Ez da ekitaldi zalea Montxo Armendariz. Ezta diskurtso amaigabeetan galtzen den horietakoa ere. Horregatik, eta gaurko egunez emozioak bor borka izango zituenaren jakitun, esan beharrekoak idatzita igo da Victoria Eugenia antzoki donostiarreko oholtzara zinemagile nafarra.
Izan ere, gaurkoa egun berezia zen Armendarizentzat, eta baita ‘Tasio’ filmaren atzean egon zen lantaldearentzat ere: 40 urte lehenago pelikula estreinatu zen jaialdi eta antzoki berean eman da euskal zineman mugarri bat markatu zuen filmaren bertsio zaharberritua. Eta ez hori bakarrik: ekitaldiaren aurretik, Armendarizek Euskadiko Filmategia Saria jaso du, bere ibilbide zinematografiko osoari aitortza egiten diona.
Eta Armendariz, umiltasunean eredu, ez da bakarrik etorri sariketara. Alboan izan ditu filmean parte hartu zuten zenbait aktore eta talde teknikoko kide, tartean Tasio gorpuztu zuen Patxi Bisquert eta Amaia Lasa, Amaia Merino, Garikoitz Mendigutxia, Elena Uriz, Isidoro Fernandez eta Paco Sagarzazu. Haien laguntzarekin zeharkatu du Armendarizek Maria Cristina hoteletik Victoria Eugenia antzokirainoko alfonbra gorria, tarteka zaleturen bat agurtzeko geldialdiak eginez, atsegin, eta haiei eskaini die baita ere saria jaso osteko eskertza ederrena: ‘Zuek gabe, ‘Tasio’ ez litzateke dena izango», ziurtatu du.
Eskertzaz eskertza
Eskertu bezain umoretsu, «banekien hau hunkigarria izango zela, lagun on donostiar batek esango lukeen moduan, une honetan panderoak ostera joateko moduan daukat pultsoa... beraz, hobe idatzita dudan txuleta ateratzea» esanez ireki du Armendarizek bere eskertza.
Emozioei eutsi eta gehiegi ez hunkitzen ahaleginduko dela adierazi ostean, Filmategiari eskaini dio lehen eskertza, filmaren zaharberritze prozesuan «erakutsi duten gogo biziagatik», eta Zinemaldiari bigarrena, Klasikoak atala irekitzeko ‘Tasio’ hautatzeagatik: «Ohore bat da hemen egotea. ‘Tasio’ egin genuen guztiontzat ekitaldi hau hunkigarria da, orain jada 40 urte estreinatu zen zinema-areto eta jaialdi berean egoteak duen esanahiagatik. Horregatik, lantalde osoaren izenean autoritateei eta zuei guztioi eskertu nahi dizuegu guri lagun egitera etorri izana».
‘Tasio’ bere lehen luzemetraia izan zela ere ekarri du gogora Armendarizek: «Ez nuen zinema ikasketarik eta nahiko beldurtuta, edo agian urduri, nengoen. Beraz, ‘Tasio’ honaino iritsi izanaren merituaren zati bat, zalantzarik gabe, talde tekniko eta artistikoarena da, bilakatu dena izan zedin filmarengatik dena eman zutelako. Nire esker ona talde osoarentzat, ahazten ez diren uneak daudelako».
Filmatu zuten herrietako bizilagunak ere izan ditu gogoan, «batez ere klimatologiak edota animaliek jokaldiak egiten zizkigutenean, eta horietako une dezenten bizi izan genituen», nabarmendu du.
Zaharberritzeak izan dituen ondorioak ere ekarri nahi izan ditu gogora. Filma Canneseko eta Boloniako zinema jaialdietan emateaz gainera, filmaketa taldeko kideen Whatsapp taldea ere osatu dutela aitortu du, eta haren bidez oroitzapen gozoak partekatzen ari direla esan du, «baita ‘Tasio’-ren bigarren jaiotze onek dakarkigun poza partekatzeko ere».
Eskertzak amaituta, eta gaiz aldatuz, eskertza pertsonal batekin itxi nahi izan du bere partehartzea: «Oxala gerra guztiak amaitzea, oxala genozidio guztiak amaitzea, behingoz bakean bizitzeko aukera izan dezagun». Publikoak txalo zaparradaz erantzun dio Armendarizi, eta honek eskertuta eta asetuta utzi du oholtza, eskua bularrean eta publikoari agur eginez.
Bizi berri bat
Sari emate ekitaldiaren aurretik, Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek ‘Tasio’ zaharberritzearen arrazoiak zerrendatu ditu. Pelikula hau euskal zinemaren historiarako «funtsezkoa» dela nabarmendu du bere kalitate zinematografikoa goratu. «Filmak 40 urte betetzen zituen baina ez genuen kopia onik euskari fotokimikoan, eta kopia digitalak zaharregiak ziren: zaharregiak zeuden», ekarri du gogora, eta zaharberritze prozesuan Armendarizi eskutik helduta egin dela aipatu du, «haren irizpidea errespetatua izanik zaharberritzea izango zuelako».
Bere hitzetan, film honen zaharberritzea ezinbesteakoa da, «bizi berri bat eman eta munduan barrena erakutsia izatea merezi duelako».