Jon Ormazabal

Partida dotore batekin apaindu dute Altunak eta Iztuetak finalerdietarako sailkatu izana

Ezkurdia eta Albisuk ere ondo ekin diote lehiari, baina erditik aurrera behera egin dute Zestoako partida gustagarrian.

Martxel Iztuetak oso maila polita erakutsi du lehen mailan jokatutako lehen txapelketan.
Martxel Iztuetak oso maila polita erakutsi du lehen mailan jokatutako lehen txapelketan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Partida dotore eta gustagarri batekin itxi dute gaur Zestoan Jokin Altuna eta Martxel Iztuetak euren Masterseko finalerdietarako sailkatzea. Maila honetan debutaria izaki, bazen zalantzarik atzelari tolosar gazteak eman zezakeen mailaren inguruan, baina amezketarraren babesean, bere gai guztia atera ahal izan du orain arteko partidetan eta, zortea lagun, etorkizun handiko atzelari bat dela berretsi du. Batez ere lehen erdiarekin, baina pozik irten dira Zestoako frontoia bete duten pilotazaleak, Ezkurdia eta Albisuk ere tanto eder ugari utzi baitituzte. Oldarkor aritu da sakandarra, aspaldiko partez ezker gantxoarekin mina egin du eta, garaipenetik urrun geratu badira ere, poza ematen du arbizuarra aldarte onean ikusteak.

Asteazkenean Urduñan aurrera egiteko aukerarik gabe geratu ostean, edo agian horrek kendutako presioarekin, jostari ekin diote partidari Albisuk eta, bereziki, Joseba Ezkurdiak. Oso ausart hasi da arbizuarra, Jokin Altuna aurreko koadroetan bilatuz, pilotalekua bete duten zaleen gozamenerako. Partida hasiera oso entretenigarria eskaini dute laurek, aurrelariek protagonismo handiarekin, markagailuan oreka handiarekin eta, bereziki, tanto oso txalotuekin.

Goitik behera

Zazpinako berdinketatik aurrera, ordea, gorriek ihes egin dute markagailuan, alde batetik Jokin Altunak jokoaren ekimena lortu duelako, baina baita Jon Ander Albisuk egindako hutsei esker. Ataundarrak, gainera, ez du batere zorterik izan goiko txaparekin,–lau pilotek ere egin diote ihes– eta hortik joan zaie partidaren zati handi bat.

Bete aldean, Martxel Iztuetak, amezketarraren altzoan, beste partida borobil bat jokatu du, gutxi galdu eta eskuinez ikaragarri emanaz, baita bi pilota errebotean jarrita. Lehiaren bigarren erdian lehenean izan ez den nagusitasuna izan du bikote gipuzkoarrak eta lehen helburua bete izanaz gozatzeko beta ere izan dute.

FITXA TEKNIKOA

Altuna-Iztueta: 22

Ezkurdia-Albisu: 13

Pilotakadak: 536. Iraupena: 36,04 minutu. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-4, 4-4, 4-5, 6-5, 6-6, 7-6, 7-7, 13-7, 13-8, 14-8, 14-9, 19-9, 19-12, 20-12, 20-13, 22-13. Sakeak: 2 Altunak eta 0 Ezkurdiak. Egindakoak: 9 Altunak, 3 Iztuetak, 6 Ezkurdiak eta 1 Albisuk. Galdutakoak: 3 Altunak, 3 Iztuetak, 3 Ezkurdiak eta 4 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera bikaina Zestoako udal pilotalekuan. Lehen sakea urdin. Partida hasi aurretik, berotzen ari zirela Ezkurdiak jotako pilotakada batek Altunaren buruan jo du, aparteko ondoriorik gabe.