Ane Zubeldia hondarribiarrak jasoko du XXVII. Igartza literatura sorkuntzarako beka. Gaur goizean Donostiako Elkar dendan egindako agerraldian eman dute jakitera hasi berri diren idazleei sorkuntza garatzeko aukera ematen dien beka nori dagokion.
Zubeldia bere izen artistikoa da, amonaren abizena hartuta. «Aldarrikapen bezala. Nire bi amonak idazten aritzen zirelako. Lourdes Zubeldia idazlea zen, nahiz eta bere burua horrela izendatu ez arren. Baina ezin izan zuen bere ibilbidea garatu. Bere abizena aldarrikatzea garrantzitsua da», azaldu du.
Itzultzaile eta abeslari gisa bidea ere egin du aurretik, Lurra musika taldean. Eta azken urteetan Mejillon Tigre kolektiboa osatu zuen Eider Perezekin, hitz esaneko estiloan. «Jendeari literatura helarazteko modu berri bat bilatu nahi genuen eta pozik gaude».
Orain, sortzaile gisa garatzeko aukera izango du. «Idaztea asko gustatzen zait txikitatik. Azken urteetan idazten egon naiz baina ez modu sortzailean. Ane Garcia izenarekin musikari gisa, itzulpenak egiten, dantzan. Baina literatura izan da txikitatik niretzat kuttuna», adierazi du herriko jaiak pasa berritan izaten den ahots horrekin.
Beka ‘Datorren udan ez gara hemen biziko’ lana egiteko eman diote. Beraz zer izango oten den galdetua «oraindik osatu ez duzun zerbaitetaz hitz egitea arraroa» dela adierazi du gipuzkoarrak. Momentuz, «susmoak» dituela gaineratuz. «Ipuin bilduma bat izango da. Izenburua bera ere behin-behinekoa da. Ez dut normalean prosa idazten, baina pare bat istorio etorri zitzaizkidan burura. Ez daukate haien artean zerikusirik, baina nahi nuen liburu oso sensorial bat egin, ukimenean eta abar asko zentratuko zena. Ez nuen gogorik zerbait diskursiboki esplizitua izango zena idazteko. Ipuin bakoitzarentzat gai ardatz bat dago baino ez dut esplizituki azaltzen. Heriotza izan daiteke gaia baina ez da esplizituki azaltzen», adierazi du.
Idazle gazteen sostengua
Musikatik literaturara egindako salto horretan, konparazioak egin ditu Zubeldiak. «Musika ezin da bakarrik egin. Eta literatura bakarrik egin behar den zerbait da. Baina literaturak lagun pila eman dizkit, lotura estu pila jende askorekin. Kolektibite hori sentitzea garrantzitsua da, ez baita erreza baldintzak eta denbora topatzea». Horregatik eskerrak eman nahi izan dizkie beka posible egiten duten Elkar argitaletxeari, Beasaingo Udalari eta CAF enpresari.
Itzulpenaren mundutik iritsi da literaturara hondarribiarra. «Biak dira sorkuntza, gaitasun sortzailea erabili behar duzulako itzultzeko. Niretzat itzulpena jolas bat da, puzle moduko bat askatu behar duzuna. Zorroztasun askoz gehiago idatzi behar duzu, lan orijinalarekin zor hori duzulako». Eta itzulpengintza aldarrikatu du. «Oso erabilgarria da idatzi nahi duen norbaitentzat, sekulako eskola izan da niretzat».
Beka irabazleen zerrenda bere burua ikusteak poza sortzen dio Zubeldiari. «Hor agertzen diren izen asko euskal literaturako izen garrantzitsuak daude eta nire burua hor ikustea gustoko dut». Hala ere, idazle gazteek behar duten sostenguan jarri du berriz ikusmira. «Gazte askok idazten dugu baina sostengua falta da».
Beasaingo Udala eta CAF, laguntzaile
Idazlearekin eta Elkar argitaletxeko ordezkariarekin batera, beka posible egiten duten Beasaingo Udala eta CAF enpresa izan dira. Mariola Pascual zinegotziak sari hau «urtez urte kultura eta hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko aUkera paregabe» gisa definitu du. Zentzu horretan CAF eta Elkarrekin duten «lankidetza sendoa eta oparoa» nabarmendu du, «euskara eta literaturaren alde egindako lanagatik, euskal sorkuntza sustatzeko».
Bianditz Iraola CAFeko euskara arduradunak, aldiz, «horrelako proiektu batean bidelagun izatea ohore bat» dela nabarmendu. «Igartza sariarekin dugun konpromisoa sendotu dugu, 6.000 eurotik 10.000 eurora pasatuaz, borondatea erakusten du». Eta konpromiso hau «aurretik egon den kalitateagatik eta etorkizunean egongo denagatik» dela azpimarratu.