Aste bikainak ari da bizitzen Moriarti Produkzioakeko lantaldea. Batetik, orain bost egun estreinatu zuten Veneziako zinema jaialdian zuzendaritzan Jon Garaño eta Aitor Arregiren sinadura daraman ‘Marco’ filma (jaialdi veneziarrean, Orizzonti sailean lehiatuko da filma, eta larunbat honetan bertan jakinaraziko da sariren bat eskuratzen duen, orduan itxiko baita aurtengo Mostra) eta, bestetik, asteazken honetan bertan, Zinema Akademia madrildarrak jakinarazi du Enric Marcoren gaineko film hau izango dela Oscar sarietako nazioarteko film onenaren lehiara eraman dezakeen filmeetako bat. Ordezkaritza hori eskuratzeko lehian beste bi filme izango ditu aurrez aurre ‘Marco’-k: Isaki Lacuestak zuzendutako ‘Segundo premio’ eta Javier Maciperen ‘La estrella azul’.
Iragarpena goizean egin dute Malena Alterio, Victoria Luengo eta Belen Cuesta antzezleek, Madrilgo Zinema Akademiaren egoitza nagusian egin duten aurkezpen batean.
‘Marco’ filmak Enric Marcoren istorioa darama pantaila handira. Amical de Mauthausen elkarteko buru izatera iritsi zen sindikalista hau ikastetxez ikastetxe ibili zen nazismo garaian Flossenbürgeko kontzentrazio-esparruan bizi izan zituenak kontatu eta nazismoaren krudelkeriaren salaketa eta gizarteratze lanak eginez. Bere kontakizunak, baina, zenbait kontraesan eta itzal zituen eta horiek ikertzen hasi zen Benito Bermejo historialaria: Marco ez zela sekula kontzentrazio-esparru batean egon eta bere biografia goitik-behera asmatua zela frogatu ahal izan zuen.
Garaño eta Arregik hemezortzi urte daramate film hau egin nahian. Orain dela ia bi hamarkada, Marco bera ezagutu eta bere istorioak erakarri egin zituen zinema zuzendariak, eta hainbat elkarrizketaren ostean bere bizipenen gaineko dokumental bat egitea adostu zuten. Baina, justu filmatzen hastera zihoazenean, Marcok beste proiektu batean parte hartuko zuela esan eta esku-hutsik utzi zituen zuzendariak.
Hala, Santiago Fillol eta Lucas Vermalek ‘Ich Bin Enric Marco’ dokumentala osatu zuten, baina, emaitzarekin pozik ez, eta Marcok Moriartien atea jo zuen berriro. «Kursaalean genuen ekitaldi batera hurbildu zitzaigun, butifarra bat eskuan, bakea sinatu nahian. ‘Komunean dugun proiektua’ berrartu nahi zuela esan zigun», azaldu dute zinema zuzendariek.
Proiektua egonean egon da azken urteetan, harik eta Garaño eta Arregik luzemetrai formatuan aurkeztea erabaki zuten arte. Eduard Fernandez hautatu zuten Marcoren papera antzezteko –egiten duen antzezpen bikaina nabarmendu da Veneziako estreinaldiaren ostean–, eta Nathalie Poza, Daniela Brown, Chani Martin, Vicente Vergara, Fermi Reixach eta Sonia Almarchak osatzen duten antzezle nagusien zerrenda.
Gidoirako Jose Mari Goenaga eta Jorge Gil Munarrizen partehartzea izan dute bi zuzendariek eta irudian, ohi bezala, Javier Agirre Erausorekin aritu dira lankidetzan. Musikarako Arantzazu Callejarekin elkarlanean aritu dira berriro ere.
Zinema Akademia madrildarrak irailaren 18an jakinaraziko du ze film hautatuko zuen nazioarteko film onenaren Oscar saria eskuratzeko lehian jarraitzeko.
Ostean, Donostiako Zinemaldian ikusi ahalko da filma, Perlak sailaren barruan emango baita.