Jon Ormazabal
Entrevue
Ander Murua
Aspeko aurrelari berria

«Aldaberen eta nire debutak presa alde batera uzteko balio dezakete»

Kantxan afizionatu mailan irabaz zitezkeen txapel garrantzitsu ia guztien jabe, bazirudien arrasatearraren profesionaletarako jauzia emateko aukerak agortzen ari zirela, baina pilotarekiko duen grinak eta azken urtean emandako aurrerapausoak bere ametsa egia bihurtzeko aukera ekarri diote.

Ander Murua.
Ander Murua. (Maialen ANDRES/FOKU)

Mondragones, Arriaran anaiak, Bolinaga... pilotari handi ugari eman dituen herria da Arrasate, baina XXI.mendeko bertako lehen pilotari profesionalak gaur egingo du debuta, Arrasaten bertan, 17.00etan hasiko den jaialdian. Egungo enpresen azkenaldiko politika pilotari oso gazteei aukera ematea izan bada ere, Ander Muruak ia 24 urterekin egingo du profesionaletarako jauzia. Bikuñak lagunduta, Egiguren V.aren eta Joseba Aldaberen aurka jokatuko du. Igantziko atzelariari 27 urterekin heldu zitzaion aukera eta gauzak aldatzen ari ote diren lehen zantzuak izan daitezke. Asperen kasuan, esaterako, Arkaitz Gabirondok jauzia 19 urterekin eman bazuen ere, Eibarko enpresarekin debuta egindako gehienak 20 urtetik gorakoak izan dira; Aldabe (27), Murua (23) Mata (23), De la Fuente (21).

Dagoeneko urduritzen hasia?

Ez, momentuz ez, baina nahi dut, bai, eguna ahalik eta azkarren heltzea. Egun politak izaten ari dira azken hauek, baina debutaren eguna heltzeko gogo handiarekin.

Izan ere, kosta zaizu saltoa ematea.

Bai, 23 urte ditut, urrian 24 egingo ditut eta aukera hau agian beste batzuei baino beranduago heldu zait, baina etorri da eta hori da orain garrantzitsuena eta horrekin geratzen naiz.

Nola jakin zenuen debutatzeko aukera emango zizutela?

Astelehen goiz batean Lizartzan entrenatzen ari nintzela deitu zidan Iñaxio Errandoneak, esateko nirekin kontatzen zutela beraien plantillaren parte izateko eta ea nahiko nuen, eta nik baiezkoa azkar eman nion, bi aldiz pentsatu gabe.

Urte asko neramatzan une hau heltzeko zain eta lan egiten, eta bi aldiz pentsatu gabe baietza eman nien.

Esperantza galtzera heldu zinen uneren batean?

Bueno, egia esan, inoiz ez dut izan esperantza handirik, baina esperantza galduta ere ez. Gero, adibidez, Joseba Aldaberen debutarekin bai pentsatu nuen ‘ostra, agian  niri ere ahal zait heldu aukera hori’, baina, egia esan, ez naiz askorik obsesionatu urte hauetan, ze bestela askoz okerrago pasatzen da eta iristen bazen ondo, eta bestela ere bai. Zorionez, iritsi da eta oso pozik.

Zuk zurean, pilotan, jarraitu duzu, eta afizionatu mailan irabazi ahal diren txapel garrantzitsu ia guztiak etxeratu dituzu.

Bai, batez ere, nik uste iazko irailetik hona entrenamenduak eta lan fisiko onak egin ditudala; gero frontoian oso ondo aurkitu dut nire burua, partidak ondo aukeratu ditut zeintzuk nahi nituen jokatu eta zeintzuk ez, eta emaitzak oso oso onak izan dira.

Aldaberen kasua aipatu duzu; biak zarete, azken urteetan dagoen ohiturarako, ez dakit 24 urterekin zaharrak hitza erabil daitekeen, baina ohikoa baino zaharragoak bai. Afizionatuetan daudenek  itxaropena izateko arrazoiak badira?

Bai, nik uste dut beste afizionatuek ere pozik hartu dutela nire albistea, nik Josebarena hartu nuen bezala. Azkenean, 18-19 urterekin jauzia ematen ez baduzu, askok esperantza galtzen dute eta albiste hauekin beraiengan esperantza piztu, edo behintzat, presak alde batera utz ditzaketela uste dut.

Joseba Aldabe bera ere oso ondo egokitu da profesionaletara. Erreferentzia hori izatea ere izango da zuretzat esperantzarako motibo, ezta?

