«Aktore bezala txiripaz ari naizenaren sentsazioa dut eta harrigarria da oraindik jarraitzea»
Pozik hartu du Elena Iruretak Zinemira Saria, nahiz ez den fokupean egon zalea. Astearte honetan jaso du garaikurra. Pantaila handian zein txikian eta antzerkian egindako ibilbide luzea eskertu nahi diote EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek.
Elena Iruretak (Zumaia, 1955) ez du aurkezpen handirik behar. Hamarkada luzez ikusi dugu telebistan zein zineman. Antzerkian gutxiago.
‘Bi eta bat’, ‘Jaun ta jabe‘ eta ‘Martin’ telesailetan parte hartu zuen. Madril aldean ‘El comisario’ telesailak egin zuen ezagun. Pantaila handian Jose Mari Zabalaren ‘Axut’ (1975) lan esperimental ezagunean egin zuen lan. Ondoren, euskal zinemaren garapenean presentzia nabarmena izan zuen ‘Albaniaren konkista’ (1983) lanetik aurrera, nahiz eta bere lanik garrantzitsuenak Juanma Bajo Ulloa, Julio Medem eta Iciar Bollainen aginduetara egin zituen. Dena den, Asier Altunak eta Telmo Esnalek markatu dute bere ibilbide zinematografikoa. Nola ahaztu ‘Aupa Etxebeste!’ (2005) eta ‘Agur Etxebeste!’ (2019), bere neurrira egindako paperean.
Zineman, telebistan zein antzerkian egindako bidearen eskerronez astearte honetan jasoko du EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteen eskutik. Ezustean hartu zuen deia. «‘Jose Luis Rebordinosek zurekin hitz egin nahi du’, esan zidaten telefonoaz bestaldean. ‘Ekitaldiren batean zerbait egitea nahiko du’, pentsatu nuen. Bera jarri zenean eta Zinemira Saria emango zidatela esan zidanean ‘Ui, ze sorpresa!’, erantzun nion. Inoiz ez duzu horrelakorik espero, ez duzu pentsatzen sari bat jasoko duzunik. Zergatik? Nahikoa sari bada lanean jarraitzea, zeren hain zaila da lan bat bestearekin kateatzea… Urte asko daramatzat. Eta beti daukat sentsazioa txiripaz ari naizela aktore bezala eta harrigarria da hainbeste urtean jarraitu izana», aitortu du. Arrotz ikusi du bere burua sindrome iruzurtiren eraginpean, nolabait.
Ibilbide luze eta emankorraren jabe zara. Agian ez zara kontziente?, galdetu diogu. «Ez, ez naiz kontziente. Zaharra naizela bai, eta lan asko egin dudala ere bai, baina horrez aparte errekonozimendurik… Batetik pentsatzen dut beste ofizioetan jendeak bere lana ondo egiteagatik ez daukala horrelakorik. Zinema industria da eta mugitzeko modua da. Noski, asko eskertzen da. ‘Ondo ari zara, jarraitu horrela’ esanez bizkarrean ematen dizuten animo kolpetxoa bezalakoa da».
Eguna polita izango da, nahiz Irureta ez den esposizioaren zale. «Ez doa nirekin. Saria jasotzera bai, joango naiz eta gustura, gainera. Baina jaialdietan festetarako gonbidapena jasotzen dudanean ez naiz inoiz joatean. Ez naiz eroso sentitzen. Beste modu batera egin izan ditugu gauzak, ez dakit».
Adeitsu hartu gaitu Elena Iruretak. Zumaian, non bestela. Jaioterria ez dauka saltzeko, ezta zumaiarrak ere. Elkarrizketa egiten ari garela etengabeak dira «Zorionak!» esanez aktorea agurtzen duten herritarrak.
Lan proiektuak galtzera iritsi da baina garbi du, bertan baino hobeto beste inon ez. «Ez dut Madrilen bizi nahi. Oso garbi izan dut beti. Serieengatik inoiz egon izan naiz baina ez dut nire burua han ikusten. Zumaian edo Donostian bizi izan naiz beti. Hemen dena askoz errazagoa egiten zait. Lagunak baditut Madrilen eta hiri handia izanik bakoitza punta batean bizi bagara zaila da kafe bat hartzeko elkartzea ere».
Maleta gora eta behera
Bizitza osoa maleta atzera-aurrera. «‘Los hijos’ obran funtzio bat egiteak bost eguneko joan-etorria suposatzen zidan niri. Madrilera joan, han gaua egin, gero konpainiako kideekin Murtziara, adibidez. Eta buelta. Horrela ezin nuen jarraitu eta utzi egin behar izan nuen. Leher eginda nengoen, nekea izugarria da», kontatu du.
