NAIZ
Donostia

Frankismoaren biktimak oroitu ditu Donostiak; Polloeko gurutzea eraisteko eskatu du EH Bilduk

Tropa faxistak Donostiara sartu zirela 88 urte betetzen diren honetan, frankismoaren biktimak oroitu ditu Udalak Gipuzkoako hiriburuan. EH Bilduk Polloeko gurutze frankista eraisteko eskatu du.

‘Dual’ eskulturan egin diete omenaldia frankismoaren biktima donostiarrei.
‘Dual’ eskulturan egin diete omenaldia frankismoaren biktima donostiarrei. (@ehbildudonostia)

Frankismoaren biktima donostiarrak oroitzeko ekitaldia egin dute ostiral honetan udaletxe ondoan dagoen ‘Dual’ eskulturan, tropa faxistak hirian sartu zireneko 88. urteurrenean. 

Donostiako Oroimen Historikoaren Eguneko ekitaldiak eguerdian hasi dira, Txistularien Bandaren emanaldiarekin, udal korporazio guztia bertan zela, Eneko Goia alkatea buruan eta talde politiko guztietako ordezkariekin. Hainbat biktimaren senideak eta memoriaren alde lan egiten duten elkarteak ere bertan izan dira, Gipuzkoako Aldundiko Giza Eskubideen zuzendari Ion Gambrarekin batera.

Ondoren, agintari eta omenaldian parte hartu duten gainerako pertsonek loreak ezarri dituzte banan-banan ‘Dual’ eskulturaren zuloetan.

Alkateak Donostian bizi izan zen eta 40 urteko diktadurari hasiera eman zion gertaera «gogor eta larri» hura ahanzturan gera ez dadin oroitzen jarraitzeko beharra nabarmendu du.

Polloeko gurutze frankista eraitsi

EH Bilduk, bere aldetik, Polloen dagoen gurutze frankista eraitsi eta bertan faxistekin batera lurperatu zituzten frankismoaren biktimak bilatu eta identifikatzeko lanekin jarraitzeko eskatu die erakundeei.

Ohar batean adierazi duenez, Oroimen Historikoaren Eguna «aukera aproposa da hirian oraindik auzi honetan egiteke dauden lanak eta betebeharrak oroitzeko, Polloeko hilerrian dagoen ‘Martirien mausoleo’ frankistaren eraistea eta bertan lurperatuak dauden miliziano antifaxisten bilaketa eta identifikazioa, kasu».

Horregatik bat egin du Gipuzkoako CNT sindikatuaren ekimenarekin, Udalean erregistratu baitu ostiral honetan gurutze frankista eraisteko eskaera ofiziala.

Gogoratu duenez, eskaera hori «ez da berria» eta Donostiako hainbat historialarik egindako ikerketari jarraipena ematea eskatu zion EH Bilduk 2022an udal Gobernuari, «bertan dauden gorpuzkiak identifikatu ahal izateko». Lakuari, berriz, mausoleoa eraisteko galdegin zion.

«Eusko Jaurlaritzari, Gogora Institutuari zehazki, ez diogu ezer eskatzen berak Madrilgo Gobernuari El Valle de los Caidos-en inguruan eskatu ez dionik. Hau da, mausoleoa eraitsi behar da eta baliabide guztiak erabili behar dira hobian dauden pertsonen nortasuna ezagutzeko, faxistekin batera hilobiratuta».

Koalizio independentistaren iritziz, izan ere, «beharrezkoa da ikur frankista hori desagerraraztea».

«Ez gara konformatzen lekuari ‘zentzu berri bat’ emateko asmoarekin, eta Memoria Demokratikoaren Legeak jasotzen duenez, gurutzean zegoen plaka ez ezik [2022an erretiratua], gurutzea bera ere eraitsi behar da», aldarrikatu du.