Ramon Sola

Jaione Jauregi Estatutik ateratzea baimendu du Konstituzionalak, 40 urteko jazarpenaren ostean

Jaione Jauregi Lezoko preso ohiak Gantera itzuli ahal izango du, horrela nahi izanez gero, Espainiako Entzutegi Nazionalak bere aurkako azken neurria altxatu ondoren: Estatutik ateratzea baimendu du, Auzitegi Nazionalak ezarritako kautelazko neurriak baliogabetuz.

Espainiaratzearen aurka Lezon eginiko manifestazioa, 2020. urtean
Espainiaratzearen aurka Lezon eginiko manifestazioa, 2020. urtean (Gotzon Aranburu | Foku)

1981ean gertatutako ETAren atentatu batengatik epaitzeko azken saiakera ezertan gelditu ostean (delitua preskribatuta zegoela ontzat eman baitzen), orain Auzitegi Nazionalak Jaione Jauregi lezoarrari ezarritako kautelazko neurriak bertan behera utzi dituzte. Erabakia Espainiako Entzutegi Konstituzionalak eman du, eta horrekin Estatu espainoletik ateratzeko baimena izango du nahi izanez gero, pasaportea itzuliko zaio eta.

Preskripzioaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Fiskaltzak Auzitegi Gorenean, eta hori argitu bitartean Jaione Jauregi aske utzi zuen baina zenbait neurri ezarri zizkion Auzitegi Nazionalak, horretarako inolako zilegitasunik izan gabe orain onartzen denez: Estatutik ateratzea galarazi zitzaion, pasaportea kendu zitzaion, auzitegian agertzeko agindua zuen...

Duela 40 urtetik gora jasaten duen jazarpenaren azken adierazlea izan da hau. Izan ere, duela urte asko alde egin zuen Belgika aldera eta han bizitza publikoa egin zuen denbora luzez, sukaldari lanetan profesional ezaguna bihurtuz (liburu bat edo beste ere argitaratua du, errezetak biltzen dituena).

Honi guztiari ez-ikusiarena eginez, azken urteotan Auzitegi Nazionalak zenbait euroagindu aurkeztu ditu Jauregiren aurka, Madrilera ekarri eta bertan epaitu nahian, eta azkenean espainiaratua izatea lortu zuen, 2020. urtean hain zuzen ere.

Hortik 2023ko azarora arte, Jaione Jauregi hiru urtez preso izan zuten Madrilen, Alcalako kartzelan, epaitzeko aukera guztiak agortzen zituzten bitarten. Baina leporatu nahi zioten azken atentatuari dagokionez, bere kontrako frogarik ez izateaz gain, preskribatuta zegoela onartu zuen azkenik Auzitegi Nazionalak.

Aho batez

Geroztik, hamar hilabete hauetan Euskal Herrian bizi izan da Jaione Jauregi, betiere kautelazko neurri horiek tarteko nahi duen tokira bidaiatzeko ahalmena murriztuta. Afera Konstituzionalera heldu delarik, neurri horiek bertan behera utzi behar direla onartua izan da, Maria Luisa Balaguer epaileak aurkeztutako txostena onetsita. Aho batez hartu dute erabakia, gainera.

Jaione Jauregik 66 urte ditu jada eta bizitzaren bi herenak jazarpen honen menpe igaro zaizkio: lehenik Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes, hortik Mexikora, 17 urtez egon da Belgikan, eta Estatu horretan zein espainolean preso izan dute. Azkeneko hiru urteak, gainera, era prebentiboan, inolako epaiketarik egin gabe.