Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

«Arrakasta» sendotu eta proposamenak berritzeko prozesua abiatuko du EH Bilduk hilaren 21ean

Azken urteotan EH Bilduk izandako ibilbidea «arrakasta politikotzat» jo du Arnaldo Otegik. Datozen urteotan bide horretatik jarratzeko oinarriak jartzeko, konferentzia politikoa egingo du indar politiko honek hilaren 21ean Donostiako Tabakalera gunean.

Arnaldo Otegi, gaur Donostian egin duen agerraldian.
Arnaldo Otegi, gaur Donostian egin duen agerraldian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

EH Bilduren eskaintza politikoa berritzeko eta indartzeko konferentzia politikoa burutuko dute hilaren 21ean Donostiako Tabakalera gunean, gaur formazioaren idazkari nagusi Arnaldo Otegik jakitera eman duenez Donostian Mahai Politikoak egin duen bileraren atsedenaldian. Honekin batera, ostegunean kurtso politikoari hasiera ofiziala emango diote EH Bairekin batera, ezker abertzalearen izaera nazionala erakusteko.

Otegik adierazi duenez, EH Bilduren ibilbidea «arrakasta politikoa» izan da azken urteotan. Hori gerta zedin arrazoi garbiak daudela nabarmendu du. Horrela, «sektarismotik alde» egin dute; «egoera politikoa ongi hausnartu» dute Euskal Herrian, Estatuetan zein mundu mailan; eta «fronte zabalak eta gutxieneko programak adosteko gaitasuna» izan dute.

Gauzak horrela, Otegiren arabera, Euskal Herriko herritarren gehiengoaren nahiekin bat egitea lortu du EH Bilduk. «Dena den, ez da autokonplazentziarako unea. Zorrotz jarraitu behar dugu. Etengabeko berritze eta gaurkotze prozesuan gaude», gaineratu du.

EH Bilduk euskal herritarren interesen defentsan tresna eraginkorra izaten jarraitu nahi duela erantsi du. «Exijentzia bat da, orain arte jendearen interesei eta beharrei erantzuteko», esan du. Konferentzian hausnarketa berritu, herritarrekin konpartitu eta datozen urteotarako ildoa finkatzea dira helburuak.

Tabakalera kultur sorkuntzarako gunea dela gogoratu ondoren, «EH Bilduk ere herri honi sorkuntza ekarri nahi diola» esan du Otegik.

Kongresuaren prozesuaren abiatzea

Konferentzian EH Bilduren kongresuaren prozesuaren erreglamentua bozkatuko dela jakinarazi du Otegik. Modu honetan, kongresuaren prozesuari hasiera emango zaio. «Oso termino lasaietan emango den prozesua izango da. Berritzailea izan nahi du. Bare eta lasai izango den prozesua da», adierazi du.

Azken hauteskundetan herritarren sostengu zabala jasotzeak baretasun horren osagaia da Otegiren arabera.

«Euskal Herria erdian jarri nahi dugu. Herritarren interes eta arazoei aurre egiteko formula fresoak eskaini nahi dizkiegu. Jendeari interesatzen zaizkion gauzetaz hitz egin nahi dugu», nabarmendu du Otegik.

Estatus politikoa: «Akordiorako prest»

Herritarren interesen artean, estatus politikoaren eztabaida kokatu du Otegik. EAJko buru Andoni Ortuzarrek gaur esandakoari buruz galdetuta, hitz egiteko prest daudela erantzun du. Otegiren arabera, gai honen inguruan adostasun zabala dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Izan ere, gogoratu duenez, Gasteizeko Parlamentuko 75 hautetsietatik 55ek bat egiten du naziotasuna eta erabakitzeko eskubidearekin. Udal mailan, sostengua zabalagoa da oraindik (ia %100ekoa, Otegiren arabera), aldundietan eta arlo sindikalean bezala.

«Ura, egon badago. Gu akordio zabal batera heltzeko predisposizioa dugu», esan du.

Hiru herrialde hauetatik haratago, Nafarroa Garaian ere autogobernua indartu eta zabaldu behar dela esan du Otegik, beti ere nafarren iritzia kontuan hartuz. «Nafarrek gauza guztietaz erabakitzeko eskubidea dute. Gauza guztietaz, ez bakan batzuetaz. Eta horien artean, beste euskal lurraldeekiko harremana dago».