikusita gure burua, barruan egon beharko genuela pentsatzen genuen. Estropadarekin oso gustura geratu gara, baina agian azken metroetan galdu dugun denbora apur horri begira ari naiz orain. Gogorra da», onartu du bere aldetik Amane Jimenez Zumaiakoen patroiak, penatan, hatz puntekin ikutu dutelako berriz ere Kontxako Banderaren lehian egoteko aukera.
Arraun Lagunak izan da estropadako nagusia, nahiz eta ziaboga aldrebes xamarra egin. Nolanahi, 11 minutuen langa hautsi duen talde bakarra izan da Euskotren Ligako txapelduna eta Tolosaldeari zazpi segundoko aldea aterata, igandean ere nagusi izateko hautagai sendoena dela erakutsi du beste behin. Tolosaldeak berak ere, bigarren postu hori bere esku legokeela frogatu du ere, oso estropada sendoa eta akatsik gabea burutu duelako.
Alabaina, handik aurrera gertatu denari zeinek eman ziezaiokeen antzik? Astillero, ETE Ligako txapeldunak ezarri du hirugarren denborarik onena, zazpigarren amaitu duen Oriok baino ia sei segundo gutxiagorekin. Horren ostean, berriz, Chapela sailkatu da, hirugarren postuko denboratik askoz gertuago bosgarrenetik baino. Kinielarik egin duen oro, patrikak hutsik joango zen etxera, sailkapena asmatzeko abildade handia behar izan baita ostegun honetan.
«Hitzik ere ezin dut egin!», asmatu du esaten Alejandra Lombera Astilleroko arraunlariak, malkoei eusten nahikoa lanekin. «Hainbeste traineruren artean, sekula ez da jakiten zer atera daitekeen, baina ez gara uneotan gauza analisi sakonagorik egiteko. Hain gaude pozik! Emaitza hau ospatzea nahi dugu eta igandeko estropadetara gozatzera etorriko gara», gaineratu du, pozarren.
Eskutada bete segundo
Bosgarren postutik hamargarrenera bitarteko mugaldeko postu horietan sekulako saltsa egon da, bestalde. Asteazkenean ez bezala, faboritoak bigarren txandan atera dira, Chapela eta Astillero barne. Haizeagatik eta olatu handiak zirela-eta ez dute zailtasun handiegirik izan, baina ziaboga emateko sasoian olatuekin nahikoa arazo izan dituzte patroiek hainbat unetan.
Hargatik, barruan edo kanpoan geratzeko oker txikia behar izan da. «Badakigu non huts egin dugun eta barruan gaude behintzat, baina ez gaude batere gustura egindako lanarekin», aitortu du Itsaso Azkonobieta Orioko arraunlariak. Izan ere zazpigarren postua salbatu dute «mirotzek», baina hamaikagarren amaitu duen San Juan bera ere zortzi segundora geratu zaio; Zarautzek nekez pentsatuko zukeen hamargarren postuan amaituta penarik izango zuenik eta Hondarribiak, berriz, bederatzigarren postu oso mingotsa jaso du; baina noski, ez Zumaiaren zortzigarrena bezain bestekoa.
Aipamena merezi dute, bestalde, aurten Euskotren Ligan aritu diren Cabo eta Tiranek. Hamar onenetatik oso urruti sailkatu dira galiziar biak, Chapelak baino 17 eta 19 segundo gehiago behar izan dituztelarik hurrenez hurren. Denboraldian zehar itxura nahiko makala erakutsi badute, ostegun honetan arte eta tristeago aritu dira.
Aldiz, Hibaikak badu bere estropadarekin harro egoteko motiborik. Batik bat, egin duen bigarren luzearekin hainbat eta hainbat arazo konpondu ditu. Oreretako taldea bederatzigarren denbora onena eginda geratu da ziabogan eta hargatik poparean egundoko sua atera behar izan du ur gainean zazpi onenen barruan sartuko bada. Bosgarren amaitu du azkenean, Oriok baino 90 ehuneneko gutxiagorekin; hau da, Zumaiari bi segundo baino gutxiago atera dizkiola.
Kaiku izan da, bestalde, ETE Ligatik sailkatu den beste ontzia. ‘Bizkaitarra’ iaz ere sailkatu zen Kontxako Bandera lehiatzeko, baina iaz ez bezala, aurten ez du hain denboraldi ona egin Sestaoko taldeak eta, hala, ez da Euskotren Ligara igotzeko kanporaketan izango. Nolanahi, oso lan serioa egin ostean seigarren denborarik onena egin du, Oriok baino segundo erdi eskas gutxiagorekin.
«Hau ahaztezina da. Kontxan arraun egitea esperientzia sekulakoa da eta lanaren poderioz, sailkapena lortzea amets bat da», onartu du bizkaitarren izenean Maialen Mielgo arraunlariak. «Hasieratik esan dugu gozatzera atera behar ginela uretara eta horixe egin dugu. Gozatu egin dugu eta horri esker sailkapena ere hementxe dugu», gaineratu du.
Kontraste handiko estropada izan da eta, bada, kontraste handiko lehiaketa baten aurrean geratu da Emakumeen 15. Kontxako bandera ere. Sailkatzen estropadaren ostean egin den zozketak, nolabait esatearren, kontraste horiek are eta gordinago bistan laga ditu. Izan ere aurreneko txandan Kaiku, Astillero, Chapela eta Oriok egingo dute arraunean; hau da, sailkapen estropadako hiru sorpresek eta eskapada latza egin duen txapeldun ohiak. Bigarrenean, berriz, Arraun Lagunak, Donostiarra, Hibaika eta Tolosaldea neurtuko dira. Normaltasunik kirolean balego, bigarren igandean ere txanda hauek biak errepikatzea posible izango litzateke. Baina ikusita Euskotren Ligaren lepoak zer-nolako bihurritua jaso duen, non ote dago Emakumeen Bandera honetan normaltasuna?
15. Emakumeen Kontxako Bandera. Sailkapen estropada
1- Donostia Arraun Lagunak 10:55.32
2- Tolosaldea 11:02.62
3- Astillero 11:06.32
4- Chapela 11:07.02
5- Hibaika 11:11.16
6- Kaiku 11:11.68
7- Orio 11:12.06
8- Zumaia 11:12.90
9- Hondarribia 11:14.58
10- Zarautz 11:18.54
11- San Juan 11:19.08
12- Cabo 11:23.18
13- Tiran 11:25.34
14- Deustu 11:43.10
15- Cesantes 11:44.88
16- Ondarroa 11:46.12
17- Hernani 11:46.80
18- Perillo 12:02.34
19- Rianxo 12:06.38
20- Castropol 12:39.50