‘Algo que celebrar’ seriean goizeko 4.20an bila zetozkidan egunero, denok 8.00etarako makilatuta prest izateko. Gaueko 21.00etan iristen nintzen askotan etxera. Ezin afaltzeko ezer erosi. Askotan lana astuna da. Eszenak kanpoan ziren eta neguan udaberriko jantziekin eta takoiak soinean grabatzea izugarria da. Hotz handia egiten zuen. Esperientzia okerrena bezala gogoratzen dut», esan du.
Aktoreen bizimoduaren benetako irudirik ez daukagu. «Keba!», dio. «%93ko langabezia dago Estatuan. Kristorena da. Normalean aktore batek bigarren lan bat izan behar du».
Berak ere hori pentsatuta ireki zuen Artadin Landarte landetxea. Bi hamarkadatan aritu zen bertan lanean. «Ez da erraza lana izatea eta oraindik ez dut ulertzen nola bizi naizen honetaz. Hilabete asko pasatzen dituzu proiekturik gabe eta kobratzen duzunarekin ere kontuz ibili behar duzu. Izan ere, ez dakizu hurrengo noiz gertatuko den. Eta bitartean zer egin pentsatzen beti; ezin duzu zain egon».
Agertokietara gutxiago igo da bera lanera. «Zaila egiten zait». «Aizpea Goenaga, Ane Gabarain eta Loli Astoreka oso lagunak ditut eta beraiekin bakarrik egingo nuke. Hemen eta lagunekin», esan du, garbi. Gainera, antzerkia oso gaizki ordainduta dago betidanik. Bai hemen bai Madrilen».
Hogei urterekin gauzak bestela ziren. «Zer ez genuen egiten? Poz-pozik gainera! Lehengo kamioia kargatu, iritsi, deskargatu, dena muntatu, funtzioa egin –hori gutxienekoa zen–, berriz dena desmuntatu, kargatu eta Martutenen kamioia hustu berriro. Gustura ibiltzen ginen. Eskuak zikin-zikin eginda. Kamerinorik ez eta edonon makillatzean aurpegia dena belztuta bukatzen genuen. Esperientzia oso polita da. Denetarik ikasi behar duzu. Gaur egun ez da gauza bera, 69 urte ditut».
Badira benetako aktoreak ofizioa agertoki gainean erakusten duela uste duenik. Irureta ez dator bat. «Telebistan edo zineman ere erakusten du aktoreak, interpretazioa da azken finean. Askori gustatzen zaie egunerokoa delako adrenalina. Publiko ezberdina da egunero, bestela errosarioa errezatzea bezalakoa da, testu bera behin eta berriz botaz. Eta adrenalinarekin kontuz, pasa gabe, bestela gain-aktuatuta arituko zara. Fikzioa da ondo egin behar jendeak sinetsi eta zuk ere sinesteko. ‘Gezurra’ zurea egin eta egia balitz bezala bizi behar duzu».
Zinemazalea da. Herrian bertan kontsumitzen du. «Hamabostean behin zine-foruma egiten da eta beti joaten naiz. Eta asteburuetan ere bai. Zinemaldira ere pelikula jakin bat ikustera joaten naiz baina orokorrean ez naiz asko mugitzen Zumaiatik. Baditut lagunak egunean lauzpabost filma ikusten dituztenak Zinemaldian. Nola gogoratzen duzue zer ikusi duzuen? Nik ezingo nuke!», dio barrez.
Antzerki emankizunez ere gozatzen du Zumaian. «Eskerrak eman behar dizkiot Miriam Romatet kultur teknikariari. Hilero antzerki obra bat ekartzen du. Ikusten duzu agian igande batean Bilbon antzezlan bat ikusten gero hona ekartzeko… Jende guztiak dio Zumaia ze plaza ona den etortzeko, afizioa dago eta aretoa gehienetan bete egiten da».
Lanerako zer nahiago? «Telebistan lan egitea pila bat gustatzen zait, azkarra da. Grabazio aldetik eta biziagoa da. Nola hor hasi ginen, gustukoa dut. Zinema ere bai, baina askotan luze egiten zaizkizu errodajeak. Egunean 12 ordu sartzen dituzu, eta segun ze eguraldi egiten dizun, aguantatu egin behar. Horrela da. Badakizu epe baterako dela eta aurrera egiten duzu. Zuzendariek nahi zutena lortzen badute, ez dago batere gaizki. Baina askotan gogorra da».
Idatzi ere egin izan du. ‘Ama begira zazu’ antzezlanean Kontxu Odriozolarekin batera sortu zituen esketxak. Mikel Garmendia eta Jose Ramon Soroiz zituzten taldekide. «Laburra izango zelakoan jendeari gustatu eta denbora pila bat eman genuen. furgonetarekin atzera-aurrera Euskal Herriko herriak ezagutuz», dio. ‘Hau da A.U.’ eta ‘Beni eta Marini’ telesailak ere sortu ditu Aizpea Goenagarekin.