Bai. Nik aspalditik ezagutzen dut, berarekin partida asko jokatutakoa naiz, kontra ere bai, eta badakit ze maila duen, eta ez nau harritzen ematen ari den maila.

Zu ere zailduta zatoz, afizionatuetan ere asko ikas daitekeen seinale.

Bai, sekulako maila dago. Hor pilotari beterano batzuk daude, Azketa, Eneko Labaka... halako pilotari asko daude maila handikoak eta hauei irabazteko lan asko egin behar da eta azkenean ofizioa beraiek bezalako aurkarien aurka jokatuta ikasten da, eta horrek asko laguntzen du.

Azken urteetan Asperekin aurrekontraturik ere ez duzu izan, ezta?

Ez, inoiz ez dut izan. Azken urte hauetan beraiekin entrenatzen, bai, ibili naiz. Jokin Etxanizek aurrelari bat behar zuenean entrenatzeko edo taldea osatzeko deitzen zidan eta joaten nintzen, baina inolako kontraturik gabe.

Gertutik jarraitu dizu orduan Jokinek.

Bai, aspalditik ezagutzen dut bera eta badaki ze maila ematen nenbilen afizionatuetan eta entrenatzen. Eta irakasle oso ona da, onena ez bada. Orain bere eskuetan nago eta ea berak dakien guztia ikasterik dudan.

Orain sarriago entrenatuko zinen profesionalekin. Alde handia nabaritzen da?

Bai. Azken bi aste hauetan entrenamendu serioak egin ditut eta erritmoa eta piloten  pisuan eta azkartasunean bai igartzen dela diferentzia, batez ere azkenaldian udako partida asko jokatu ditudalako, eta erritmoa asko aldatzen da.

Idoloren edo ereduren bat izan duzu pilotan?

Ni beti Irujo zalea izan naiz eta berak utzi zuenean Altuna zalea, ni beti a caballo ganador. Beraiek ikusten asko ikasten da ere eta gozarazi egiten digute entrenatzen beraiekin; Jokin Etxanizek aurrelari bat  behar zuenean entrenatzeko edo taldea osatzeko deitzen zidan eta joaten nintzen, baina inolako kontraturik gabe.

Arrasaten aspaldi ez da profesionalik egon. Izango da ikusminik, ezta?

Azkena Urra izan zen eta nik ez nuen jokatzen ikusi, pentsa. Nik uste herrian piztu dela txispa hori eta ondo etorri zaiola nire debuta.

Historikoki herri pilotazalea izan da Arrasate; aspaldian pilotari kopuruan dezente jaitsita zegoen, baina azken urte hauetan herriko kluba lan ona egiten ari da eta berriz ere berpiztu egin da gogo hori eta ea hala jarraitzen duen.

Helbururik jarri diozu zure buruari?

Ez, lehen helburua debuta da eta hortik aurrera partidaz partida joatea, orain arte bezala lanean jarraitu, eta hori egiten badut eta zorte apur batekin emaitzak  etorriko direla uste dut.

«Badakit ez dudala nire burua presionatu behar, baina bai izan behar dudala exijentea nire buruarekin; ezin naiz erlaxatu, nire maila eman behar dut»

Bi urteko kontratu horrekin zeure burua gehitxo estutzea ez da ona izango.

Badakit ez dudala nire burua presionatu behar, nire kalterako izango litzatekeelako, baina  exijentea izan behar dut nire buruarekin, ezin naiz erlaxatu; txapelketetan maila eman eta txapelketatik kanpoko partidetan ere nire maila eman.

Enpresak zerbait eskatu edo esan dizu?

Ez, ahalik eta mailarik altuena ematen saiatzeko eta behintzat entrenamenduekin seriotasun hori mantentzeko.

Nolako pilotaria zarela esango zenuke?

Bueno, nik uste hor aurrean  jokatzea gustatzen zaion aurrelari bat naizela. Aurreko koadroetan errematea eta abiadura; nik uste horiek  direla nire kolperik garrantzitsuenak.

Fisikoki indar handia hartu duzu azkenaldian.

Bai, fisikoki nik uste azken urte honetan abiadura irabazi dudala eta sorbaldetan-eta indar dezente, eta nik uste hori kantxan nabaritzen dela.

Binaka gusturago aritzen zara buruz buru baino?

Bai, azkenen afizionatuetan gehienbat binaka jokatu dut eta horretan nik uste nire modalitaterik gogokoena binakakoa dela, baina orain, urrian, lau eta erdikoa izango dugu eta hor ere gogoz.