Zorionekoa da Michelle, Borgoinako herrixka batean bizimodu lasaia daraman adineko emakumea. Valerie alabak Lucas biloba dakarkio oporraldiak igarotzera, baina gauzak ez dira uste bezala irtengo: ustezko ezbehar baten ondotik aurretik gaiztotuta zegoen ama-alaben arteko harremana are gehigo okertuko da. Filmak aurrera egin ahala, ustezko lasaitasunaren atzean gordetzen diren sekretuak azaleratuko dira sotilki, eta harreman toxikoen kateak norainoko segida izan dezakeen erakutsiko digu François Ozon zinemagile frantsesak. Baita familiak norberak eraikitzen dituen horiek direla ere, odoleko loturez gaindi.
Antzerki obra batetik egokitutako filma da ‘Quand vient l'automne’, landa-gunean bizi diren bi emakume oinarri dituena. Michelle da bata, eta honen lagun banaezin Marie-Claude bigarrena. «Emakumeak askotan ikusezinak dira zineman eta horregatik rol nagusiak eman dizkiet», nabarmendu du Ozonek filmaren lehen emanaldiaren osteko prentsaurrekoan, eta gidoirako oinarria benetako gertakari batetik sortu zitzaiola kontatu du: «Nire izeba batek familia bazkari bat antolatu zuen eta onddoak biltzeko ideia izan zuen. Denek erietxean bukatu zuten oso gaixorik; denek, berak izan ezik, ez baitzuen onddorik jan. Beti gustatu izan zait ideia hori, eta haur nintzenean ere ikaragarri gustatzen zitzaidan nire izena, familia osoa akabatu nahi izan zuelako», kontatu du.
Gertakari horretatik abiatuta, familia gatazkez eta isilpean gordetzen diren kontuen toxizitateaz dihardu Ozonek filmean. «Familiaz hitz egiten da, guraso eta seme-alaben artean egon daitezkeen harreman toxikoez. Bi emakume hauek arazoak dituzten euren seme-alabekin, eta niri interesatzen zitzaidan erakustea garrantzitsuena gu sortuz goazen familia hori dela, eta ez odol loturek dakartena. Michellek erabakitzen du familia berri bat sortzea, familia erdigunean jartzea», ziurtatu du.
Heriotza ere bada filmeko azpigaietako bat, eta baita Ozonen filmografiako gai errepikakorretako bat ere (hala zen orain 20 urte Zinemaldian aurkeztutako ‘Sous le sable’ filman ere). Baina, heriotza baino, berari dolua interesatzen zaiola azaldu du zinemagileak, «nola jasan dezakegun maite ditugun horien desagertzea».
Filman zehar familiako kideak elkarri informazioa ezkutatzen ikusiko ditugu, eta elipsi horiek bizi ditu ikusleak ere, zuzendariak interpretaziorako libre uzten baititu zenbait hari mutur. Zentzu horretan, familiaren barruan ematen den heriotza bat ikertzen ari den poliziaren rolaz mintzatu nahi izan du Ozonek. «Emakume poliziaren rola idaztea izugarri gustatu zitzaidan eta gustatu zait baita ere antzezleak nola egin duen bere, nahiz eta filma egin ondoren Parisko komisario batek esan zidan, zoragarria den arren, ez dela oso sinesgarria», esan du barre artean, eta gaineratu du: «Emakume honek ez du [hilketa izan denaren] frogarik, kasua itxita egonda ere itzuli egiten da susmoak dituelako eta ikusten du familia egonkor bat, haurra ondo dagoela... beraz, merezi du hori suntsitzeak?», galdegin du.
