Hutsuneak betetzeko beharraz
ERREPLIKA
Zuzendaria: Pello Gutierrez Peñalba. Gidoia: Pello Gutierrez Peñalba, David Aguilar Iñigo, Iñaki Sagastume Miqueleiz. Argazkia: David Aguilar Iñigo. Musika: Maite Larburu.
Nire etxeko leihotik begiratu eta Adarra mendia ikusten dut parez pare. Tontorra argi ikusten dudan arren, magalaren irudia ez dut gardentasunez ikusten, fabrika batetik irteten den keak lausotzen dit paisaia. Fabrika hori Zikuñagako paper fabrika da; Pello Gutierrezen ‘Erreplika’ lanaren epizentroa hor kokatzen da.
Oso film xumea da, txikia, baina oso gertu sentitzen den horietakoa, pertsonala eta batez ere oso zintzoa. Pelikulak tonu nahiko goibela eta malenkoniatsua du hasieran, baina kutsu optimista nagusitzen da amaieran.
1979an Zikuñagako Ama Birjina desagertu egin zen eta bertako biztanleak euren irudi ikonikorik gabe geratu ziren. Hutsune bat horma-hobian. Hutsune kolektibo bat. Hutsuneei buruzko filma baita hau. Juanmi Gutierrez zinemagilea –Pelloren aita– duela urte batzuk hil zen. Orain, denbora igaro dela, bere filmetara itzuli da eta oso pertsonala den oroimen ariketa bat egin du.
Bere aitaren hutsunea eta Zikuñagako Ama Birjinaren irudiaren desagerpena ditu abiapuntu filmak, eta irudien –eta hauen gabezien– garrantzia eta hutsuneak betetzeko beharra azpimarratzen ditu. Izenburuak –‘Erreplika’– ez dio soilik erreferentzia egiten Ama Birjinaren erreplikari, pelikulan zehar, aitaren pelikula zaharren erreplikak ere egiten ditu.
Nola erabiltzen ditugu eta zenbateko garrantzia ematen diegun irudiei? Bizitzan sortzen zaizkigun hutsuneei aurre egin, hauek bete eta aurrera egiteko beharra sentitzen al dugu une oro? Zergatik ematen diogu balio gehiago jatorrizko irudi bati, bere erreplikari baino? Hiru ideia nagusi horiek jorratuko ditu Gutierrezek eta galdera horiei erantzuna bilatu nahian –tira, erantzunak baino galdera gehiago sortzen ditu–, hainbat testigantza jaso eta hernaniarrei ahotsa eman die.
Oso film intimoa da, pertsonala, eta harrapatzen duten elementuak azaltzen dira bertan: Ama Birjinaren desagerpena, Erik Belgiarraren istorioa, Guardia Zibilak konfiskatutako Super 8 zinta edota bere aitaren heriotza bera. Osagai horiek irakurrita beharbada pentsatuko duzu ikerketa kutsua duen kazetaritza lan bat duela oinarri; inondik inora ere, kendu hori burutik, hori ez lan honen xedea. Desagerpenaren misterioaren erantzuna ez duzu bertan topatuko. Elementu horiek aitzakia besterik ez dira irudiei buruz mintzatzeko; are gehiago, uste dut pelikula bera hutsune batzuk betetzeko erreminta bat dela. Entsegu-filmiko forma duen ikus-entzunezkoa dela esango nuke.
Soinuaren erabilera nabarmena iruditu zait oso; narrazioan zehar erabiltzen diren objektu guztiak xehetasunez entzuten ditugu eta horrek tridimentsionaltasun moduko bat ematen dio lanari. Murgiltze-esperientza da.
Lana ikusi ostean argi ondorioztatu dut Ama Birjinaren irudiaren gabeziak sortu duela irudiarekiko miresmen hori, eta horrek kutsu misteriotsua eransten dio kontakizunari. Filmak badu hitzen bidez adieraztea ezinezkoa den zera bat; ez dakit atmosfera den, narrazio geldo baina itsaskorra, Maite Larbururen musika hipnotikoa ala istorioa bera; ziurrenik gauza horien guztien batura izango da. Argi dagoena zera da, nortasun berezia duen lana osatu duela Pello Gutierrezek.