Emakume* Abertzaleen topaketak bi urtean behin antolatzen dituzte Euskal Herriko Bilgune Feministako kide eta sarekideek. Aurten, «ariketa kolektibo bat zabaltzeko eta ilusioa piztu zein ardura zabaltzeko saiakeran» murgilduko dira azaroaren 16an, Laudion, eta izen ematea irekita dago jadanik. Gainera, izena emateko aukera zabalik egongo da azaroaren 6ra arte.
«Euskal Herrian eta munduan ditugun erronka konplexuei galderak eta erantzun posibleak bilatzeko elkartzen gara: aurreko urteetan, estrategiaren berritze gisa ulertu izan ditugu edota gai konkretu batzuetan sakontzeko aitzakia gisa», nabarmendu du astearte honetan Euskal Herriko Bilgune Feministak ohar batean.
Azaldu duenez, «dimentsio guztietan» eragin nahi dute, eta «gure lanaren dimentsioa» hedatu. «Egunerokotasunari lotutako esparruetan eta eremuz eremu intzidentzia feminista artikulatzen jarraitu. Eta hori guztia egiteko askotariko dimentsioetatik eragin nahi dugu», gehitu du.
Laudioko topaketetan, mugimendu feministaren egoeraren irakurketa elkarbanatuko da, eta, ondoren, espekulaziorako espazioa zabalduko dute. «Noraeza nagusi den honetan, etorkizun desiragarriak marrazteko ariketa egin nahi dugu, etorkizun desiragarri horiek orainaldian materialki errealak diren proposamenetan islatuta», adierazi du.
«Proposamen integralak»
Ariketa «espekulatibo» eta «kolektibo» horretan, amesten duten Euskal Herri feministara bidea marrazteko, «utopia feministak» irudikatuko dituzte, «proposamen integralak» garatzeko asmoz.
«Orotariko dimentsioetan pentsatzen jarri nahi dugu, bizitzako alor guztiak kontutan hartzeko: denbora, dirua, lana, zaintza, etxebizitza, harremanak, sinesmenak, gobernantzak, mugimenduak, sorkuntza, heziketa, osasuna, informazioa, araudiak, segurtasuna…», azpimarratu du Euskal Herriko Bilgune Feministak.
Izan ere, azaldu du «euskal feminismoak testuinguru hori aldetzeko arduraz» jardun behar duela, eta «norabide berdinean nahi dugu jardun guk ere», gaineratu du. Hala, «Euskal Herria feministaranzko bidean, nondik, nora eta nola trantsitatu nahi dugun zehazten jarraitzeko» konpromisoa berretsi nahi dute.
Egitaraua
Egun osoko egitarauarekin elkartuko dira Laudion, goizean egoeraren irakurketaren elkarbanatzearekin hasiko dena. Ondoren, «etorkizun desiragarrietan pentsatzen hasteko ekintza performatibo batean parte hartzeko aukera zabalduko da».
Bestalde, «inguruko ekoizleen bidez antolatutako bazkaria» egingo dute eta segidan lan taldeka banatuko dira ariketa espekulatiboari ekiteko.
Azkenik, iluntzean ekitaldi politikoa aurkeztuko dute, eta gauean jai giroan elkartuko dira.