NAIZ

San Fermin Txikin larunbatean gertatutako eraso homofobo «onartezina» salatu dute

Iruñeako Alde Zaharreko bizilagunek salatu dutenez, larunbatean eraso homofobo bat jazo zen San Fermin Txikin. Diotenez, zazpi gizon mutil bikote batengana hurbildu ziren «irainak eginez eta intimidatuz». «Onartezintzat» jo dute eta homofobiari aurre egitea «jendarte osoaren ardura» dela adierazi.

LGTBI Harrotasun Eguneko manifestazio bat, Iruñean.
LGTBI Harrotasun Eguneko manifestazio bat, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Larunbatean, San Fermin Txiki jaietan, eraso homofobo bat jasan zuten bi mutilek. Iruñeako Alde Zaharreko zenbait elkartek jakinarazi dutenez, zazpi gizoneko talde bat mutil bikote batengana hurbildu zen «komentario iraingarriak eginez eta hauek intimidatzeko intentzioarekin».

Salatu dutenez, «onartezina» da gertatutakoa eta babesa adierazi diete biktimei. «Nazkagarria egiten zaigu horrelako jarrerak ematea eta argi utzi nahi dugu horrelako gizonak ez direla gure auzoan ongi egorriak. Aski da!», adierazi dute ohar batean.

«Argi daukagu gure auzoa ez dagoela logika zisheteropatriarkaletik kanpo, eta bertan egunero gertatzen direla egoera zapaltzaileak», azaldu dute. «Azken hilabeteetan hainbat eraso salatu izan dira, emakumeen eta nortasun disidenteen aurkako indarkeriaren isla argia direnak», gaineratu dute.

«Nazkatuta» daudela deitoratu dute, jazarriak, erasotuak eta irainduak izan gabe «askatasunean bizitzeko eskubidea» aldarrikatuz. «Indarkeriarik gabeko auzo bat nahi dugu, eta hori errespetatzeko gai ez direnak soberan daude», esan dute.

Halaber, «diskurtso homofoboen aurrean ekitea, beste gizarte-eredu baten alde egitea jendarte osoaren ardura» dela gogorarazi dute, «libre izan gatezkeen beste jai- eta auzo-eredu baten alde».