Donostiako Askatuak klub historikoak 50 urte betetzen ditu aurten eta urteurren hori ospatzeko, hilaren 18an, asteazkenean, Josean Gasca kiroldegian Gipuzkoa Basket eta Surne Bilbao Basket taldeek lagunarteko neurketa jokatuko dute 19.45etan hasita. Biak ala biak denboraldia prestatzen ari dira eta motorrak berotzeko ongi etorriko zaie Gasca kiroldegi zaharrean pilatuko dituzten minutuak.
Kirol ekimen honen atzean, bestalde, Gipuzkoa Basketek eta Askatuakek joan zen azaroan sinaturiko hitzarmena dago. Denbora luzez muturtuta eta elkar ikusi ezinik ibili ostean, Donostiako saskibaloi klub biek bidea elkarrekin jorratzeko hautua egin zuten «Gipuzkoako saskibaloia indartzen lagundu ahal izateko asmoz».
«Bi kluben arteko harremanak berreskuratzeko eta normalizatzeko aro berri baten abiapuntua»izan zen azarokoa eta hilaren 18koa, beraz, Askatuak-en berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldi garrantzitsuenetakoa izango da.
Partida horretarako sarreren salneurriak ere jarri dituzte dagoeneko. Hala, Askatuak klubeko jokalariak musu-truk sartuko dira pabiloira; Askatuakeko familia bazkideen artean, haurrak 5 eurotan izango dute sarrera eta helduek, berriz, 10 eurotan; Gipuzkoa Basketeko bazkideentzat sarrerak 10 eurotan izango dira eta gainontzean, partida ikusi nahi dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte. Partidarako sarrerak Gipuzkoa Basket klubeko bulegoan egongo dira salgai.
Zentzu horretan, datorren astelehenean, hilaren 9an, aurkeztuko da ofizialki lagunarteko neurketa hau Donostiako udaletxeko prentsa aretoan 11.30etan hasiko den prentsaurrekoan. Bertan honako hauek hartuko dute parte: Iñaki Almandoz, Askatuak Saskibaloi Taldeko presidentea. Iñaki Gabarain, Kiroletako eta Bizitza Osasuntsurako Donostiako Udaletxeko zinegotzia. Marta Pastor, Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendaria. Estanis Ubarrechena, Askatuak Saskibaloi Taldeko jokalari ohia. Iñaki Yurramendi, Askatuak Saskibaloi Taldeko jokalari ohia. Azkenik, Olivier Gasca, Josean Gasca zenaren semea, Piscinas Pressing-eko arkitektura eta diseinu gerentea.