NAIZ

Luxuzko etxebizitzen aurka atera dira kalera Donostiako Alde Zaharreko bizilagunak

Etxebizitza «merkantzia bihurtzearen» fenomenoaren aurrean, Donostiako Alde Zaharreko bizilagunek turistifikazio prozesuari mesede egiten dioten luxuzko etxebizitzen aurkako elkarretaratzea egin zuten ostegun honetan. Etxebizitza doakoa izan arte «borrokatzen jarraituko dugu», esan zuten.

Luxuzko etxebizitzen kontra Donostian egindako mobilizazioa.
Luxuzko etxebizitzen kontra Donostian egindako mobilizazioa. (ALDE ZAHARREKO GAZTEAK)

«Kapitalaren irabazi asmoak ezin direlako lege-erreformen bidez gelditu», Donostiako etxebizitza eskubidearen aldeko mugimendua indartzea «ezinbestekoa» da Alde Zaharreko bizilagunentzat. Horretarako, luxuzko etxebizitzen aurkako elkarretaratzea egin zuten ostegun arratsaldean.

Donostiak bizi duen «turistifikazio prozesu basatiaren» parte da salatu zuten fenomenoa eta horren erantzule direla uste dutenak seinalatu zituzten: «jabe handiak, rentistak, banketxe zein inbertsio funtsak, eraikuntza enpresak, enpresari zein patronalak eta hauen mesedetara jarduten diren politikari eta profesionalak».

«Hiria salerosten» ari direla zehaztu zuten, «ondare historikoa suntsituz eta donostiarron biziraupenerako oinarrizko elementuak merkantzia bihurtuz». Horren ondorioz langile klasea bere auzoetatik «kanporatuta» izaten ari dela deitoratu zuten, baita agintari politikoek horretan duten erantzukizuna.

«Ez dira gutxi urte luzez bertan bizitzen egon diren bizilagunak kanporatu, etxebizitzak erreformatu eta milioika eurotan saltzen ari diren jabeak», gehitu zuten, Elkano kaleko Harribitxi, Ijentea kaleko luxuzko etxebizitzen eraikuntza, Azora zein Blackstone funts putreak eta Telefonicako eraikinaren kasuak adibide gisa jarrita.

«Etxebizitzaren erabateko desmerkantilizazioa lortu arte etxebizitza eskubide unibertsal eta doako izan arte antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu», aldarrikatu zuten.