Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Egiturazko neurriak behar ditu zinemak, ekoizpenak ikuspegi feminista izango badu

Zinemaren ekoizpena ikuspegi feminista batetik landu dute astelehen goiz honetan Tabakaleran, Zinemaldiak antolatuta. Bestalde, gaur jakinarazi dute Naia Arantzamendi eta Tamara Lucarini zinegileek eskuratu dutela ‘Una Habitación Propia’ sormen egonaldirako beka.

‘Ekoizpena ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik’ hitzaldia.
‘Ekoizpena ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik’ hitzaldia. (Jagoba Manterola | FOKU)

‘Ekoizpena ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik’ zuen izenburua astelehen goiz honetan Beli Martinez, Ines Nofuentes eta Lara Izagirre ekoizleek izandako solasaldiak. Tabakalerako Z aretoan izan da, ehun lagun ingururentzat lekua dago, eta azkar bukatu ziren sarrerak, Izagirrek ordea, argi aldarrikatu du: «Nire ustez K1en –Kursaaleko areto handian– egon beharko genuke, ezinbesteko gaia da gaur lantzen ari garena». Ez da kasualitatea ordea hitzaldiaren kokalekua, ez eta agidanez gehienak emakumeak izatea; nahiz eta hizlariek arantza bat izan solasaldi amaieran, ia guztiak zuriak eta itxuraz desgaitasunik gabekoak izatea. Zinemari nork eta nondik begiratzen dion izan dute hizketagai nagusia.

Salima Jiraren galderak erantzunez osatu dute hizketaldia, eta hiru ekoizleak ados agertu dira premisa batekin: «Bazterkeriarik gabeko espazio askeak ez dira existitzen, eraiki egiten dira». Eraikitze lanetan dabiltza hirurak, baina etengabeko oztopoak dituztela onartu dute, «ikuspegia izatea errazagoa da, eguneroko praktikak dira zailak, eta horiek dira beharrezkoak». Izan ere, Nofuentesez iritziz «sustraietan» dago patriarkatuak zeharkatzen duen ekoizpen eredua, eta hori aldatzea eguneroko lan «gogorra» da.

Oso bide pertsonal eta ezberdinek bultzatuta iritsi ziren beren ekoiztetxeak sortzera, ez zuten egungo ereduan beraientzako tokirik topatzen. «Beldurretik sortu nuen nire ekoiztetxea, iruditzen zitzaidalako inork ez zidala ekoitziko nik nahi nuena. Eta bi eredu topatu nituen gero talde barruan, batekin erosoago nintzen: lekuan bertan entseatzen genuen, hitz egin nezakeen, entzuten ninduten… baina beste jendea zegoen orduan deseroso», kontatu du Izagirrek. Eta nabarmendu du, zinema egin nahi duela, «zinema egin, baina bizitzeari utzi gabe».

«Bazterkeriarik gabeko espazio askeak ez dira existitzen, eraiki egiten dira»

Nofuentesek Latinoamerikan aurkitu zuen berari zinema egiteko gustatzen zaion eredua: «Erritmo eta denborak beste batzuk ziren, beste istorio batzuk kontatzeko nahia zegoen, ez hain hegemonikoak, nahiz eta zinemaren industria hain garatuta ez egon». Martinezek Galizian bertan eta galizieraz zinema egitea aldarrikatzen du, eta horretarako beste eredu baten alde egin: «Irakasle batek esaten zigun Hollywood ez kopiatzeko, zer da Galizia? Non gaude? Zein da gure hizkuntza? Zer erakutsi nahi diogu munduari?», kontatu du, eta galdera horiei erantzunez filmatzen ahalegintzen dela gaineratu.

Jasangarritasuna

Izagirreren ametsa KM0-ko zinema egitea da, «jasangarritasun guztiei lotuta», zehaztu du. Jasangarritasuna bere zentzurik zabalenean ulertuta; esaterako, zortzi orduko lanorduak eskuratzearen garrantzia izan dute eztabaidagai. Ekoizle euskaldunak kontatu du bere hurrengo lanak «denborarekin, motel» egin nahi dituela, eta horretarako proposamen bat bota diela bere lankideei: «Proposamen ekonomiko batetaz hitz egin dugu, egun bakoitza zenbat kobratu adostu ordez, lan guztia zenbat kobratuko duten adostu dugu. Eta denek onartu dute, agian beste formula batzuk eskainita jendea hobeto bizi daiteke, beste gauza batzuetan irabazten duelako». Gainera, errodajea bertan edota inguruan bizi direnekin egitea proposatzen du. Oztopo nagusia, ordea, alde teknikoari dagokiona da Izagirreren ustez: «Parte humanoa moldatu daiteke, baina kamara baten alokairuan dirutza joaten da, eta industria guztiak egon behar du lan egiteko modu baten alde, alokairu enpresetan ere egon beharko luke jendeak honen inguruan pentsatzen».

