Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Homosexualitatea eta landa eremua landu ditu Hasier Larretxeak liburu «hibrido» batean

‘Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da’ liburua argitaratu berri du Hasier Larretxeak Alberdania argitaletxearekin. Iraganari begiratzen dio, landa eremuari, homosexualitateari, familiari eta katolizismoari; eta egungo hausnarketak tartekatzen ditu oroitzapenetatik abiatutako testuekin.

Hasier Larretxea idazlea, liburu berria eskuan duela.
Hasier Larretxea idazlea, liburu berria eskuan duela. (Gorka Rubio | FOKU)

«Memoriatik barrena idatzitakoak» jasotzen ditu Hasier Larretxearen lan berriak, ‘Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da’ liburuak. Alberdaniarekin kaleratu du, eta argitaletxeak saiakera liburu bezala definitu badu ere «hibridazioa» dela nabarmendu du berak. Ez-fikziozkoa dela argitu du Donostian asteazken honetan egindako aurkezpenean, liburu autobiografiko bat dela, eta narrazioak dauden arren, testu poetikoak ere badaudela.

Azaleko argazkiak laburbildu dezake Larretxearen ustez, liburuak kontatzen duen sentsazioa, Zuri Negrinena da azala, idazlearen argazki batetik abiatuta sortua: «Hasier txiki hura, Baztango Arraioz herriko amatxiren etxe aitzineko mutikotxo hori agertaraztea Zuri, nire senarraren hautua izan zen. Nahiko keinu arraroa egiten dabil, eta beharbada deseroso zen une horretan, nahiz eta haurtzaro biziki alaia izan zuen. Argi ilunak sortuko ziren gero». Landa eremua, homosexualitatea, katolizismoa, familiaren aitortza, eta beste hainbat hari txirikordatu izan baitira idazlearen bizitzan, eta orain, «itzuleraren begiradatik» horien inguruan idatzi du.

2020ko etxeratze agindua izan zen mugarria Larretxeak liburua ondu zezan. Liburuko testu autobiografiko gehienak idatziak zituen jada, baina etxeratze agindua zein garai horiek garrantzitsuak izan ziren idazlearentzat «denbora eta elementuen ikusmira anplifikatu» baitziren.

Iraganari begiratzeaz gain, orainaldiren inguruan hausnartzeko tartea ere hartu du Larretxeak: «Madrilgo gentrifikazioa –egun bertan bizi da–, antsietatea, lan esparruko prekaritatea, idazketari buruzko hausnarketak, musika… biziki presente daude. Ez bakarrik iraganari atxikitzeko, oraina eraikitzea ere garrantzitsua iruditzen baitzait».

Gai eta hari asko lantzen ditu liburuak, mota ezberdineko testuak jasotzen ditu liburuak, baina aurkezpenean idazleak «mami sakona» aitari eta familiari eskainitakoa dela kontatu du. Aurkezpenean kontatu du Patxi Larretxea dela bere aita, herri kirolen munduan ezaguna, eta saiatu arren, semea inguru horretara lotzerik lortu ez zuena. Azaldu du «bere gisako gizona egiteko» saiakerak egin zituela aitak, baina idazleak berak, ez zuela gustuko erreferentziarik aurkitzen aitarengan.

Aitak ere «profil bat» bete duela garaiko Euskal Herrian aitortu du Larretxeak, eta egun beste ikuspegi batetik begiratzen diola. Gainera, azken urteetan gurasoekin eta senarrarekin batera ‘Itzulerako bideak/Caminos de retorno’ emanaldi performatiboa egin du. Bertan, herri kirolak, herriko elementuak eta doinu elektroniko minimalistak nahasten zituzten. Emanaldi horren aitzakian asko hitz egin izan dutela kontatu du eta «iraganeko isiltasunak ixteko» sendagarri bat izan dela. Oraingoan, aitarekin batera egin nahi ditu liburu aurkezpenak: «Liburuak nire ikuspegia jasotzen du, eta aitari ere berea kontatzeko lekua egin nahi nion». Urteetan «talkan» egon ostean, orain, sarritan aitarengan aurkitzen duela bere gurua aitortu du. Aita semeak entzuteko lehen aukera urriaren 13an izango da Elizondoko Txokoto ostatuan.

Erreferenteen garrantzia

Homosexualitateaz eta katolizismoaz ere mintzatu da Larretxea aurkezpenean; eta beretzat, landa eremuan oso garrantzitsua izan zen zendutako lagun bat gogoratu du, Iñaki Lareo. «Landa eremuan 90. hamarkadako garai horiek akordura ekarri nahi ditut, nolatan landa eremuan niretzat erreferente bat zen eta ni ere deseroso sentitzen nintzen bere ondoan, ez beregatik, baizik eta nire prozesu propioagatik. Luma, generoen kuestionamendua, euskal identitatea oso presente zegoen festetara joaten ginenean eta zer suposatzen zuen horrek…».

Haurtzaroan eta nerabezaroan «zenbat langa iragan» behar izan dituzten ere kontatzen du Larretxeak lan berrian, eta garaian oso estua izandako laguntasun harremanak ere bidean geratzen direla azaldu du: «Batzuetan, aitzinera egiteko pertsona batzuk bidean geratzen dira».  Eta hala ere, oso kuttunak izan dituela bizi guztian pertsona horiek, Lareo da horietako bat.

Literaturaren eta sorkuntzaren inguruan ere hausnartu du idazleak, horiek orainaldiko testuak direla zehaztu du aurkezpenan. «Zer espero da gugandik?» galderari tiraka idatzi ditu zenbait testu, eta bere ibilbide literarioaren «argi-ilunak» ere jaso ditu liburuan.

Errealitatea ezberdinak bilatzen dituen irakurlearentzat «biziki interesgarria» izan daitekeela aitortu du: «Uste dut bere baitako edo inguruko leiho bat irekitzeko balio dezakela»