Milaka gaztek egin dute bat igande honetan, Kontxako estropaden ostean, Ernaik deitutako mobilizazioarekin. Gazte erakundeak indar erakustaldi batekin erantzun nahi izan dio azken hilabeteetan euren kontra irekitako oldarraldiari. Izan ere, orain lau hilabete erakundeko 133 kidek isuna jaso zuten Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta Gasteizen egindako ekimenetan parte hartu izanagatik, eta Ernaik 290.500 euroko zigorrari aurre egin behar izatea ekarri du horrek.
Manifestaldia abiatu aurretik prentsaren aurrean egindako adierazpenean, Ernaiko eledun Amaiur Egurrolak adierazi du «operazioak posizio politiko bat isilarazteko nahia» duela eta gazteriak «kaleak hartzen» jarraituko duela ziurtatu du, «geroz eta gehiago garelako independentziaren aldeko hautua egiten dugunok».
Bere hitzetan, isunaren asmoa erakundea «ekonomikoki itotzea» da: «Honek XXI. mendeko errepresio mota bati, errepresio ekonomikoari erantzuten dio eta, beraz, ekonomikoki ito nahi gaituzte politikoki desagerrarazteko», nabarmendu du. Horren aurrean, baina, aurrera jarraituko dutela ziurtatu du eta isunek erakundean eragin duten zuloari aurre egiteko crowdfunding kanpainak aurrera jarraitzen duela ere ekarri du gogora.
Era berean, datozen hilabeteetan ere mobilizazioek jarraituko dutela aurreratu du, urriaren 12an zein Gazteon Eskutik ekimenean: «Ikasturte honetan zehar bestelako ekimen batzuk izango ditugu eta horietara dei egiten dugu, bereziki udaberri honetan izango dugun Gazteon Eskutik ekimeenan: euskal gazteriari dei egiten diogu bertan gazte independentistok elkartu eta bat egiten jarraitzeko».
Ametsak eraikitzen
Gauzak hala, manifestaldia 13.30ak pasata irten da Donostiako Bulebarretik, eta erdigunea zeharkatuta leku berean eman zaio amaiera. ‘Bat eginez independentziara’ lemadun pankarta gidari, milaka gazte –eta ez horren gazte, baita turista despistaturen bat ere tartean– bildu dira aldarriarekin eta, besteren artean, ‘Euskal gazteria aurrera’, ‘Gazte borroka, gazte antolakuntza’ edota ‘Ez gaituzte geldituko’ leloak hartu dituzte ahoan, ikurrina eta Nafarroako bandera artean, Bulebarrera itzultzen ziren artean.
Bulebarrean, poesia saio batekin ekin diote mobilizazio amaierako ekitaldiari, gaztetasuna eta ametsen mundua elkar lotuz, eta «ez badigute amesten uzten ez diegu lorik egiten utziko» gisako esaldi argigarriak eskainiz.
Oholtza gainean, Egurrola izan da baita ere azken mezua helaraztearen arduraduna. Erakunde oso baten hitzak bere eginez, Ernairen kontrako operazioa ez dela ausazkoa izan nabarmendu nahi izan du. «Eraso hau Ernaik agortuta dagoen espainiar Estatuaren eskaintza inpugnatzeko eta bestelako Euskal Herri baten aldeko borrokari ekiteko gero eta indar handiagoa duen unean» ematen dela iritzi du eta «operazio hau, beraz, horren erreakzio bat baino ez» dela erantsi. «Gure unea heldu da eta horregatik abiatu dute gure aurka gazteria independentista jopuntuan jartzen duen operazioa», berretsi du
Gazteak ameslariak direla eta amets egiteaz gainera horiek erdiesteko lanean ere trebeak direla adierazi du Egurrolak. «Amets horiek errealitate bilakatuko ditugula konbentzituta gaude, ametsak egi bihurtzera goaz», esan du.
Urriaren 12an, Tafallara
Era berean, Segurtasun Sailaren «arbitrarietatea eta desproportzionaltasuna» salatzeko epaitegietara jo dutela ere ekarri du gogora. «Operazio hau abiarazi izanaz damutuko zarete», esan du, eta datozen hilabeteetan mobilizazio gehiago egongo direla iragarri du, hurrengoa, aurrez aipatu bezala, urriaren 12an.
«Proiektu espainolistaren defendatzaileek Nafarroaren zatiketa betikotu nahi dute: gure hizkuntza eta kultura desagerrarazi eta balio atzerakoiak gailendu. Horregatik, urriaren 12 honetan Tafallan mobilizatuko gara, oldarraldi horri aurre egingo diogu eta Euskal herria antifaxista irabazio dugula argi utziko dugu».
Egurrola deialdiak izandako erantzunarekin asebeteta agertu da prentsaren aurrean. «Gaurkoa erantzun sendoa da, gazte eta independentista asko elkartu gara Donostian», nabarmendu du, baina azpimarra azken lau hilabeteetan jaso duten babesean jarri nahi izan du: «Jaso dugun bulkada soziala itzela izan da, Euskal Herrian badago pizten den elkartasun bat eta hori jaso dugula sentitzen dugu», amaitu du.