Kontxako Banderaren kirtena, behintzat, erdietsi dute Urdaibaik eta Arraun Lagunak-ek, lehendabiziko estropada honetan arerioei tarte handia ireki ostean. ‘Bou Bizkaiaren’ kasuan, Zierbenari hamalau segundo atera dizkio –galipoak lehen txandan aritu dira– eta modu berean, Lugañenek ere bederatzi atera dizkio Oriori. Hala, iragarpenak txarrera egiten ez badu, kalapita handia gertatu beharko litzateke uda honetako bi ontzi indartsuenak Kontxako Bandera ez astintzeko.
Gizonezkoetan zein emakumezkoetan, bi hautagai nagusiak bigarren txandan aritu dira eta biek ala biek, lehendabiziko dominatzailearen denbora garaitzea izan dute helburua. Zierbena Urdaibairen kasuan eta Orio Arraun Lagunak-en kasuan. ‘Bou Bizkaiak’ jada brankan 4-5 segundoko tartea ireki du galipoekiko, bere txandako arerioak txikitu ostean. Poparean, ohikoa duen moduan, motorra martxan jarri –hirugarren kalean babestu da– eta jipoi izugarria eman du, Zierbenari, bere arerio nagusiari, 14 segundo sartuta. Azkenerako, Donostiarra ere gerturatu da galipoen erregistroetara eta 15 segundora bukatu du estropada. Oriok egin du laugarren, ohorezko txandarako azken txartela lortuta –eta beraz, helburua beteta–, Urdaibairengandik 25 segundora eginda.
«Estropadarik txukunena egin dugu gaur», esan du zalantza izpirik gabe Iker Zabala Urdaibaiko teknikariak. Nabarmendu du Urdaibairik onena ikusi dela txapelketan –Bizkaia, Euskadi eta Espainiakoan– bai eta Kontxako Banderaren lehen asteburu honetan ere. «Horrelako talde bat, hainbeste batailetan egondakoa, presio hori kudeatzea errazagoa da. Eduki ditugu gure gorabeherak baina ez dugu horrelako dramarik egin. Errematatu egin behar da», nabarmendu du Zabalak.
«Inoiz sekula ez dugu ikusi trainerarik dena irabazi duenik –Bizkaia/Gipuzkoa, Euskadi, Espainia, liga nagusia eta Kontxa–», azpimarratu zuen bermeotarrak, oraindik ere aurretik beste «19 minutuko lana» daukatela ohartarazita.
Hain zuzen ere, Urdaibaik zein Lugañenek, denboraldi berean, lortu dezakete Zabalak aipaturiko balentria, biek ala biek liga atariko hiru txapelketak irabazi baitzituzten, liga nagusian ere menderaezinak izan dira eta Kontxan lehendabiziko urratsa ere eman baitute.
Lugañene ere gozatzen
«Lan izugarria egin dute, oso emaitza ona da. Bigarren estropadari iritsi eta lehen bailehen amaitu nahi dugu. Baina momentuz gozatu egingo dugu, taldea oso ongi dagoelako», esan du Juan Mari Etxabe Arraun Lagunak-eko entrenatzaileak NAIZ Irratian, bere eskifaiak lehen igandean arerioei kolpe gogorra eman ostean. Bigarren txandan arituta, Tolosaldea, Donostiarra eta Hibaika arerioak segituan utzi ditu atzean eta une batez, lehen txandako irabazle eta dominatzaile Orioren erreferentzia izan da Lugañek gainditu beharreko denbora.
Brankan ozta-ozta garaitu du Arraun Lagunak-ek mirotzen denbora, segundo bakarra atera dio, luzearen bigarren erdian bere mailarik onena aterata, ohi duen moduan. Ziabogan, aurretik ikusi denean, gozatu egin du poparean eta estropadaren azken bi minutuetan aldeak bikoiztu ditu, bost segundotik kasik hamarrera handituz badia barruko azken txanpan. «Brankan ere gozatu dugula iruditzen zait. Ziabogaren ostean kosta zaigu uretan elkartzea baina bagenekigun badia barruan indartsu arituko ginela», azaldu du Xubane Uribarrena Arraun Lagunak-eko arraunlariak.
