NAIZ

Heïdi Gaugainek zilarra irabazi du errepideko txirrindularitzako C5 proban, hirugarrena Parisen

Hirugarren zilarra du Lapurdin bizi den txirrindulariak. Bestalde, gurpildun aulkiko saskibaloian Asier Garciaren selekzioak zazpigarren postuan bukatu du txapelketa, Frantziari irabazita, Higinio Riverok aurrera egin du parakanoen eta Llopis kanpoan geratu da S8 motako estilo libreko 100 metroetan.

Heïdi Gaugain, Pariseko txirrindularitzako proba batean.
Heïdi Gaugain, Pariseko txirrindularitzako proba batean. (BASQUE TEAM)

Lapurdin bizi den Heïdi Gaugain txirrindulariak bere hirugarren domina lortu du ostiral honetan Paralinpiar Joko hauetan. Lehenengoa pistako txirrindularitzan lortu zuen, belodromo nazionalean, banakako 3.000 metroko jazarpenean, eta urrea lortzetik pauso batera geratu zen. Antzeko zerbait gertatu zitzaion erlojupekoan, beste metal zilarreztatu bat poltsikoratu zuen errepideko txirrindularitzan, eta gaur beste domina batekin itxi du bere parte-hartzea, berriz ere zilarrezkoa izan dena, Clichy-sous-Boisen jokatutako lineako lasterketan. Garailea izan den Sarah Storeyrekin batera helmugaratu da ia, biek 1:54:24ko denbora eginda. Paula Andrea Ossa Veloza kolonbiarrak osatu du podiuma.

Klase berean, C5a, baina gizonezkoen lasterketan, Ipar Euskal Herrian bizi den Dorian Foulonek zortzigarren postuan amaitu du lasterketa, 2:25:58ko denborarekin, Yehor Dementyev ukrainarrarengandik 6:59ra.

Aulkiko saskibaloian Asier Garciaren konbinatuak final-laurdenetako partidatik izan duen bolada txarrarekin hautsi du, Frantziari 72-57ko emaitzarekin irabazi eta txapelketako zazpigarren postua lortuz. Basque Teameko kirolaria domina baten bila zetorren bere laugarren Jokoetara, baina zazpigarren postu horrek ematen dion diplomarekin amaitu du bere parte-hartzea.

Higinio Rivero, aurrera; Llopis, kanpora

Parakanoen Higinio Rivero sailkatu da VL2-200 metroko probako finalerdietarako. Fernando Rufino de Paulo brasildarrak gidatu duen lehen sailkapen txandan, erritmo gogorra ezarri du. Karioka 53.40ko denbora eginez helmugaratu da eta Higiniok laugarren postua lortu du, kronoa 59.26an geldituz. Txanda bakoitzeko lehena bakarrik sartzen zen A finalean. Riverok igande goizeko finalerdian lehiatu beharko du desiratutako finalean sartzen saiatzeko. Gogoratu behar da parakanoistiak diploma bat zuela proba honetan Tokioko Jokoetan seigarren amaitu ondoren.

Azkenik, ostiral honetan, Defense Arenan, Iñigo Llopis igerilariak ez du S8 motako estilo libreko 100 metroko finalerako txartela lortu, hamairugarrena izan baita goizeko sailkapenen ostean. Arratsaldeko finalera zortzi onenak pasatzen ziren.