Eider Rodriguez Martin idazlea hautatu du Euskarazko Literatura Sorkuntzako Xabier Lete bekako adituen batzordeak, ‘Istripu baten kronologia’ proiektuagatik. Bekaren helburua da euskarazko literatura-proiektu bat sortzeko urtebeteko erabateko dedikazioa erraztea, 70.000 eurorekin. Lakuako Gobernuak eta BBVA Fundazioak ematen dute eta lehen edizioa du aurtengoa.
Adituen batzordearen aktak azpimarratzen duenez, «istripu baten testu kronologikoak unibertsitate irakasle bat du protagonista. Tramak gertakari pertsonalak eta kolektiboak, gatazka pertsonalak eta sozialak uztartzen ditu. Esan daiteke sakoneko gai nagusiak indarkeria eta identitatea direla. Gure gizartean urratuta eta konpondu gabe geratu diren eta arrakalak utzi ditzuten gaiak agertzen dira».
«Narratiba errealista baten bidez, erakutsi egiten da kontatu ordez. Kontakizunaren indar iradokitzailea nabarmena da eta, horregatik, deskribapenek balio metaforiko handia hartzen dute eta elkarrizketek pertsonaie izaera islatzen dute. Pertsonaia nagusiaz gain agertzen diren pertsonaien multzoa konplexua da, eta idazleak pertsonaien psikologian sakonduko duela suma daiteke. Azkenik, estiloa zuzena eta hotza da lehen begiratuan, baina, aldi berean, poetikoa, musikaltasunera hurbiltzen dena», gaineratu dute adituek.
Bere fikziozko lehen eleberriari ekiteko erabili nahi du Rodriguezek Xabier Lete beka. «Agian hori da proiektuaren gauzarik berriena niretzat, orain arte ipuinak idatzi izan baititut beti, eta fikziozkoa ez den eleberri bat. Bestela, aurreko lanen antzekoa izango da eta hizkuntza laua erabiliko dut».
Dena dela, gaineratu du sinbolo batzuk erabiltzeko ideiak erakartzen duela, «hala nola glaziar baten figura, elementu estatikoa, isila, baina ulertzen denean burrunba eragiten duena; eta zu ezin zara urrundu, ezin diozu utzi nola erortzen den begiratzeari». Irudi horren unibertsitateko emakume irakasle baten istorioa kontatzen lagunduko dio. Irakasleak bizitza egonkorra du itxuraz, baina uko egin die bere ametsei, lasaitasun ekonomikoaren truke. Trafiko-istripu batek bizitza hondatuko dio.
Eta hori guztia ETAren amaieraren ondorengo testuinguruan: «Egia interesatzen zait gai nagusi gisa, baina baita trauma, indarkeria, mina, leialtasuna eta leinua (euskal identitatearen zentzuan) ere. Izan ere, egoera aldatu egin da, baina alderdi ugariri buruz hitz egin beharra dago oraindik».