NAIZ
Arrasate

Pakito Arriaran omendu dute Arrasaten, El Salvadorreko Armadak hil zueneko 40. urteurrenean

‘Mundu berri bat daramagu bihotzean’ lelopean, Pakito Arriaran internazionalista arrasatearra gogoratu dute gaur herrian, Monterron parkean eginiko ekitaldi batean. 40 urte dira internazionalismoaren aldeko konpromisoaren erreferentea den Arriaran El Salvadorreko Armadak tiroz hil zuenetik.

Pakito Arriaran omentzeko ekitaldia Arrasaten.
Pakito Arriaran omentzeko ekitaldia Arrasaten. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Berrogei urte bete dira El Salvadorreko Armadak Pakito Arriaran euskal militantea hil zuenetik. Arrasaten, bere jaioterrian, omenaldi ekitaldia egin dute gaur eguerdian, Monterron parkean, ‘Mundu berri bat daramagu bihotzean’ lelopean, internazionalismoaren erreferentea den Arriaranen figura oroitzeko.

Aurreskua dantzatu dute Arriaranen irudiaren aurrean, eta  Naroa Iturrik, Bea Ilardiak, Beatriz Yarzak eta Miren Odriozolak hartu dute hitza, haien esperientzietatik arrasatearren legatua nabarmentzeko.

Iturrik gidatu du ekitaldia eta ‘Goiena’ eskualdeko atariak jaso duenez, nabarmendu du askotan ez dakigula «zer izan den internazionalismoa. Zenbat eta zenbat euskaldun egon diren munduko edozein txokotan, herri horien alde borrokan. Nik hori ikusi nuen El Salvadorren duela 15 urte: zenbat euskaldun pasa diren handik, ze gutxi dakigun haiei buruz, hango jendeak nolako maitasuna dieten, zenbat dakiten Euskal Herriaren inguruan. Bi norantzako elkartasuna da».

80ko hamarkadan beste hainbat euskal brigadista bezala, internazionalismoaren eta herrien askapenen aldeko konpromisoak eraman zuen ETAko kidea El Salvadorrera. Bertan, Fuerzas Populares de Liberación Farabundo Marti antolakunde iraultzailearen borrokarekin bat egin zuen arrasatearrak.

Hogei urte zituen Pakito Arriaranek Chalatenangoko mendietan, El Salvadorreko Armadak tiroka hil zuenean. Heriotza izan eta hilabetera heldu zen berria Euskal Herrira. Gertakarion memoria ‘Artefaktua’ sailak jaso du, eta egunari atxikitako historikoan eskainiko du.

Donostian Zuzenbide ikasketak egin zituen arrasatearra 1975. urtean atxilotu zuten Donostian. Basauriko eta Carabancheleko kartzeletatik pasatu ondoren, aske utzi zuten 1977ko Espainiako Amnistia Legearen ondorioz. Handik gutxira berriro atxilotua izan zen, eta hurrengo urteetan Hego Amerikara bidaiatu zuen, bertako askapen mugimenduekin bat eginez.