Hari mutur horiek ikuslearen interpretaziora libre uzteaz, Ozonek aitortu du baduela informazio osoa ematen den gidoiaren bertsio bat, baina ikuslearen inteligentzian sinesten duela. «Muntaiak istoria berridazteko aukera ematen dizu eta gauza batzuk ez erakustea erabaki nuen. Ikuslearen inteligentziaren aldeko apostua egin dut, ikusleak badu nahiko inteligentzia zer gertatu den jakiteko. Bizitzan, askotan gaizki interpretatzen ditugu zenbait gauza eta beharbada urteak pasata ohartzen gara ez genituela ondo ulertu. Askotan, omisioagatik sartzen dugu hanka, eta hemen ikusten da familiako kideek ez diotela elkarri dena kontatzen eta, gainera, nahiago dutela ez jakin», adierazi du.
Tabuak: adineko emakumeak eta prostituzioa
Hasieran ezkutatzen den gaietako bat da prostituzioarena, filmak aurrera egin ahala pisua hartu eta pertsonaien iraganeko loturak –eta orainaldiko gatazkak– agerian uzten dituena. «Garrantzitsua zen emakume horiek iragan bat izatea beren zailtasunak azaltzeko, seme-alabak hazteko modua ulertzeko: batek jarrera oldarkorra du amarekiko eta bestea kartzelatik atera berri da. Ama prostituta izan zuten hainbat pertsonarekin hitz egin nuen eta denek esan zidaten zaila zela, batzuk ama baztertu egiten zutela eta beste batzuk onartu edo biktima bezala ikusten dituztela, ulertzen baitute gizarteak bultzatu zituela horretara. Frantzian ez dute erretirorik gizarte segurantzan eta bizitzako azken urte horiek bizitzea oso zaila da, eta interesatzen zitzaidan hori erakustea ere», nabarmendu du.
Bi emakume horien rolak Helene Vincent (Michelle) eta Josiane Balaskok (Marie-Claude) jokatzen dituzte. Bi antzezleak Donostian izan dira baita ere, eta euren pertsonaiez hitz batzuk egin dituzte. Vincentek proposamena iritsi zitzaionean «izugarri hunkitu» zela esan du, «ez baita normala horren rol sotila eskaintzea jada gaztea ez zarenean. Oso gutxitan gertatzen da. Adin bat duzunean, ematen du ez duzula ezer kontatzeko, baina Françoisek badaki gazteekin eta adinekoekin lan egiten, bideak irekitzen ditu gu guztiontzat. Gidoia denbora luzez irakurri nuen, buruz ikasi nuen eta nire barruan sartzen joan zen, gidoiak bere egin ninduen», esan du.
Bere aldetik, Balaskok Ozonen oso zalea dela eta «zerbait idatzi du eta paper bat daukat zuretzat» esan zionean «ok» besterik ez ziola erantzun azaldu du. «Arriskatu egiten da, generoa eta estiloa aldatu ohi ditu eta Marie-Clauden pertsonaiak, adibidez, tragedia klasiko bati jarraitzen dio. Beren iragan komun hori ezagutu egiten dugu, elkarri lagundu behar diote. Françoisek ez zigun ezer argitzen, guk pertsonaiek zituzten zalantza berberak genituen», argitu du.
Azkenik, Michellen alabaren papera betetzen duen Ludivine Sagnierrek eskaini ditu hitz batzuk. Ozonekin azkenekoz orain 20 urte (‘Gouttes d'eau sur pierres brûlantes’, 2000) egin zuela lan eta pozik agertu da Sagnier, berarekin lan egitea «konplizitatea berreskuratzea» ekarri duelako. Bere pertsonaiaren konplexutasunaz ere aritu da: «Ez da enpatia sorrarazten duen pertsona. Pertsona toxikoa da, baina bere ingurunea ere toxikoa delako. Haurtzaro zaila izan zuen, bere etxea ez zen ohiko etxe bat, eta horrek gabezia asko sortu dizkio. Amarenganako haserrea horren da sendoa, ez dela barkatzeko gai. Barkatzen diegu gure gurasoei? Gure seme-alabei? Gure buruari barkatzen diogu?», galdegin du Sagnierrek.