Manex Altuna

Unai Nuñez: «Oso pozik nago etxera itzultzeko aukeragatik eta taldeari laguntzera nator»

Azken bi denboraldietan Celtan jokatu ostean, Unai Nuñez Athleticera bueltatu da utzita. 27 urterekin, azpimarratu du esperientzia gehiago daukala eta jokalari helduagoa dela. Denboraldi honetan egongo diren partida mordoa dela-eta, ziur dago talde zuri-gorriari hobea izaten lagundu diezaiokeela.

Unai Nuñezek agerraldia egin du gaur goizean Lezaman.
Unai Nuñezek agerraldia egin du gaur goizean Lezaman. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Unai Nuñez Athleticera itzuli da eta lan egiteko gogotsu dagoela azpimarratu du. Lezaman egindako agerraldian taldeari «laguntzeko» etorri dela «etxera» errepikatu du hainbat aldiz. Defentsak badaki erdiko atzelari postuan aritzeko lau jokalari daudela, eta uste du bere eskarmentua baliagarria izango dela. Azken bi denboraldietan Celtaren hamaikakoetan ohiko jokalaria izan ostean dator bueltan; eta, 27 urterekin, nabarmendu du jokalari helduagoa dela.

Nuñezen irteera Jon Uriarteren zuzendaritzak orain dela bi urte hartutako lehen erabaki esanguratsua izan zen. Mikel Gonzalez kirol arduradunak astelehenean gogora ekarri zuen moduan, salmenta eman zen unean bost erdiko atzelari zeuden taldean eta dirua jasotzeko aukera lehenetsi zuten. Zortzi miloi inguru izan dira. Uda honetan egin du Celtak ordainketa, eta Nuñezek 2029ra arteko kontratua dauka Vigon.

Baina, egoera aldatu egin da. Jokalariak azaldu duenez, talde galiziarra «arazo ekonomikoekin dabil» eta Athleticera bueltatzeko proposamena jaso zuen. Hala, begi onez hartu zuela aitortu du «nire bizitzako taldeari laguntzeko aukera».

Izan ere, talde zuri-gorriak erdiko atzelari bat gehiago nahi zuen denboraldiari aurre egiteko. Mikel Gonzalez kirol zuzendariak aipatu zuenez, Europako txapelketan aritzeko sailkatuta, gutxienez, 48 partida jokatu ditu aurten Athleticek. Iaz, Kopako finalera iritsita, 46 izan ziren.

Athleticek ez du denboraldi hasiera ona egin eta lau puntu bakarrik pilatu ditu lehen lau jardunaldietan. Unai Nuñez sinetsita agertu da taldeak maila ona daukala eta goraka egingo duela: «Hau hasi besterik ez da egin. Liga oso luzea da, eta txapelketa ugari daude. Lanean jarraitu beharra daukagu, eta ziur nago hobera egingo dugula».

Nuñezen ustez, iaz egindakoa hobetzea da asmoa, nahiz eta onartu ez dela erronka erraza izango. Esan duenez, joan den denboraldiko partida gehienak ikusi zituen zale gisa, eta sekulako poztazuna sentitu zuen Kopako garaipenarekin. «Oso polita izan zen», nabarmendu du.

Galarreta, taldekideekin batera Lezaman

Asteburu honetan liga jardunaldirik egon ez arren, Athleticek entrenatzen jarraitzen du. Datozen egunetan nazioarteko partidak jokatuko dira eta Nico Williams eta Vivian Espainiako selekzioarekin daude, eta Iñaki Williams Ghanarekin. Bestalde, 21 urte egin dituen Padilla atezaina Mexikoren deialdian sartu da lehen aldiz. Yuri, aldiz, ez da taldekideekin batera entrenatu azken egunetan.

Hutsuneak albo batera utzita, Iñigo Ruiz de Galarreta bueltan ikustea izan da berritasun nagusia Lezaman. Erdilari eibartarra jokalari garrantzitsua izan zen joan den denboraldian, baina ezin izan du lehen partidetan parte hartu lesio baten ondorioz. Dirudienez, datorren irailaren 15ean Las Palmasen jokatzeko aukera izan dezake.

Albiste pozgarria da, taldeak partida mordoa jokatu beharko baititu hurrengo asteetan. Izan ere, zazpi partida jokatuko ditu talde zuri-gorriak hiru astetan, bat hiru eguneko.

Kanariar Uharteetan aritu ostean, Leganes taldeari egingo diote bisita irailaren 19an, osteguna, eta asteburu horretan Celta hartuko dute San Mamesen. Hilaren 26an, berriz, Erroman abiatuko dute Europa League txapelketa, eta asteburuan Sevillaren kontra jokatu behar dute etxean. Urriaren 3an, aldiz, AZ Alkmaar izango da San Mamesen eta Gironari egin beharko diote bisita urriaren 6aren inguruan, data oraindik zehaztu gabe baitago. Gero, denboraldiko bigarren geldialdia iritsiko da.