Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Ustekabean itzultzen den maitasuna

‘SIDONIE EN JAPÓN’
Estatu frantziarra, 2023. 112’. Jat. Izenb.:Sidonie au Japon’. Zuzen.: Élise Girard. Gidoia: Maud Ameline, Élise Girard, Sophie Fillières. Akt.: Isabelle Huppert, Tsuyoshi Ihara, August Diehl. Argazk.: Céline Bozon. Musika: Gérard Massin.

Isabelle Huppert Sidonie-ren rola jokatzen du
Isabelle Huppert Sidonie-ren rola jokatzen du (10:15! Productions,)

Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdiko Giornate degli Autori sailean estreinatutako drama erromantikoa da, eta Isabelle Huppert ezaguna du protagonista. Sidonie-ren rola jokatuko du, senarraren heriotzak lur jota utzi duen idazle frantziarra. Japoniara joango da bere best-seller berria aurkeztera. Editore japoniarrarekin herrialdeko xarma eta misterioak ezagutu arren, Sidonie galduta sentitzen da, noraezean. Aspaldi desagertutako senarraren mamua bisitatzen hasten denean gauzak okertu egingo dira.

Japoniako paisaia, arkitektura eta kultura filmaren bizkarrezurra izango dira; protagonista bere bizitzaren norabideari buruzko hausnarketa egitera bultzatuko duten elementuak.

«2013an Japonia deskubritu nuenean sentitu nuen sentsazioetatik jaio zen film hau. Gidoia idazten hasi bezain pronto, Isabelle Huppert aktorean pentsatu nuen, eta Sidonie izena aukeratu nuen, japonierarekin duen kontsonantziagatik, baina baita Coletteri egindako omenaldi gisa ere, bereziki maite dudan idazlea delako», dio Élise Girard filmaren zuzendariak.

«Film-bidaia honen bidez, doluari, berpizkundeari eta ustekabean itzultzen den maitasunari buruz hitz egin nahi nuen. Frantzia eta Japonia gorpuztu litzaketen bi pertsonaien topaketa erakusten du. Hurbila eta arrotza sentitzen dudan herrialde batekiko maitasun adierazpen bat ere bada filma. Bi elementuen artean etengabeko erreferentziak daude, eta, nire ustez, horrek egiten du Japonia herrialde oso aproposa zinemarako», gehitu du.