Asiatik Istanbulera (Europan) ibiltzen gurutzatu da Jaan Roose estoniarra. Baina balentria hau ez du edonola bete. Lurretik 165 metrora jarritako hari batetik igaro da kontinente batetik bestera 31 urteko funanbulista.
Horrekin, Roose Asiako kontinentetik Europara soka batean ibiltzen pasa den munduko lehenengo pertsona bihurtu da.
Zehazki, Turkiako Istanbul hiriaren asiar zatia europar zatiarekin elkartzen duen Bosforoko Zubiaren gainetik jarrita zegoen soka, zutoinetan lotuta. Izen bera duen ibaia gurutzatzeko egunero erabiltzen den zubi eseki hau 1.090 metroko luzera du eta Jaan Roosek erabilitako soka 1.074 metrokoa zen.
Istanbulen zirrara sortu duen ekintza egiteko 47 minutu baino ez zituen behar izan gazte estoniarrak. Bukatzerakoan, egindakoak esan nahi zuena azpimarratuz, honakoa nabarmendu zuen: «Bi kontinente lotzeaz gain, Bosforoak duela milaka urteko esanahi historiko eta kulturala du». Gainera, goitik antzeman ahal izan zuen «edertasun natural sinestezina» aipatu zuen aitzindari izan den kirolariak.
Nazioartean ere arreta handia piztu du Roosek egindakoak. Mundu osoko zaleek eta jarraitzaileek zuzenean ikusi ahal izan zuten bere bidaia Red Bullen hainbat kanaletatik, baita aurretiko prestaketa zehatza erakusten zuten irudiak ere.