Euskal Herrian lan gutxi
Euskal Herrian lan egiteko aukerarik baduen galdetuta, hauxe erantzuna: «Gutxi. Nik gustura egingo nuke fikziozko proiekturen bat, baina asko eta asko deitzen didate, baina beti beraien programak betetzeko da. Sukaldaritza saioa dela… Gaizki iruditzen zait ezezkoa ematea, baina ez naiz hor ikusten… ‘Zu zure lana egiten ari zara, baina hori ez da nire lana’, esaten diet. Majo-majo deitzen didaten eta askotan apuroa ematen dit ezetz esatea baina hobe dut».
«Penaz» bizi du ETB1-en egoera. «Lehen zenbat lan egin izan dugun! Ez naiz ni bakarrik, besteengan ere pentsatzen ari naiz. Hainbeste aktore dago hemen, kamerak, denetarik, lan egingo luketenak. Ze pena ez dutela fikzioa egiten! Jende askok egiten du lana EiTBn eta aurrekontua ikaragarria izango du… Ez da iritsiko denerako, baina orduan ze telebista daukagu, piztu eta pilota partidak bakarrik dituzunean. Ze telebista ari gara egiten? Ez da ETB1-en aldeko apusturik egiten».
Zinemak gurean bizi duen errealitatea jarri dugu mahai gainean. «Badaukat hurrengo urterako proiektu bat, baina nik ez nuke zinema Euskal Herrian loretzen ari dela esango. Bizkaian eta laguntzak ematen dira bertan filmaketak egiteko, kanpotik ari dira etortzen, baina ez dakit, euskaraz ez dira hainbeste estreinatzen», adierazi du.
Antzertin lehen pausuak
Antzerti Eskolako lehen promozioko kidea izan zen Irureta. Garai haietara egin dugu atzera. «Ikasle txarra nintzen. Lagun batek eta biok antzerki emanaldiak egiten genituen eskolan. Dentista batekin lan egin eta Madrilera joan nintzen Artes y Oficios ikastera. Londresen urtebete ‘au-pair’ bezala egon eta bueltan Antzertin izena eman nuen. 23-24 urte nituen eta ez nekien nondik nora jo. Hartu ninduten eta beka batekin hiru urte egin genituen. Ze ondo pasa genuen! Beti pentsatzen genuen ‘ze pena laster bukatuko dela’. Antzerki obrak egiten hasi ginen eta Txirri Mirri eta Txiritonek abenturak idaztea eskatu zigu Aizpea [Goenaga] eta bioi. Idatzi bai eta beste bi pertsonaia sartu ere bai. ‘Pantera beltza azaltzen da ikuskizunean’, esaten genuen guk. ‘Zer pantera?’, galdetzen ziguten. ‘Hori Aizpeak edo nik egingo dugu’. Haiek ontzat eman eta eurekin bira egin genuen Euskal Herrian zehar! Eskola bukatu eta jada bagenuen lana». [Barreak]
Etxekoei kosta egiten zitzaien sinestea. «Gure aitak esaten zidan ‘Egia esaidazu, ordaindu egiten dizute?’ Ezin zuen sinetsi txorakeriak egiten dirua irabaztea».
Beti izan du komediarako joera. «Grazia egiten dizu egiten duzunak eta ondo pasatzen duzu egiten. Pozgarria da. Drama tokatzen zaizunean ere bai, noski, baina beste alde batera joan behar duzu. Gustatzen zait egiten dudana eta hori loteria da. Bizi ahal izatea zuri gustatzen zaizun zerbait egiten, luxua da. Pertsonaia eraikitzea ere lan polita da. Eta ikusten duzunean jendeak gustukoa duela, edo ez –nire urduritasunak ere pasa izan ditut–. Pozgarria da komentarioak entzutea, izan ere jendearentzat egiten duzu lana. Ez nuke sekula pentsatuko jubilatuko nintzela hemen».
Karrerarekin gustura? «Batzuetan ikusten ditut gauza batzuk, hobe ez ikustea» [barreak]. Beti saiatzen zara ahalik eta ondoen egiten, baina daukazun testuaren arabera, ‘sálvese quien pueda’».
Telmo Irureta ilobak ere bere bidea jarraitu du. «Oso harro nago. Txikitan esan zidan ‘ni aktore edo abeslaria’ izango naiz. ‘Ezingo duzu’, esaten nion. Segi eta segi… lortu du. Hasieran berak monologoak idatziz. Gero zortea izan du eta baditu proiektuak esku artean. Lan asko egin du, ez da geratzen.
Betirako oroimenean iltzatuta du ‘La consagración de la primavera’ filmeko lanagatik irabazitako Goya saria berak eman zion unea. «Emozio handia sentitu nuen. Nire karrerako unerik onena izan zen saria berari ematea. Izugarria izan zen!», aitortu du begiak bustita, elkarrizketaren amaieran.