Donostiarrek ligako nagusitasuna islatu dute Kontxako Banderaren lehen asteburuan eta gaindiezina den distantziak ere ezarri ditu: bederatzi segundo Oriori, hamabi Tolosaldeari eta hamairu Donostiarrari, gaur zortzi ohorezko txanda osatuko duten gainontzeko ontziei, alegia.
Mirotzak, bestalde, sailkapen estropadaren sustotik ezin hobeto iratzarri dira, beraien txanda goitik behera menperatuz, Astillero, Chapela eta Kaiku segituan atzean utzi eta erlojupekoa bailitzan arraun eginda, azkenerako bigarren denbora onena markatuz. Une batez Arraun Lagunak-en areriorik gogorrenak izan dira baina Lugañenek, azken metroetan, ezerezean utzi du Oriok eginiko saiakera ona.
Kontxa Kontxa da eta bigarren igandean, itsaso eta haizearen baldintzen arabera, ezustekoetarako tartea beti egoten da. Modu horretan, Kaiarribako delegatu Naroa Urkolak «itsasoa eskatuko» du datorren iganderako, baldintzak trakestu eta triskantza egin ahal izateko. Itxaropena hor dauka jarrita Donostiarrak, «hiru-lau olatu probestuta triskantza» egiteko aukerak edukitzeko, NAIZ Irratian nabarmendu duen legez.
Dena dela, etsipen puntua ere igarri zen Donostiarran, Olatz Lopezek «errealistak izan» behar dutela nabarmendu baitzuen: Bigarren postuaren bila joango gara eta ahal bada, zergatik ez bandera ere lehiatuko dugu». Hain zuzen ere, lehia handia egon liteke bigarren postu horretarako, Adegik babesten duen saria lortzeko –gipuzkoar onenarena–, hiru ontziak (Orio, Tolosaldea eta Donostiarra) lau segundoen bueltan daudelako.
«Inoiz ez dugu lortu horrelako aldea lehendabiziko asteburuan. Estropada hau garrantzitsua izaten da, maiz bigarren asteburukoa baino garrantzitsuagoa. Aste honetan lasai landuko dugu eta ahalik eta indartsuen iristen saiatuko gara», esan du Xubane Uribarrenak, garaipenarekin pozik baina Kontxak eskaintzen duen ziurgabetasunarekin ere konfiantzaz guztiz bete gabe.
«Txanpaia burura igo gabe eta hankak lurrean mantentzen saiatu behar dugu aste honetan. Zentzu horretan, aste luzea izango da. Zati handi bat lortu dugu, horrelako itsasoarekin oso zaila da horrelako tarteak irekitzea baina orain kunplitzea egokitzen zaigu. Ea borobiltzen dugun hurrengo igandean», nabarmendu du NAIZ Irratiko uhinetan Lugañene ontziko entrenatzaile Juan Mari Etxabek.
CXXVIV. Gizonezkoen Kontxako Bandera, lehen estropada
1. Urdaibai 19:05.48
2. Zierbena 19:19.58
3. Donostiarra 19:20.90
4. Orio 19:30.70
5. Hondarribia 19:32.90
6. Kaiku 19:46.26
7. Getaria 19:52.16
8. Cabo 20:02.50
XVII. Emakumezkoen Kontxako Bandera, lehen estropada
1. Arraun Lagunak 10:28.26
2. Orio 10:37.36
3. Tolosaldea 10:40.40
4. Donostiarra 10:42.06
5. Astillero 10:49.72
6. Chapela 10:54.74
7. Kaiku 11:01.88
8. Hibaika 11:02.24