NAIZ

Pasaiako alkate izandako Roberto Lopez de Etxezarreta hil da

Pasaiako alkate izandako Roberto Lopez de Etxezarreta Murgiondo hil berri da, 90 urte zituelarik. 1983 eta 1987 urteen artean izan zen alkate. Pasaiako Udalak herriaren alde egindako lana nabarmendu du adierazpen batean.

Roberto Lopez de Etxezarreta kazetariei hizketan Madrilen 18/98 makrosumarioko epaiketa salatzeko.
Roberto Lopez de Etxezarreta kazetariei hizketan Madrilen 18/98 makrosumarioko epaiketa salatzeko. (Andoni CANELLADA | FOKU)

1983 eta 1987 urteen artean Pasaiako alkate izandako Roberto Lopez de Etxezarreta Murgiondo hil berri da 90 urte zituelarik.

Pasaiako Udalak adierazpena plazaratu du, doluminak adierazi eta Lopez de Etxezarretak alkate bezala egindako lana azpimarratzeko.

«Bere bizitza eta ibilbide politikoa Pasaiako komunitatearen zerbitzura egon dira, eta horregatik beti izango dugu bere ekarpena gure memorain. Lerro hauen bitartez, Pasaiako Udalaren eta bere Udalbatzaren izenean, familia, lagun eta gertukoei gure doluminak adierazi nahi dizkiegu. Lurrak goxo har zaitzala Roberto», nabarmentzen du Pasaiako Udalaren adierazpenak.

Lopez de Etxezarretaren omenez, Pasaiako lau barrutietako eraikin publikoetako banderak haga-erdira jarriko dira eta hilaren 24ean egingo den udalbatzan minutu bateko isilunea egingo da.

EAJren zerrendan hautatu zuten alkate Lopez de Etxezarreta. Ondoren, EAko kide izan da, eta azken urteotan EH Bilduren jardueretan parte hartu izan du. Honekin batera, 18/98 makrosumarioan auziperatuen aldeko elkartasuna ekitadietan aritu zen.

Sare sozialetan Lopez de Etxezarretaren ibilbidea gogoratu eta doluminak adierazi dituzte gertukoek.