Zaintzaren gaiari heldu behar zaio eredua sustraietatik aldatzeko Nofuentesen ustez: «Errodajeak oso maskulinizatuta daude, eta uste dut emakumeak zaintzaz arduratzen ari direlako dela, zaintza partekatzeak errodajeetan emakume gehiago ekartzea ekarriko luke», azaldu du. Horretarako zirrikituak bilatzen dabiltza, produkzio sortzaile bezala kontratatu izan dute haurren zaintzaile bat esaterako, etengabeko oztopoekin talka egin arren, neurri batekin erraz lortu daitekeela irtenbidea gaineratu du galiziarrak: «Aski da instituzio publikoak argitaratzen duen Estatuko Aldizkari Ofizialean aurrekontuetan haurren zaintzaz arduratuko den norbaitek egon behar duela bermatzea, egin daiteke, eta minutu bat da».

«Errodajeak oso maskulinizatuta daude, eta uste dut emakumeak zaintzaz arduratzen ari direlako dela»

Legeek bultzatu ditzakete hainbat praktika Izagirreren ustez ere, eta «beharrezkotasun» horrek bideak zabaldu ditzake. Berari gertatutako adibide bat jarri du, plataforma pribatu bat bere proiektu batekin interesatu zen, informazioa bidali eta emakume batek deitu zion, erantzun zion oso istorio interesgarria zela, baina plataformako arduradun gizonezkoei ez zitzaiela gustatu. Horrek, plataforma proiektuan ez sartzea eta ondorioz finantzaketarik ez izatea ekarri zuen». Bere ustez inbertsio publikoan jarri behar da arreta.

«Hizkuntza minorizatuen kasuan ate bat irekitzen da, plataformek X proiektu hizkuntza minorizatuetan izan behar dituztelako, baina istorioa ez zaie plataformatako nagusiak diren gizonei gustatzen. Eta ahaztu egiten dira zinema aretoak emakumeek betetzen ditugula. Telebista eta diru publikoa bideratu behar dira istorio hauetara», kontatu du, eta ondorioz, emakumeek zuzendutako euskarazko zinemak bultzada handia behar duela ondorioztatu du.

Egiturazko neurriak eta eguneroko praktikak

Egiturazko aldaketak aldarrikatu dituzte, baina gaur gaurkoz taldeko kideek jokatzen duten papera ezinbestekoa dela nabarmendu dute denek. «Sortzen ari garen praktika feministek ez dute %100ean funtzionatzen, nahiz eta taldearen gehiengoa emakume feministek osatu, oso zaila da ezarritako praktiketatik aldentzea».

«Zein emakume mota sortzen ditugu? Zer egiten dute emakume horiek? Zein klase dute? Europarrak dira?» 


Hitzaldian parte hartu duten emakumeek beraiek taldekide gizonekin pedagogia egin ohi dutela adierazi dute. «Lan egin nahi dudan gizonak noa konkistatzen, gauzak beste modu batera egitea probatzera gonbidatzen, badago eredu hau babesten duen jendea ere», esan du Izagirrek. Eta jarraian hitza hartu dion Martinezen iritziz, emakumeen artean esperientziak partekatzea ezinbestekoa da, «seinalatu egin behar da, gizon batzuek abusuzko praktikak dituzte eta hau jakin behar du jendeak; niri gertatu zait baina hurrengoan besteren bati gertatzea saihestu behar dugu. Jakin dezatela pertsona horrek zer egin duen, eta ez dezatela gehiago berarekin lan egin».

«Errelatoaren aniztasuna» aldarrikatu du Martinezek, izan ere, uste du emakumeei presentzia eta ahotsa ematen ari zaiela, baina galdera bat pausatu du: «Zein emakume mota sortzen ditugu? Zer egiten dute emakume horiek? Zein klase dute? Europarrak dira? Nondik jo beharko luke zinema feministak?».