Batzuetan errealitateak fikzioa gainditzen du eta film hau horren adibide garbia da. João Perei de Souza arrantzalearen eta Dindim izeneko pinguinoaren benetako istorioan oinarrituta dago. Brasilgo uharte urrun bateko hondartza batean, João arrantzale brasildarrak petrolioz estalita eta hilzorian dagoen pinguino bat erreskatatuko du; egun horretatik aurrera lagun banaezinak bihurtuko dira.
Jean Reno frantziarra, Adriana Barraza mexikarra eta Nicolas Francella argentinarra dira protagonista nagusiak.
Abenturazko eleberri klasiko bateko pertsonaia bailitzan, David Schurmann zuzendaria itsaso zabalean hazi zen. 10 urte zituenean, bere familiak belaontzian Lurrari bira emango zion lehen familia brasildarra izatea erabaki zuen; balentria hori 60 herrialde baino gehiago bisitatuz lortu zuten, ekintzaz beteriko hamarkada batean. «João bezalako pertsona ugari ezagutu ditut nire bidaietan, bizitza gogorra eta bakartia daramaten arrantzale tradizionalak», aitortu izan du.
«Egiazko istorio bat zela esan zidatenean asko harritu nintzen», dio Jean Renok. Eta gaineratu: «Maitagarrien ipuin bat zirudien. Honelako istorio hunkigarri, dibertigarri eta gizatiar gehiago behar ditugula uste dut».
Brasilgo hondartza tropikaletan filmatu zen gehienbat eta Patagoniako ia milioi bat pinguinoko kolonia baten artean.