Setem Hego Haizea eta Mundukide, bi aldeetara doan kooperazio baten eredu
Kooperantearen Eguna da gaur. 2000n, gaurko egunez, munduko buruzagiek Nazio Batuen egoitzan Milurteko Adierazpena onartu zuten, eta «muturreko pobrezia maila murrizteko» aliantza sortu zen. Dozenaka euskal kooperante ari dira txirotutako herrialdeetan lankidetzan.
Dozenaka euskal kooperante eta erakundeetako kide ari dira txirotutako herrialde askotan lankidetza proiektuak bultzatzen; ondoko arloetan, besteak beste: hezkuntza, azpiegiturak, osasuna, emakume eta gizonen arteko ekitatea, eta emakumeen ahalduntzea. Lagun horien lanik gabe ezinezkoa da euskal lankidetzak bultzatutako proiektuak egitea, gizartearen elkartasunaren eta konpromiso solidarioari esker egindakoak, hain zuzen ere.
Gaur Kooperantearen Eguna dela baliatuz, horri buruz hitz egin dute Naiz Irratian Maider Arnaiz Setem Hego Haizeako kooperazio arduradunak eta Xabi Garabiota Mozambiken dabilen Mundukideko kooperanteak.
«Setemen lantzen dugun gai nagusia ekoizpen eta kontsumo eredu arduratsu eta eraldatzailea da, ikuspegi feministatik. Horren barruan, hezkuntza arloan lan egiten dugu, bai gure inguruan eta bai Latinoamerikako hainbat herrialdetan; besteak beste Chiapasen, Mexikon. Han ere badaukagu kooperante bat», azaldu du Arnaizek.
Chiapasen dagoen kooperante hori lankidea da, profesionala, baina bada kooperante izateko beste bide bat ere. Badute programa bat lankidetza lantegiena eta hor formazio bat eskaintzen dute boluntarioentzat, normalean urtarrilean hasi ekainera bitartean luzatzen dena.
«Hor, esperientziarako prestatzeaz gain, ohikoak izaten diren pentsamendu batzuk eraldatzea da asmoa. Adibidez, guk uste dugu ez goazela laguntzera: kooperazioa bi aldeetara doa, guk ere asko ikasten dugu haiengandik», argitu du Setemeko kooperazio arduradunak.
Ikastaro horren ondotik, Setemek lan egiten duen herrialdeetara bidaiatzen dute. Aurten, adibidez, lau boluntario ibili dira Guatemalan.
Honako bidaia ere egiten da
«Hainbat proiektu bultzatzen ditugu Kolonbian, Ekuadorren, Guatemalan, Salvadorren... eta egitasmo horiek gauzatzerakoan, batzuetan, Euskal Herrira etortzen dira hango herritarrak. Aukera hori aprobetxatzen dugu orduan hemengo jendarteari zuzendutako ekintzak egiteko eta sentsibilizatzeko», adierazi du kooperazio arduradunak.
Elikadura subiranotasuna bilatzen duten proiektuak sustatzen dituzte, baita emakumeen ahalduntzearen aldekoak ere. Horiek sarri proiektu produktiboak izaten dira, emakumeen autonomia ekonomikoa bultzatzen dute eta, aldi berean, autonomia soziala ere bai. Egitasmo nahiko zabalak izaten dira.
Finantza etikoen esparrua ere jorratzen dute Setem Hego Haizean. «Guk hemen hartzen ditugun erabakiek asko baldintzatzen dute kanpoan gertatzen dena; hau da, finantza erakunde bat hartzeak beste herrialde batean gerra finantzatzea ekar dezake, badakigulako banku askok, gehienek ez bada, armak finantzatzen dituztela eta horrek inpaktu zuzena duela gerretan».
Mundukide
Xabi Garabiota Mundukideko kooperantea da. Afrikako hegoaldean dabil, Mozambikeko programan. «Bizi baldintza ezberdinak dira gu ohituta gaudenekin konparatuta. Baina esperientzia oso polita da, betetzen zaituen horietakoa», adierazi dio Naiz Irratiari.
Nekazaritza arloko proiektuak gauzatzen ditu. «Mozambikeko biztanleen %80-90ek nekazaritzan lan egiten dute eta guk arlo horretan laguntzen dugu lehengaiak eskuratzeko erraztasunak emanez, produkzio teknikak hobetuz eta merkataritza arloan lagunduz», zehaztu du.
Kooperante izateak kanpoan bizi izandako esperientziak gure herrira ekartzeko bokazioa ere badu.
Begiak irekitzen dituen esperientzia da
Garabiotak baieztatu du esperientzia pertsonal modura begiak irekitzen dituela halako bizipen batek. «Hemen dauzkagun bizi baldintza oso on horiek ez dauzkate han, eta alde horretatik kontzientzia pizten da: zergatik dauzkagu hemen horrenbeste gauza eta eurek hain gutxi? Orduan, hemen dauzkagun gauzak askoz ere gehiago baloratzen ikasten duzu».
Orain dela urtebete heldu zen bera Mundukide erakundera, baita Mozambikera ere. «Mundukiderekin prozesua oso samurra izan da, talde eta lan giro oso ona dagoelako eta erraztasun asko jartzen dituztelako zure lana aurrera ondo eraman dezazun. Alde horretatik oso pozik nago», agertu du.
Gero, Mozambiken bertan, «bizi esperientzia oso ezberdina da, lehenago esan dudan bezala, bizi baldintzak oso eskasak eta prekarioak dira eta horrek lan egiteko orduan ere izugarri eragiten du. Baina, azkenean, ikusten duzu zure lanarekin pertsonen bizitza hobetzen saiatzen zarela eta horrek sentimendu ona ematen du».
Mundukidek bost herrialdetan egiten du lan: Afrikan Etiopia eta Mozambiken, eta Hego Amerikan Brasil, Kolonbia eta Ekuadorren.
Garabiotak aitortu du bere etxekoek nahiago dutela bera inguruan egotea, baina badakitenez halako esperientziak asko gustatzen zaizkiola, onartu egiten dute.
Gaur beren eguna ospatzen dute kooperanteek eta hemendik zorionak ematea besterik ez zaigu gelditzen.