Greenpeacek, Zinemaldiaren esparruan, Lurra saria eman dio Chris Sanders zuzendari estatubatuarraren ‘The Wild Robot’ filmari, krisi klimatikoaren testuinguruan egindako diskurtso eraikitzaileagatik. Epaimahaiak nabarmendu duenez, «natura zaindu eta erabili behar ez dugun zerbait bezala agertzen da filmean» eta «edertasun handiko filma da». Lurra sariak ingurumenaren eta bakearen balioak hobekien islatzen dituen filma saritzen du.
Filmak gizartea «pentsamolde aldaketa batera gonbidatzen» duela ere jarri du balioan, «non lankidetza, eta ez lehiakortasuna, izango den gure artean eta naturarekin erlazionatzeko modua». «Chris Sandersen zintak robotaren bidez erakusten du zein garrantzitsua den gu birprogramatzea larrialdi klimatikoko une batean, non inoiz baino premiazkoagoa den bizitza eta zaintza lehenestea, ingurunea hondatzen eta suntsitzen duen etengabeko hazkundearen aurrean», amaitu du.
Epaimahaikide izan dira aurten Javier Fesser zuzendaria (‘Campeones’); Sara Salamo aktore, ekoizle eta zuzendaria (‘El favor’, ‘Todos los saben’); Anna Saura ekoizlea (‘Diario.es de la cuarentena’, ‘Cuentas Divinas’); Dario Prieto kazetaria eta Cristina Castro Marka eta Aliantza Estrategikoetako Greenpeaceko arduraduna.
Film irabazlea honako film hauekin lehiatu da: Joshua Oppenheimerren ‘The end’, Salvador Simo eta Li Jianpingen ‘Dragonkeeper’, Mariana Rondonen ‘Zafari’, Juliana Rojasen ‘Cidade;Campo’, Wu Langen ‘Yao Yuan de Xia Wu’ eta Jessica Sarlanden ‘Monólogo colectivo’.
Marina Anaya artistak diseinatu du Lurra saria.