NAIZ

Fagor Herrigintza lankidetza programan proposamenak aurkezteko epea zabalik dago

Irailaren 30era bitarte zabalik da Fagor Herrigintza lankidetza programan gizarte egitasmoak aurkezteko deialdia. Herrigintza eta izaera komunitatea hauspotzea du helburu programak, eta orotara 120.000 euro banatuko ditu.

Pasa den urtean Iñurri elkarteak eskuratu zituen 20.000 euro.
Pasa den urtean Iñurri elkarteak eskuratu zituen 20.000 euro. (Fagor Herrigintza)

Iraila iristearekin batera zabalik da hirugarrenez Fagor Herrigintza lankidetza programan izena emateko epea. «Herrigintzari eta izaera komunitarioari hauspoa eman nahian, Euskal Herri hobe baten aldeko lanean ari diren gizarte proiektuak lagunduko ditu Fagor Taldearen Fagor Herrigintza lankidetza programak», zehaztu dute.

Irailaren 30era arte dute gizarte egitasmoek euren ekinbideak aurkezteko aukera. Hiru laguntza emango ditu, 120.000 euro osotara: 60.000 eurokoa, 40.000 eurokoa eta 20.000koa. Fagor.eus webgunean aurkeztu beharko dira proposamenak.

«Fagorrek iraunkortasuna du ipar eta jardun modu. Komunitatea ahalduntzeko eta indartzeko bitartekoak eskaintzea funtsezkoa da bide horretan. Are: gizarte hobe bat eraikitzeko egiten duten lana aitortzeko modu bat da», azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Oinarrien araberako balorazioa eginda, Fagorreko kooperatibetako bazkideek azaroko lehen hamabostaldian aukeratuko dituzte diruz lagunduko diren hiru proiektuak. Azkenik, abenduaren 16an argitaratuko lirateke saridunak Fagor Taldearen web orrian.

Hirugarren edizioa

Aurtengoa hirugarren aldia du Fagor Herrigintza lankidetza programak. Haren bidez, Garapen Iraunkorreko Helburuei erantzun propioa eta berritzailea ematea helburu duten proiektuak bultzatu nahi ditu Fagorrek. Asmo horrekin, Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkartea (60.000 euro), Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa (40.000 euro) eta Iñurri minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik diharduen elkartea (20.000 euro) lagundu zituen 2023an.