Euskal mitologiak, fantasiak eta abentura liburuek txunditu zuten nerabetan Amancay Gaztañaga, eta egungo nerabeek hori euskaraz bizitzeko nahiak bultzatu zuen idazketa prozesura. Hasieratik zuen argi trilogia bat idatziko zuela, eta astearte honetan aurkeztu du lehendabiziko liburua Donostian, ‘Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa’ (Elkar, 2024).
Hiru liburuetako protagonista da Martin Martina, 13 urteko nerabe intersexuala. Aspaldidanik zuen Gaztañagak pertsonaia buruan, izan ere, aurkezpenean kontatu du bera jaio aurretik ba omen zegoen Martin Martina deitzen zioten pertsona bat Zestoan: «Kontakizun asko iritsi zaizkit bere inguruan, emakume bizarduna omen zen, gona loredunekin ibiltzen zena, eta emakumezkoek oraindik tabernetan sartu ezin zuten garaian bera gizonekin museak ibiltzen omen zen. Garaian hermafrodita bezala izendatzen zuten, egun pertsona intersexual gisa izendatuko genuke».
Martin Martinaren kontakizunek eta egungo egoerak zer pentsatua eman zion zestoarrari, «intersexualentzat ez dago tokirik gizarte honetan», azaldu du. Eta berak, fantasiazko eta abenturazko mundu bat sortu dio bizi dadin. Gainera, euskarak genero markarik ez izateak asko lagundu diola aitortu du, «euskal mitologiak ere asko du horretatik, baina arakatu egin behar da».
Trilogia osatzen duten hiru liburuetan naturaren presentzia handia dela gaineratu du idazleak, «euskal jendartea oso naturari lotuta egon da eta hori agertzea nahi nuen». Dokumentazio lan handia egin du Gaztañagak, ondoren fantasiazko mundua sortu duen arren, euskal mitologian oinarritutako pertsonaia eta kondairak hartu baititu abiapuntutzat, eta horretarako, «euskal mitologiaren atzean dagoen sistema» ikertu du, izan ere, bere ustez egun mitologia «oso azaletik» landu ohi da: «Adibidez, euskal mitologia ‘divino femeninoan’ oinarrituta dago, eta hori ez dakigu», azaldu du.
‘Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa’ da lehenengo liburua, lamien munduan murgilduko da protagonista bertan. Institutuko zuzendariak aiton-amonen gazteluan uda pasatzera zigortu du Martin Martina, gazteluaren hormek sekretu asko gordetzen dituzte ordea; lapurreta bat ere gertatuko da, lamiaren orraziarena. Egungo testuinguruari ere lotuta dago istorioa, izan ere, aurkezpenean Gaztañagak aurreratu du AHTaren eraikuntza lanak «bat-batean» asko aurreratu direla, eta gogoratu du euskal mitologian lamiek eraikuntza lanetarako dohaina dutela.
Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak Gaztañagak «beste aldekoarekin» konektatzeko duen gaitasuna azpimarratu du, kasu honetan, irakurlearekin. «Gaur egungo gazteen kodeak erabiltzen ditu, eta konplizitate keinuak egiten dizkie liburuan geratu daitezen». Besteak beste, globalizazioa, herri txikien hustea eta naturarekin konexioa direla liburuko gaiak azaldu du Mendizabalek. Gaineratu du, kasu honetan, protagonista intersexuala izatea ez dela tramaren «kezka iturria», eta hori baikortzat jo du.
Fantasiaren garrantzia
Bestalde, fantasiazko liburuak euskaraz egotearen garrantzia azpimarratu dute aurkezpenean. Euskal mitologiak dituen kondaira eta elementu guztiekin, «sinesgaitza» egiten zaio idazleari horri lotutako liburu gehiago ez egotea.
Mendizabalek azpimarratu du euskal mitologiaren iruditegia «eguneratzeko» ariketa egin duela Gaztañagak, eta horrek, nerabeak euskal kulturara «folkloreaz harago» erakartzea lortu dezakeela. Beste hizkuntzetan arrakasta handia duen liburu mota dela gaur aurkeztutakoa azaldu du editoreak eta euskaraz ere bere bidea urratzea espero duela aitortu du.
«Haurrak fantasia bidez konektatzen dira guretzat politikoak diren gauzekin», zehaztu du Gaztañagak, eta zenbait balore eta sinesmen transmititzea ere baduela helburu kontatu du.
Bigarren liburua Durangoko Azokarako ateratzea aurreikusten dute, ‘Martin Martina sorginen batzarra’ izenburupean, eta hirugarrena, berriz, 2025eko udaberrian, ‘Martin Martina gauekoak’ izenekoa.