NAIZ
Beasain

Oriaren uholdeetatik babesteko lanak bukatu dituzte Beasaingo Ezkiaga auzoan

URAk Oria ibaia uholdeetatik babesteko lanak amaitu ditu Beasaingo Ezkiaga auzoan, ibaiaren 300 metroan zehar, CAFen parean dagoen ibai-tarte batean. 7,8 milioi euroko inbertsio publikoa behar izan da eta uholdeek eragindako kalteak batez beste 900.000 euro urtean gutxituko direla aurreikusten da.

Beasaingo Ezkiaga auzoan URA agentziak Oria ibaiaren uholdeetatik babesteko egindako lanei amaierako bisita.
Beasaingo Ezkiaga auzoan URA agentziak Oria ibaiaren uholdeetatik babesteko egindako lanei amaierako bisita. (Gorka RUBIO | FOKU)

Uraren Euskal Agentziak Oria ibaia uholdeetatik babesteko lanak amaitu ditu Beasaingo Ezkiaga auzoan. 7,8 milioi euroko inbertsio publikoa behar izan da eta uholdeek eragindako kalteak batez beste 900.000 euro urtean gutxituko direla aurreikusten da.

Hain zuzen ere, Oria ibaiaren ibilguaren gaineko bi zubi eratsi eta ordezkatu dira ibaiaren 300 metroan zehar, CAFen parean dagoen ibai-tarte batean, ibilguaren eta Jose Migel Iturrioz kalearen arteko lau eraikin eraitsi, eta ibilguaren ezkerreko ertza atzerarazi da.

CAF lantegiaren eta Beasainen garapena zuzenean baldintzatzen zuen soluzio hidraulikoa ezagutzeko bisita egin dute ostegun honetan Lakuako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu eta URAko presidente Mikel Jauregik, Beasaingo alkate Leire Artolak eta CAFeko kontseilari ordezkari Javier Martinez Ojinagak.

Jauregik adierazi du URAk egindako obra «proiektu hidraulikoa baino askoz gehiago» dela, «askoz haratago» doala eta «hirigintza eraldatzeko aukera bat» ere badela. Bere hitzetan, jarduerari esker «beasaindarren eta jarduera ekonomikoaren segurtasuna bermatzen da, eta segurtasun maila nabarmen handitu dugu Beasaingo hirigunetik igarotzen den Oriaren ur goraldiek eragindako uholde arriskuaren aurrean».

Sailburuak URAren, Beasaingo Udalaren eta CAFen arteko «lankidetza eta ahalegin partekatua» eskertu du, «jarduera konplexu bati arrakastaz ekiteko aukera eman duelako».

Era berean, Artolak nabarmendu duenez, «Ezkiaga auzoarentzat aurrerapausoa izan da, zalantzarik gabe pertsonak helburu dituen proiektua izan delako, herritarren eta auzotarren segurtasuna, ongizatea eta bizi kalitatea hobetu eta aukera berriak ahalbidetuko dituena».

«Espazio hau pertsonen beharretara egokitu da ibilbidea hobetuz ibaiertz guztian. Honela bada, gune berritua aisialdirako erakargarriagoa bihurtu da, eta balio erantsia emango dio eremu zein auzo osoari. Datozen hilabeteetan, zuhaitzen landaketa eta ibaira hondakinak ez erortzeko zokaloa jartzea besterik ez dira falta», azaldu du.

Obrei esker, 1.250 beasaindar baino gehiagoren etxebizitzak T100 uraldien arriskutik kanpo geratuko direla baieztatu dute, hau da, 100 urteko errepikatze denbora edo 100 urtean behin gertatzeko probabilitatea duen uholdeen arriskutik kanpo, baita CAFen lantegia eta inguruko 120 establezimendu edo jarduera ekonomiko baino gehiago ere.

7,8 milioi

Jarduketa irail honetan amaitu da, eta 7,8 milioi euroko inbertsio publikoa behar izan da, BEZa barne. Horri esker, aurrerantzean, uholdeek eragindako kalteak gutxituko dira, batez beste 900.000 euro urtean, aurreikusi dutenez.

Egindako lanei esker, Oria ibaiaren T100eko ur goraldien emariak ibilguan egotea lortu da, eta, gainera, T500 uraldiaren ur lamina 90 cm inguru jaitsarazi da, eta horrek kalte potentzialak nabarmen murriztuko lituzke.

Jardun den CAFen eremuan, Beasaingo Uholde Arrisku Handiko Eremuaren kalte potentzialen %70 biltzen zen, eta, beraz, eremuaren uholdeak eragin ditzakeen kalteen murrizketa oso nabarmena lortu da.