Iaz amaitu bezala hasi du aurtengo denboraldia Super Amara Bera Berak. Hau da, txapeldun izaten. 2023-2024an hirukoa lortu zuten donostiarrek -Superkopa, Kopa eta Liga–; eta aurten Iberiar Superkoparekin ireki dute denboraldi ofiziala finalean Elxi 19-28 irabazita.
Emaitzaz harago, garrantzitsua da modua. Hau da, Bera Berako jokalariak fisikoki eta animikoki topera daudela dirudi. Adibidez, Marie Louisek denboraldia jokatu gabe pasa zuen iaz, lesio larri batengatik, eta Iberiar Superkopa honetan minutu asko izan ditu, itxura oso ona emanda, gehienbat defentsan.
Maitane Etxeberriak Parisko Olinpiar Jokoak jokatu zituen, baina lehenago amaitu zitzaion abentura beste lesio batengatik. Hala ere, lezotarrak bere ohiko abiadura eta ezker zitalarekin jarraitzen du.
— super amara Bera Bera (@BalonmaBeraBera) September 8, 2024
Igande honetako finalean, gainera, Esther Arrojeriak bost gol sartu ditu eta, zentzu honetan, udaran iritsitako Eszter Ogonovszky, larunbateko finalerdian ez bezala, sei gol egin ditu, bere maila eta taldera azkar ohitu dela erakutsiz. Kontrako aldean, defentsan, jokalari askok izan dituzte minutuak finalean, eta 19 gol "bakarrik" jasotzea, meritu handikoa da. Eta jokoaren antolaketan, Elke Karstenek bere gogortasuna erakusten jarraitu du, eta oso garrantzitsua dena, aurten iritsi den Elba Alvarezek beste neurketa ona egin du, larunbatean bezala, galoiak azkar hartu dituela erakutsiz.
Eta zer esan atezainekin? Larunbatean Lucia Pradesek jokatu zituen partidako minutu gehienak, eta aurten iritsitako atezainak 14 geldiketa egin zituen. Igande honetako finalean, aldiz, Tamara Kostic izan da atezain titularra, eta ez da atzean geratu. 15 geldiketa zenbat dizkiogu.
Argi dagoena da Imanol Alvarezek taldea osatu duela berriro ere. Lehen zatian 8 geldiketa egin ditu Kosticek Elxen erasoei aurre egiteko. Eta egia esan, kosta egin zaio Bera Berari lehen gola egitea. 5:40 minutuan iritsi da lehena, Esther Arrojeriarena. Ordurako Elx 2-1 irabazten zihoan eta bere atean Nicole Morales maila handiko atezaina zegoela ikusita, ez zen seinale ona.
Lasaitasuna eta konfiantzatik
Hala ere, donostiarrek buelta eman diote emaitzari (3-4) eta partida orekatu egin da, lau berdinketa ikusi baitira. 8-8koa izan da azkena; hortik aurrera, Bera Berak beste martxa bat ipini dio neurketari eta, nahiz eta Nicole Moralesek geldiketa ugari egin –larunbateko finalerdian gakoa izan zen bere lana–, Imanol Alvarezen jokalariek jakin izan dute atsedenaldira hiru goleko abantailarekin joaten (10-13). Esther Arrojeriak lau golekin amatu du lehen zatia.
Bigarren zatian, Zaira Benitezek mina egin dio defentsari, baina Bera Berak oso ondo jakin du jokatzen. Giuliana Gavilanek txartel gorria ikusi du partidaren azken minutuetan aurkari bati eskuarekin aurpeegian nahigabe jotzeagatik. Hala ere, Imanol Alvarezek errekurtso nahikoak ditu defentsarako: Tchaptchet, Alba Menendez edota Karsten bera.
Garaipenak ez zaie eskuetatik alde egin eta Elxeri nabaritu zaio oraindik ez dela benetako mailara iritsi. Denbora du oraindik, baina horretan Bera Bera beste pauso bat aurrerago dago eta bere mesederako izan daiteke Ligara, Kopara eta Europara begira.
PARTIDAKO FITXA:
19 - Elx: Morales, Carratu; Agullo (2), Oppedal (2), Patricia Mendez (1), Carrillo (3), Flores (1), Benitez (5), Bernabe (1), Rubio (1), De Abreu (2) eta Claudino (1).
28 - Bera Bera: Kostic, Prades; Elba Alvarez (3), Arrojeria (5), Ogonovszky (6), Marie Louis (2), Alba Menendez, Laura Hernandez (1), Maitane Etxeberria (3), Karsten (2), Tchaptchet (1), Erauskin (3), Gavilan (1) eta Arroyo (1).
Epaileak: Hugo Daniel Dias eta Alexandre Martins. Bi minutu kaleratu dituzte Aguado, bernabe (2) eta Rubio Elxen; eta Arrojeria, Tchaptchet (2) eta Arroyo, eta txartel gorria atera diote Gavilani.
Partzialak bost minuturo: 2-0, 3-5, 5-6, 7-8, 9-11, 10-13 (atsedenaldia), 12-16, 14-18, 15-20, 16-23, 16-24 eta 19-28 (amaiera).